Israelek beste 39 palestinar hil ditu Gazan

Gaza iparraldeko Al-Xifa erietxeko zuzendariak ohartarazi du osasun zentroa «egoera larrian» dagoela, erregai nahikorik ez dutelako.

Zirjordaniako emakume bat atzo, Israelek bere etxea erasotu ondoren. ALAA BADARNEH / EFE
Zirjordaniako emakume bat atzo, Israelek bere etxea erasotu ondoren. ALAA BADARNEH / EFE
2025eko uztailaren 9a
17:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelek 39 pertsona hil ditu Gazan gaur, Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Errefuxiatuen esparruei, etxebizitza blokeei eta laguntza humanitario guneei egin die eraso Israelgo armadak. 2023ko urrian Gazako setioa hasi zuenetik, gutxienez 57.575 palestinar hil ditu Israelek, Gazako iturri ofizialen arabera. 

Horrekin lotuta, Muhammad Abu Salmiyak, Al-Xifa ospitaleko zuzendariak, Al-Jazeera hedabideari adierazi dio osasun zentroa «egoera larrian» dagoela. Zerrendan ez dute nahikoa erregai, eta, ondorioz, zentroa itzalaldi arriskuan dago, eta ZIUetan eta ebakuntza geletan ezinbestekoak diren makinak itzaltzen ari dira. Abu Salmiyak ohartarazi du orain duten erregaiak 24 ordu baino gutxiago iraungo duela, eta egoerak horrela jarraituz gero ehunka pertsona hiltzeko arriskuan daudela. Hori jakinik, NBE Nazio Batuen Erakundeko bozeramaileak Gazan erregaia berehala sartzen uzteko eskatu zuen atzo.

2.500

Zenbat gorpu dauden berreskuratu gabe Gazan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, zerrendako hondakinen artean 2.500 gorpu daude. Iristeko zailak diren lekuetan daude hilotzak, eta ezin izan dituzte berreskuratu. 

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trump eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu Washingtonen bildu ziren, berriro, atzo; 24 orduan bigarrenez. Astelehenekoa ez bezala, aurrez iragarri gabeko elkarrizketa izan zen atzokoa. Kazetariak ezin izan ziren bileran egon, eta, Etxe Zuriko iturrien arabera, gai bakarraz aritu ziren: Gazako su-eten proposamenaz.

Trumpekin izandako hizketaldia amaitzean, Netanyahuk sare sozialetan adierazi zuen «Hamasek Gazan bahitutakoak askatzeko ahaleginetan» ari direla. «Helburu guztiak lortzeko prest» daudela esan zuen Israelgo lehen ministroak, eta «Iranen aurka lortutako garaipen handiaren ondorioez eta aukerez» hitz egin zutela.

Bitartean, Zisjordanian, bederatzi etxebizitza eraitsi eta bi nekazaritza eremu hondatu ditu Israelek Ramallahn, Jerusalemen eta Nablusen, eta gutxienez 30 palestinar atxilotu —tartean 9 urteko bi haur— , Wafa Palestinako berri agentziak jakinarazi duenez. Urte hasieratik, 588 eraikin suntsitu ditu, eta 843 pertsona etxegabetu; horien artean, 411 adingabe. Epe berean, beste 556 eraikin eraisteko aginduak ere eman ditu Israelek. 

Israelek libano hegoaldeari eraso dio

Israelgo armadak Libano hegoaldeari eraso egin dio goizaldean, eta Hezbollahko goi kargudun bat hil duela iragarri du: Hussein Ali Muzhir. «Husseinek eraso ugari egin zituen Israelgo Estatuaren eta armadaren aurka, eta duela gutxi Hezbollahk Libano hegoaldean artilleria ezartzeko egindako saiakeretan parte hartu zuen», azpimarratu du armadak. Informazio horren arabera, Israelentzat, milizianoaren ekintzak 2024ko azaroan Libanorekin sinatutako su etenaren «urraketa nabarmena» dira.

 

Bestalde, Al-Jazeera hedabideak azaldu duenez, Israelgo armadak ohar batean zabaldu du Libano hegoaldean Hezbollahren aurkako operazio militarrak egin dituela. Milizia xiitaren arma gordelekuak jotzea lortu duela ere esan du Israelek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.