EKIALDE HURBILA  

Israel Gazatik erretiratu arren errefuxiatuen arazoa ez dela amaitu dio NBEk

Erredakzioa
2005eko urriaren 5a
00:00
Entzun
UNRWA Nazio Batuen Erakundeko Palestinako Errefuxiatuak Laguntzeko Batzordeko komisionatu Karen Abu Zaidak, aditzera eman zuenez, Gazako errefuxiatuen arazoa «ez da amaitu» israeldarrak bertatik atera arren. PAN Palestinako Aginte Nazionalak orain «erronka handia» duela gaineratu zuen: «Erronka handia da, erretiratzeak soilik esan nahi du dagoeneko ez dagoela kolonorik ez eta segurtasun indarrik Gazan. Zisjordaniarekin lotura eta mugen afera landu behar dira orain», azaldu zuen Abu Zaidek. UNRWAko buru gisa bere helburu nagusia 4,2 milioi errefuxiatu palestinarren bizi baldintzak hobetzea dela jakinarazi zuen. Orotara lau milioi errefuxiatu baino gehiago daude: 1,8 milioi Jordanian, 960.000 Gazan, beste horrenbeste Zisjordanian, 425.000 Sirian eta 4.000 Libanon.

Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek erretiratze palan iragarri zuenean ez zela harritu adierazi zuen UNRWAko buruak. «Benetan burutu zela ikusteak» harritu zuen Abu Zaid: «Uste genuen ez zuela benetan esaten edo zerbait gertatuko zela agindutakoa ez betetzeko». Hala ere, askok duten kezka ulertzen duela adierazi zuen: «Ikus dezagun zer gertatzen den orain. Zisjordaniako kokagunea handiak babestu eta eremu gehiago kontrolpean izateko bakarrik egin izana ez litzateke batere ona izango ».

Palestinar bat hil dute

Nabulusetik gertu, bestalde, soldadu israeldarrek emakume palestinar bat hil zuten atzo, ustez honek soldadu bati eraso egin ostean. Armadako kide batek azaldu zuenez, militarrek emakumea lurrera bota zuten honek laban batekin soldadu bat zauritu ondoren. Lurretik altxa eta bigarren aldiz erasotzen saiatu zenean soldaduen hanketara tiro egin ziotela argitu zuen. Lekuko palestinar baten arabera, aldiz, emakumea jo egin zuten lurrean zegoen bitartean: «Emakumea zutitzen saiatu zen segituan. Orduan, tiroka hasi eta hil egin zuten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.