Siria

Israelek airez eraso egin diola salatu du Siriak

Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, Damaskoren aldeko «11 borrokalari» hil dira erasoan. Iturri ofizialek ez dute hildakoen inguruko zehaztapenik eman.

Israelgo Armadaren tankeak Golango gainetan, Israelek Sirian okupatutako eremuan. ATEF SAFADI / EFE
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 9a
13:00
Entzun

Siriako aireko defentsa sistemek Israelek egindako eraso bati erantzun diotela jakinarazi du Sana berri agentziak. Zabaldu duenaren arabera, herrialdearen erdialdearen eta hegoaldearen aurka egin du Israelgo armadak, airez. Gaineratu du Libanoren aire eremutik iritsitako hegazkinek bonbardatu dutela herrialdea. Hedabideak ez du hildakoen eta zaurituen inguruko informaziorik eman, baina Siriako Giza Eskubideen Behatokia AFP albiste agentziari esan dionaren arabera, gobernuaren aldeko «11 borrokalari» hil dira erasoan. Behatokiko zuzendari Rami Abdul Rahmanek adierazi du armadako zazpi soldadu eta Defentsa Nazionalerako Indarrak miliziako lau kide direla hildakoak.

Erresuma Batuan egoitza duen agentziak azaldu du Homs hiriaren kanpoaldean dagoen Khirbet al-Tin herrixka zutela jopuntuan hegazkin militarrek, eta inguru horretan Libanoko Hezbollah miliziak zuen arma biltegi bat suntsitzeko asmoa zutela.

Siriako armadaren iturriek ez dute erasoaren ondorioen gaineko zehaztapenik eman, eta aireko erasoei erantzuen dietela soilik azaldu dute. Israelek ere ez du inolako informaziorik zabaldu, eta uko egin dio «atzerriko hedabideen albisteen» inguruan ezer esateari.

Hezbollah miliziaren nahiz Irango milizia xiiten gotorleku dela argudiatuta, ehunka eraso egin ditu Israelek Sirian, 2011n gerra lehertu zenetik. Siriako Gobernuak milizia horiei aterpe ematea eta indar xiitek eremua kontrolatzea eragotzi nahi du Tel Avivek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.