Israelek bederatzi pertsona hil ditu Libanon, tregoak eraginik ez duela erakutsiz

Apirilaren 17tik su etena indarrean badago ere, Tel Avivek erasoak egiten jarraitzen du Libano hegoaldean. Iranek bere ahalmen nuklearrari eutsiko diola ziurtatu du Mojtaba Khameneik.

Israelgo armadako ibilgailuak atzo, Libano hegoaldean suntsitutako herri batean. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo armadako ibilgailuak atzo, Libano hegoaldean suntsitutako herri batean. ATEF SAFADI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko apirilaren 30a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek ohartarazia du Libanorako menia ez duela «erabat» beteko, eta hitza bete du, etengabe ari baita tregoa urratzen. AEBetako presidente Donald Trumpek apirilaren 17an iragarritako su etena paper erre bihurtu da. Tel Avivek ez ditu erasoak eten herrialdearen hegoaldean, eta gaur bertan gutxienez bederatzi pertsona hil ditu. Libanoko albiste agentzia nazionalaren arabera, Israelgo armadak hiru eraso egin ditu Jebchit, Toul eta Harouf herrietan; etxebizitzak suntsitu ditu, eta, hildakoak eragiteaz gainera, dozenatik gora lagun zauritu ditu. Hezbollah milizia xiitak jaurtitako drone batek bi pertsona zauritu ditu Israel iparraldean.

Joseph Aoun Libanoko presidentea prest dago Israelekin negoziatzen jarraitzeko, eta hurrengo elkarrizketetarako datak zehazteko eskatu zion atzo Washingtoni. Hori bai, Israelek eraso guztiak eten behar dituela ere exijitu du Aounek. Hezbollahk martxoaren hasieran hainbat eraso egin zituen Israel iparraldean, Washingtonek eta Tel Avivek Iranen aurka hasitako erasoaldiari erantzunez. Ordutik, Israelgo armada Libano hegoaldea txikitzen aritu da, eta herrialde osoan 2.500 pertsona baino gehiago hil ditu.

AEBek Iranekin apirilaren 8an su etena adostu ostean, zalantzak sortu ziren meniak Libanori ere eragiten zion ala ez. Pakistanek, AEBen eta Iranen artean bitartekari ari denak, ziurtatu zuen baietz, akordioa Ekialde Hurbil osorako zela. Tel Avivek, ostera, ezetz, Libanori eraso egiten jarraitu zezakeela. Horregatik, Teheranek Ormuzko itsasartea itxita mantendu zuen; azkenean, AEBek presio egin zioten Israeli, eta apirilaren 17an adostu zuten hamar eguneko su etena.

Israelgo eta Libanoko ordezkariak Trumpen administrazioko kideekin Etxe Zurian batzartu ostean, AEBetako presidenteak aurreko ostiralean azaldu zuen zuen Libanorako su etena hiru astez luzatzea adostu zutela. Hortaz, maiatzaren erdialdera arte indarrean dago tregoa hori. Tel Avivek, baina, hasieratik zehaztu zuen su etena ez dela «erabatekoa». Danny Danon Israelek NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak esan zuen hori, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, berretsi: «Edozein mehatxuri erantzuteko askatasunari eutsiko diogu».

«Aro berria», Persiar golkoan

Tregoa oraindik indarrean dago Iranen, eta, Libanon ez bezala, erasoak eten dituzte han. Teheranek amore ematea beste aukerarik ez duela adierazi zuen atzo AEBetako presidenteak. Trumpek uste du Irango portuei ezarritako itsas blokeoa bonbardaketak egitea baino eraginkorragoa dela, baina AEBetako armadak eraso gehiago egiteko asmoa du. Centcom AEBetako armadaren Komandantzia Nagusiko buru Brad Cooperrek eta Etxe Zuriko maizterrak gaur hitz egin dute, Irango erasoaldia hasi zenetik lehen aldiz. Axios AEBetako hedabidearen arabera, armadak Iranen egin ditzakeen operazio militarren berri eman dio komandanteak; erasoaldi «motz eta eraginkorrak» egiteko asmoa duela zabaldu du Haaretz Israelgo egunkariak AEBetako iturri ofizialak aipatuz.

Halere, Washingtonek murriztu egingo du Ekialde Hurbilean duen presentzia militarra. Gaur jakinarazi dute AEBetara itzuliko direla USS Gerald R. Ford hegazkinontzia eta 4.500 soldadu. Hori bai, Pentagonoak argitu du itsasontzi hori Ekialde Hurbiletik ateratzeak ez duela esan nahi gatazka arindu denik. USS George H.W. Bush eta USS Abraham Lincoln hegazkinontziek Ekialde Hurbilean jarraituko dute. AEBen eta Iranen arteko su etena indarrean dago apirilaren 8tik, hasiera batean bi asterako zen, baina Trumpek tregoa luzatu zuen iragan astean —ez zuen zehaztu noiz arte—.

Mohammadi askatzeari uko egin dio teherango fiskaltzak

Narges fundazioak salatu du Teherango Fiskaltzak uko egin diola Narges Mohammadi 2023ko Bakearen Nobel sariduna hilabete batez aske uzteko eskariari. Mohammadik 25 urte baino gehiago daramatza atxilotuta, eta fundazioak jakinarazi du osasun arreta espezializatua behar duela, «berehala». Iranen emakumeek pairatzen duten zapalkuntzaren kontrako aktibista hori «hiltzeko arriskuan» dagoela gaineratu dute; baita azkenaldian hogei kilo inguru galdu dituela eta tentsio arterial oso handia duela ere. Mohammadik hainbat bihotzeko izan ditu, eta 2024ko abenduan aske utzi zuten osasun arrazoiengatik. Abenduan berriz atxilotu zuten.

AEBek «porrot lotsagarria» jasan dutelakoan dago Mojtaba Khamenei Irango lider gorena, eta Persiar golkoan «aro berri bat» hastear dela gaineratu du gaur kaleratutako ohar batean. Persiar golkoaren eguna ospatzen ari dira Iranen, eta horren harira egin ditu adierazpen horiek Khameneik: «Persiar golkoaren etorkizun bikaina Amerikako Estatu Batuak kanpoan dituen etorkizuna izango da».

Irango lider gorenak gaineratu du Teheranek eutsi egingo diola bere ahalmen nuklearrari. Iranek esana du ez duela arma nuklearrik ekoizteko asmorik, baina bere programa nuklearra garatzen segitu nahi du, «helburu baketsuak dituena». AEBek exijitzen diote albo batera uzteko programa nuklearra.

Menia indarrean bada ere, aldeen arteko negoziazioak ez atzera ez aurrera daude, Teheranek itxita dauka Ormuzko itsasartea, eta AEBek blokeatuak dituzte Irango portuak. Itsas setio horrek huts egingo duela ziurtatu du gaur Masud Pezexkian Irango presidenteak. Eta gaineratu du AEBak eta Israel direla Persiar golkoko segurtasun faltaren erantzuleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA