Apirilaren erdialdetik su etena indarrean dago Libanon, baina tregoarik ez dago. Israelek eguna joan eta eguna etorri urratu du menia hori, argudiatuta Hezbollah milizia xiitak ez dituela erasoak eten. Oraingoan, Tel Avivek baldintza bat gehitu dio su etenari: Hezbollahk eraso gehiagorik ez egitea eta milizianoek Litani ibaiaren hegoaldetik alde egitea. Hortaz, Israelgo armadak orain bezala jarraitu ahal izango du, baina aurrerantzean ezingo diote esan akordioa urratu duenik. Kontua da Hezbollahk ez duela parte hartu negoziazio horietan, eta su etena Libanoko eta Israelgo gobernuen artean adostu dutela, AEBen bitartekaritzarekin.
Atzo gauean —gaur goizaldea Euskal Herrian— jakinarazi zuen AEBetako Estatu Departamentuak Beirutek eta Tel Avivek su etena errespetatzea adostu zutela. Hiru herrialdeetako ordezkariek Washingtonen bilera egin ostean, ohar bateratu bat kaleratu zuten, eta bertan zehaztu tregoa hori Hezbollahren jarrerak baldintzatuko duela. Ordu batzuk geroago, ordea, Israelgo armadak jada urratu du menia. Libanoko albiste agentzia nazionalak kaleratu duenez, Tel Aviven drone batzuek eraso egin diote ibilgailu bati herrialdearen hegoaldean, eta familia bereko hiru kide Sidongo ospitalera eraman dituzte, zaurituta.
Meniari baldintzak gehitzeaz gainera, Beirutek eta Tel Avivek adostu zuten Libanoko armadak kontrolatuko dituen «gune pilotuak» ezartzea, horrela «estatuz kanpoko eragileak» kanporatzeko. Horretarako, Libanoko armadari laguntza militarra emateko prest agertu da Washington.
«Estatuz kanpoko eragileak» aipatzerakoan, Hezbollahz ari ziren; izan ere, Iranek babestutako milizia horrek indar handia du Libanon. Baina, ez dute Israelgo armada aipatu, eta haren kontrolpean dago gaur-gaurkoz Libanoren %10 inguru. Okupatuta dauzka herrialdearen hegoaldeko hainbat gune, eta aginduak emanak ditu Zahrani ibairainoko eremuak ebakuatzeko —Israelgo mugatik 60 kilometro ingurura dago ibai hori—. Ez dute argitu «gune pilotu» horiek noiz eta nola ezarriko dituzten, ezta Israelgo armadak okupatutako lurraldeak utziko dituen ere.
Nada Hamadeh Libanok AEBetan duen enbaxadorea eta Yechiel Leiter Israelgoa izan ziren bi herrialde horien ordezkariak herenegun eta atzo Washingtonen egindako bilkuretan. Israelen eta Libanoren arteko laugarren bilkura sorta izan da aste honetakoa. Bien negoziazioekin jarraitzeko prest agertu dira bi aldeak, eta berriz batzartuko dira ekainaren 22ko astean. Apirilaren erdialdean hasi zituzten elkarrizketa zuzenak, martxoaren hasieran Israelen Hezbollahren arteko borrokak berriz piztu ostean. Ordutik Israelgo armadak 3.500 pertsona baino gehiago hil dituela jakinarazi du Libanoko Osasun Ministerioak.
Irango gerraren aurkako neurri sinbolikoa
Otsailaren 28an Tel Avivek eta Washingtonek Iranen aurkako erasoaldia hasi ostean erabaki zuen Hezbollahk berriz ere Israeli eraso egiten hastea —2024ko azarotik su eten bat indarrean zegoen—. Apirilaren hasieran onartu zuten su etena AEBen eta Iranen artean, baina Israel Libanoko frontea hortik kanpo mantentzen saiatu da. Teheranek, ordea, ez du zalantzarik: ez du behin betiko akordiorik egingo AEBekin, Tel Avivek Libanoren aurkako erasoaldiak gelditu bitartean. Gainera, atzo Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak ohartarazi zuen Israelgo armadak Beiruti eraso eginez gero «erabat» berpiztuko dela Iranen eta AEBen arteko gerra. Tregoa indarren badago ere, Washingtonek eta Teheranek, tarteka, zenbait eraso egin dituzte.
Eta Irango gatazka gero eta kezka handiagoa sortzen ari da AEBetan ere. Horren erakusgarri atzo gauean AEBetako presidente Donald Trumpen aurka bozkatu zutela hainbat kongresista errepublikanok. AEBetako presidenteak gerra batean jarduteko orduan dituen botereak murrizteko ebazpen bat onartu zuten Ordezkarien Ganberan. Ebazpen horren arabera, Trumpek Kongresuaren onespena beharko luke AEBetako tropek Irango gerran jarrai dezaten. Lau ordezkari errepublikanok bozkatu zuten demokratek bultzatutako ebazpenaren alde, eta aurrera egin zuen —215 boto alde, eta 208 kontra—. Aurrez, Senatuan ere onartu zuten ebazpen hori. Halere, neurria sinbolikoa da. Izan ere, Senatuak berriz eman beharko lioke onespena, eta, azkenik, Trumpek berak sinatu beharko luke.