Gassan Khatib (Nabuls, 1954) PAN Palestinako Aginte Nazionaleko eleduna da. Lan ministro izan zen 2002an, eta Plangintzakoa 2005ean. Washingtonen 1991tik 1993ra izan ziren bake negoziazioetan parte hartu zuen.
Bakea lor liteke, beste aldean Israel egonik?
Arabiar Ligak ontzat eman du AEBei aukera bat ematea, haiek eskatu zuten bezala, Israel konbentzitu dezaten kokaguneen hedapena gelditzeko eta azken estatusaren inguruko gaiak serio hartzeko. Palestinarrok argi ikusten dugu ez dela inolako prozesurik izango palestinarrak eta israeldarrak bakarrik utziz gero.
Baina AEBak saiatu dira Israel berriro negoziatzen has zedin, baita pizgarriak eskaini ere, alfer-alferrik.
Ez gaude oso pozik estatubatuarrekin; izan ere, negoziazioa nola edo hala izan dadin saiatzen ari dira, eta garrantzitsuena ez da azala, baizik eta mamia. Israel ez da serio jokatzen ari bakea lortzeko bidean, eta hori da arazoa. Israel zuzen joka dezan konbentzitzeko ez da pizgarririk erabili behar, baizik eta zigorrak eta presioa. Nazioarteko komunitateak erantzukizunaren kontzeptua sartu behar du Israelekiko harremanetan; munduko herrialdeek argi utzi behar diote kokaguneak hedatzen segitzeak ondorio txarrak ekarriko dizkiola bere harremanetan. Horrela lortuko da Israelek serioago jokatzea.
Ba al dago epe jakinik AEBek aukera hori balia dezaten?
AEBek negoziazioetan parte hartzeko gonbita egin zigutenean, negoziazioei epe jakin bat jartzeko eskatu genien. Urtebeteko epea jarri zen, eta 2011ko abuztuan bukatuko da. Laukoteak eta Europako Batasuneko Atzerri ministroek ontzat eman zuten. Ordurako bete beharko da Fayyad plana ere, etorkizuneko estatuaren erakundeak prestatzeko erabiltzen ari den plana. Horregatik guztiagatik, uste dut AEBek ahaleginak egingo dituztela negoziazioei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko uda heldu baino lehen.
Zer gertatuko da abuztua iritsi eta negoziazioetan aurrera egin ez bada?
Hori gertatzen bada, Israel izango da erantzulea. Espero dugu nazioarteko komunitateak modu esplizituan hitzartzea bere gain hartzen duela okupazioa bukatzeko erantzukizuna eta, era berean, estatu palestinar bat sortzeko bidea zabaltzea, horretarako Nazio Batuen ebazpen batean onartuz estatu palestinar independente bat, 67ko mugetan. Hori lortzeko, Palestinako Aginteak Nazio Batuetara eta haien Segurtasun Kontseilura joko du.
Errazagoa litzateke Tzipi Livniren Kadimarekin negoziatzea, zentristagoa eta pragmatikoagoa denez gero?
Hori ez da gure arazoa. Guk egoera nahasi asko izan genituen, baina erabaki politiko zail batzuk hartu genituen, eta bake biderantz abiatzea erabaki genuen, nahiz eta barrura begira kostu batzuk izan eta sakrifizio politikoak ekarri. Israelek beste hainbeste egin behar du. Aurrerantzean ere lehentasuna barne arazoei eman nahi badiete, bakearen kaltean, orduan sekula ezingo dugu aurrera egin. Lider ausartagoak eta serioagoak behar ditugu Israelen.
AEBetako Kongresuak neurri bat onartu du, alde bakar batek sortutako estatu palestinar bat aldarrikatzeko edo ezagutzeko zernahi pauso gaitzesteko.
Palestinako Aginteak sekula ez du izan bere kasa Palestinaren independentzia aldarrikatzeko asmorik. Hala ere, kritikatu egiten dugu Kongresuaren erabaki hori, mundu guztiak baitu nazioarteko erakundeak —hala nola Nazio Batuak— erabiltzeko eskubidea, eta onartezina da Kongresuak erabaki izana hori eragozteko funtzioa ematea AEBetako administrazioari.
Palestinako Aginteak zergatik ez du bere kasa aldarrikatu nahi estatu palestinarraren independentzia?
Alferrik izango litzatekeelako. Nazioarteko komunitatearen eta Israelen oniritzirik gabe egiten badugu, ez du ezertarako balioko. Uste dut bi modu ditugula estatua lortzeko: bata, Israelekin hitzarmen bat egitea, munduko gainerakoen babesarekin; bestea, Nazio Batuek horretarako erabaki bat hartzea. Horrela egiten ez badugu, gure erabakiak ez du izango inolako eragin praktikorik.
Negoziazioek huts egiten badute, AEBek ontzat emango dute NBEko Segurtasun Kontseiluan estatu palestinar bat sortzea? Ez diote betoa jarriko?
Uste dut zaila izango litzaiekeela betoa jartzea; izan ere, aukera eman diegu bi aldeko negoziazioak berriz bultzatzeko. Negoziazioak trabatzen ez gara gu ari, eta haiek badakite. Nire ustez,AEBek onartu egingo dute eztabaida nazioartekotzea.
Abbasek desegin egingo du Palestinako Agintea, negoziazioek huts egiten badute?
Artikulu asko idatzi dira horretaz komunikabideetan, baina Palestinako Aginteak gezurtatu egin ditu. Abbasek argi utzi du ez duela alde egingo Palestinako Agintetik eta ez duela desegingo. Ez da ezta azken aukera ere; ez da aukera bat.
Zenbateraino da garrantzitsua batasun nazionala?
Oso garrantzitsua da; nire ustez, faktore funtsezkoa da bake prozesuan arrakasta izateko. Baina, era berean, pentsatzen dut bake prozesuak bultzada bat eman diezaiokeela Fata eta Hamasen adiskidetzeari.
Israelek nahi al du zuek adiskidetzea?
Ez. Israel oso pozik dago palestinarrak banatuta ikusita. Horregatik, kanpoko aldeek, hala nola AEBek eta nazioarteko komunitateak, ez diote hainbeste muzin egin behar adiskidetzeari.
Israelgo Gobernuak bakea nahi du?
Nire ustez, ez zaio interesatzen aurrera segitzea. Palestinarrek eta israeldarrek beharrezkoa dute nazioarteko komunitateak serioago esku hartzea, bai Israel konbentzituz negozioazioetan serioago jokatzeko, bai palestinarren eta israeldarren gatazka nazioarteko plazara eramanez eta bi estatu sortzeko bidean zuzenean eraginez —haiek berek bultzatzen dute konponbide hori—, eta estatu palestinar independente baten existentzia segurtatuz.
Gassan Khatib. PANeko eleduna
«Israel konbentzitzeko ez da pizgarririk erabili behar, zigorrak baizik»
Nazioarteko komunitateak Israelekiko harremanetan erantzunkizunaren kontzeptua sartu behar duela uste du, eta argi utzi behar diola kokaguneak eraikitzeak ondorio txarrak dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu