Donald Trump AEBetako presidenteak eskatutakoari muzin egin dio Benjamin Netanyahuk. Izan ere, Israelgo lehen ministroak gaur agindu du Beirut Libanoko hiriburua bonbardatzeko, argudiatuta Hezbollah milizia xiitak urratu egin duela herrialdean ezarrita dagoen su etena. Baina iragarpen horren ondoren, Trumpek deitu egin dio Netanyahuri; presidentearen esanetan, «dei produktiboa» izan zen bien artekoa, eta adostu dute Israelgo armadako «ezein tropa» ez dela joango Beirutera: «Eta inor hara bidean baldin badago, dagoeneko bira eman du», idatzi du gaur arratsaldean Truth Social bere sare sozialean. Eta ez hori bakarrik: Hezbollahren «ordezkari garrantzitsu» batzuekin ere hitz egin zuela azaldu du Trumpek, eta erasoak etetea onartu dutela: «Israelek ez die eraso egingo, eta ez diote eraso egingo Israeli».
Aliatuak dira Iran eta milizia hori, eta, horrenbestez, Teheranek gaitzetsi egin du Israelen erabakia. Are, Irango armadak ohar bidez ohartarazi du Israelen bonbardaketei erantzuteko prest dagoela: Beiruten kontrako «mehatxua» betez gero, herritarrek eta soldaduek Israel iparraldea utzi beharko dutela ohartarazi du, «kalteak saihesteko»; horren berri eman du IRNA Irango Berri Agentzia Nazionalak. Joseph Aoun Libanoko presidentearen esanetan, bi herrialdeek negoziatzen jarraituko dute, mehatxuak gorabehera. Hori esan du ohar batean.
Netanyahuk eta Israel Katz Defentsa ministroak ohar bateratu bat kaleratu dute Libanoko hiriburua bonbardatzeko erabakiaren berri emateko, eta adierazi dute armadari eskatu diotela Dahye auzoa jotzeko. Hezbollahren kokagune nagusitzat jotzen dute eremu hori. Eta Hezbollahk jakinarazi du geroxeago Israel iparraldea bonbardartu duela; ohar batean esan duenez, eraso horiek armadaren azpiegitura zuten helburu.
Trumpen asmoen kontra ari da Netanyahu. Joan den apirilaren 16an, AEBek hauspotuta, Libanok eta Israelek tregoa bat adostu zuten. Bada, hurrengo egunean, zera idatzi zuen AEBetako presidenteak Truth Social bere sare sozialean: «Israelek ez du Libano bonbardatuko aurrerantzean. AEBek debekatu egin diote. Nahikoa da!».
Libanoko egoera zuzenean lotuta dago Ekialde Hurbilekoarekin, orokorrean. Hori gogorarazi die Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Esmaeil Baghaeik Israeli eta AEBei. «Berriro esan nahi dugu Libanon su eten bat indarrean egotea ezinbestekoa dela gerrarekin lotutako edozein akordio egiteko», nabarmendu du agerraldi batean —Abbas Araghtxi Atzerri ministroak ideia hori bera plazaratu du X sare sozialean idatzitako mezu batean—. Baghaeik adierazi du, bide batez, Washingtonekin edukitzen ari diren zeharkako negoziazioetan «errezeloz eta mesfidati» jokatzen ari direla. Hain justu, AEBek dute proposamen bat Libanon egoera baretzeko, iturri ofizialak aipatuz Al Jazeera hedabideak gaur argitaratu duenez.
Otsailaren 28an, AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenean, areagotu egin zen Israelen eta Hezbollharen arteko gatazka, milizia xiita Iranen defentsan atera zelako. Beirut ere jo izan du Israelek, eta martxoaren 2tik 3.400 pertsona inguru hil ditu herrialde hartan. Gaur goizaldean, esate baterako, aire erasoak egin ditu herrialearen hegoaldean, Nabatieh hiritik gertu, eta sei lagun hil, Libanoko berri agentzia nazionalak kaleratu duenez.
Libanon su eten bat adostu zuten —45 egunerako berritu zuten maiatzaren 15ean—, baina Israelek erasoan segitu du; batez ere, Libano hegoaldean. Trumpek ez du horri buruz ezer esan, ontzat jotzen dituelako Israelen arrazoiak: herrialdearen iparraldeko biztanleen «segurtasuna bermatzea». Orduan, horretarako, Israelek Libano hegoaldea okupatu asmo du, mugatik Litani ibairaino—herrialdearen %5 inguru—; tarterik txikienean, mugatik bost kilometrora dago ibai hori, eta handienean, 30era. Horren guztiaren harira, zera azpimarratu du gaur Netanyahuk, bideo batean: «Israel iparraldean bakerik ez badago, Libano hegoaldean ez da bakerik izango».
Beaufort gaztelua
Areago ere jo nahi du Israelek, eta Netanyahuk berak jakinarazi zuen joan den ostiralean Litani ibaia zeharkatu zutela Israelen tropek. Hori esan zuen, hain zuzen, noiz eta Israelgo eta Libanoko ordezkariak Washingtonen berriro batzartu zirenean. Eta atzo Beuafort gaztelua hartu zuen Israelek; hura ere Litaniren iparraldean, Nabatieh hiritik gertu.
Israelentzat «mugarri bat» izan da hori, eta Netanyahuk berak bideo bat zabaldu zuen horren garrantzia nabarmentzeko. «Beldurraren muga gainditu dugu», nabarmendu zuen. Israelek 1982an konkistatu zuen gaztelu hori, iparraldeko bizilaguna inbaditu zuenean. Eta 2000. urtera arte han egon zen —urte hartan tropak atera zituen Libano hegoaldetik—.