Israelgo armadak 80 pertsona hil ditu Gazan, goizaldean zerrendako hainbat lekutan egindako bonbardaketetan, Al-Jazeera hedabideak osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Erasoetako batzuk desplazatuentzat berreraikitako eskoletan egin ditu, Jabalia errefuxiatu guneko Halawa eskolan eta Gaza hiriaren hego ekialdeko Al-Hurriyan kasurako, medikuek jakinarazi dutenez. Tokiko iturriek EFE berri agentziari erran diote zerrenda iparraldeko bertze hiru eskoletan ere egin dituztela erasoak; horietako batzuetan abisua eman zuten aurrez, eta ez zen biktimarik izan.
Jabalia errefuxiatu kanpalekuko hainbat bizitokiren aurka ere joan da armada, baita Al-Xati gunean sartu ere, eta, Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, hamahiru hildako zenbatu dituzte laguntza humanitarioa jasotzeko hainbat puntutan. Azken orduetan areagotu egin dira Israelek Gazan egindako erasoak, eta, hortaz, Israelgo armadak desplazatzera behartu ditu Gaza hiriko eta Jabaliako biztanleak.
Maiatzaren bukaeran onartu zuen Israelek laguntza humanitarioa zerrendan sartzea, baina janaria banatzeaz AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen babesa duen talde bat arduratzen da: GHF Gaza Humanitarian Foundation ̣—AEBetako militar ohiz eta mertzenarioz osatuta dago gehienbat—. Banaketa sistema hori ezarri zutenetik, 580 gazatar baino gehiago hil dituzte, eta 4.200 biztanle inguru zauritu; Gazako Osasun Ministerioak kontatu duenez.
Gazan hildakoen kopuruak goiti egiten duen bitartean, su etena negoziatzen jarraitzen dute nazioartean. Ron Dermer Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aholkularia Washingtonera joanen da aste honetan, «su eten baten gainean eztabaidatzeko». Iturri ofizialak aipatuz Associated Press agentziak gaineratu duenez, aholkularia ahaleginak egiten ari da Netanyahu bera ere hara joan dadin, «akordio bat ixtera».
Bien bitartean, Egiptok, AEBek eta Qatarrek Hamasen eta Israelen arteko su etena negoziatzen jarraitzen dute, eta, Egiptoko Kanpo Arazoetako ministroak ohar bidez adierazi duenez, Kairok 60 eguneko su etena iragarri du, Israelek bahitu batzuk askatzearen truke.
Mahmod Merdawi Hamaseko buruzagiak akordio baterako aurrerapausoak «geldiaraztea» leporatu dio Netanyahuri, eta ohar batean salatu du Israel hamar bahitu askatzeko prest baino ez dela agertu. 50 bat bahitu geratzen dira, eta Israelgo Gobernuak uste du horien erdiak baino gehiago hilik egonen direla.
Horren kontrara, Netanyahuren bozeramaileak erran du Hamas dela gerrari amaiera emateko «oztopo bakarra». Hamasek, baina, azaldu du prest dagoela bahitu guztiak askatzeko, baldin eta tropa israeldarrak erabat erretiratzen badira. Israelek ezezkoa eman dio, eta bertze eskaintza bat egin dio trukean: Hamas armagabetu eta erbesteratzen bada, orduan onartuko duela erasoak bukatzea. Palestinarrak, ordea, ez dira konforme agertu.
Zisjordaniako base militarren kontra
Israelgo armadak ohar bat kaleratu du gaur goizean, eta, hor baieztatu duenez, kolono israeldarrek Zisjordaniako base militar baten kontra egin zuten bart. Israelgo hedabideen arabera, ortziralean 14 urteko gazte baten aurka egindako erasoaren protesta bat izan da gauekoa. Ustez kolonoa zen gaztea, eta Israelgo armada ikertzen ari da eraso egin zuena soldadua ote zen.
Hala kontatu du armadak oharrean: «Dozenaka zibil israeldar bildu ziren Binyamin Eskualde Brigadaren kuartel nagusiaren sarreran. Elkarretaratzea bortitza bilakatzen hasi zen, eta herritar batzuek segurtasun indarrei eraso egin zieten. Piper gasa bota zieten, eta ibilgailu militarrak txikitu». Gaineratu dutenez, «eraso terroristak zapuzteko» eta «segurtasuna mantentzen laguntzeko» daukaten zentro bat «kiskali» egin zuten.
Bertzalde, Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministroak —ultraeskuindarra da— «onartezintzat» jo du atzo tropen aurka egindako erasoa, eta «gehiegikeria» bat dela salatu du. «Kriminalak kriminalak dira, hemen eta herrialde osoan», erran du.
Armadak, baina, beren burua defendatu dute, eta adierazi dute ez ziotela eraso egin 14 urteko gazteari. Gainera, salatu dute kolonoek harriak bota zizkietela, eta fisikoki eta hitzez eraso zietela.