Israelek Al-Jazeerako bost kazetari hil ditu Gazan

Beste hedabide bateko argazkilari bat ere hil du. Israelgo soldaduek gauean egin diote eraso kazetariak zeuden kanpalekuari. Anas al-Xarif da hil dituztenetako bat, azken urteetan kazetari gisa sona handia lortutakoa.

Anas al-Xarif kazetariaren erretratu bat, X-ko haren kontuan. ANAS AL SHARIF
Anas al-Xarif kazetariaren erretratu bat, X-ko haren kontuan. ANAS AL SHARIF
Leire Salaberria Zubiri - Iraia Leon Pego
2025eko abuztuaren 11
08:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelen erasoaldiak ez du etenik Gazan. Bart gauean, Al-Jazeera hedabideko bost kazetari hil ditu, eta Palestinako Sahat hedabidearentzat lan egiten zuen beste kazetari bat: sei kazetari guztira. Hildakoen artean dira Anas al-Xarif eta Mohamed Qraiqea Al-Jazeerako kazetariak —lehena aski ezaguna zen—, eta haien denda berean zeuden eta hedabide horrentzat berarentzat lan egiten zuten hiru kamerari: Ibrahim Zaher, Moamen Aliwa eta Mohammed Nufal. Horiekin batera hil dute Mohamed al-Khalidi, zeina Sahat hedabidearentzat ari baitzen lanean. Denda berean zegoen beste pertsona bat ere hil da erasoan. Gazako Gobernuak eman du hilketa horien berri.

Anas al-Xarif ezaguna zen Gazako setioaren berri ematen ari zelako bertatik bertara, eta hil aurretik ere bideo batean erakutsi du Israel nola ari zen, ostera ere, Gaza bonbardatzen. Hau da X sare sozialean jarri duen azken mezua: «Bonbardaketak etengabe... Duela bi ordutik hona, Gaza hiriaren aurkako erasoa areagotu egin du Israelek».

Al-Jazeerak jakinarazi duenez, Al-Xarifek txio hori idatzi eta ordu erdira egin dio eraso Israelgo armadak kazetarien kanpadendari, Gaza hiriburuko Al-Xifa ospitaletik gertu. Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak jakinarazi duenez, beste hiru kazetari ere zauritu dira eraso horretan.

Al-Xarifen hilketaren ostean, hark apirilean idatzitako testu bat argitaratu dute X sare sozialean zeukan kontuan. «Hitz hauek iristen bazaizkizu, jakin ezazu Israelek ni hiltzea lortu duela», idatzi zuen mezu horretan. Jaio zenetik bere sinesmenak defendatu eta zabaldu dituela azaltzen da testuan, eta  «egiari leiala» izan zaiola, «askotan» sufritu arren. Azkenik, Ala jainkoari eskatu dio familiako kideak zaintzeko eta «Palestina askatzeko».

Bart hil dituzten kazetariak kontuan izanda, Israelen erasoek 238 kazetari eta komunikatzaile hil dituzte Gazako sarraskia hasi zenetik.

Al-Jazeera Gazatik bertatik lan egiten duten atzerriko komunikabide bakarrenetakoa da, eta hedabideak bertan zituen kazetari guztiak hil dituzte bart. Ohar batean, hedabide horrek adierazi du Israelek bart egindako hilketak «prentsa askatasunaren kontrako beste eraso bat» direla, «aurrez prestatutakoak eta bistakoak». Al-Jazeerako zuzendari Mohamed Moawadek BBC hedabideari esan dio Gazako zerrendan zer gertatzen ari zen mundura zabaltzeko «ahots bakarra» zela Al-Xarif.

Erasoa «zehatza eta berariazkoa» izan dela ere adierazi du Al-Jazeerak; hedabideari berari eraso egin nahi izan diotela, alegia. Hedabideak gogor gaitzetsi du kazetariak hil izana, eta gehitu du Israel kontrolpean hartzen ari dela zerrenda, eta setioa bertatik erakusten eta salatzen duten «ahotsak isilarazi» nahi dituela. Hedabidearen arabera, «erasotzaileen immunitateak» Israelen ekintzak «hauspotzen» ditu, eta «egiaren lekukoen zapalkuntza» bultzatu.

Gazako Gobernuak ere salatu egin ditu hilketak, ohar baten bidez. Erasoa eta hilketak «selektibo eta sistematikotzat» jo ditu. Era berean, ekintza gaitzesteko deia egin die kazetarien federazioei eta bestelako nazioarteko erakunde eta epaitegiei.

Bestalde, Hamasek adierazi du Israelen eraso horrek «faxismoaren mugak» gainditu dituela, eta bereziki nabarmendu du kazetariek Gazan egindako lana.

Israelen «arrazoia»

Israelgo armadak erasoa egin izana aitortu du ohar batean, eta hilketen «arrazoia azaldu» ere egin nahi izan du. Armadak adierazi du Al-Xarif Hamaseko kide zela, eta «israeldarren aurkako bonbak» bideratzen zituela, baita hori frogatzen duten bi dokumentu dituela ere. Hala ere, Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak azaldu duenez, Israelek aurkeztutako dokumentu horiek «ezin dira egiaztatu», eta ez dago kazetaria talde islamistarekin lotzen duen frogarik.

Ez da Israelek ideia hori aipatzen duten lehen aldia; Israelek 2024tik zuen jomugan Al-Xarif, eta gobernuak hainbat alditan egin du Al-Jazeerako kazetarien aurka. Esate baterako, iragan uztailean sare sozialetan kaleratutako bideo batean, Avichai Adraee Israelgo armadako bozeramaileak Al-Xarifi leporatu zion Hamasen fakzio militarreko kide izatea.

Nazioarteak, berriz, kezka adierazi zuen kazetari horren segurtasunaren inguruan. Hala nola adierazpen askatasunaren arloko NBE Nazio Batuen Erakundearen kontalari berezi Irene Khanek esan zuen «erabat asaldatuta» zegoela Israelgo armadak Al-Xarifen aurka behin eta berriz egindako mehatxu eta salaketengatik.

Australiak Palestina aitortuko du

Israelek iragan astean iragarritako plana dela eta, nazioartean ezinegona zabaldu da Gazaren  etorkizunaren inguruan. Horiek horrela, Australiak jakinarazi du Palestinako Estatua onartzeko prozesua hasiko duela. Palestinako eta Australiako Atzerri ministroak dagoeneko bildu dira urratsei eta baldintzei buruz eztabaidatzeko, eta Australiakoak adierazi du «bi estatuen irtenbidearekin guztiz konprometituta» dagoela. Lehen ministroak iragarri duenez, Australiak irailean aitortuko du Palestina. 

Bestalde, hainbat eragilek Israel estuago hartzeko ekintzak proposatu dituzte. Tartean, Greta Thumberg ekintzaile suediarrak gaur iragarri du beste flotilla bat jarriko dutela martxan. Hilaren 31n abiatuko da Espainiatik Gazara, eta zerrendara laguntza humanitarioa eramatea izango du helburu. Palestinaren aldeko zenbait ekintzailek parte hartuko dute, eta dozenaka barkuk osatuko dute flotilla.  Eragileek azaldu dutenez, irailaren 4an beste flotilla batekin bat egingo dute Tunisian. «Gazako legez kanpoko setioa amaiarazteko egindako ahaleginik handiena» izango da, Thumbergen hitzetan.      

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.