Israelek are gehiago azpiratu ahalko ditu Zisjordaniako palestinarrak, lurralde hori Jordaniaren eskuetan zegoen garaiko lege bat indargabetzea erabaki baitu Israelgo segurtasun kabineteak; izan ere, 1953ko lege horrek lurrak eta jabetzak erostea galarazten die bertakoak ez diren banakoei eta konpainiei. Kolono israeldarrentzako oztopoa izan da orain arte, eta lurrak aiseago okupatzeko bidea emango die. Bada, PAN Palestinako Aginte Nazionalak ohartarazi du neurri «arriskutsua» dela, kokalekuak legez kanpo hedatzea legeztatzeko saiakera hutsa.
Orain arte, kolonoek Administrazio Zibilaren bidez erosi behar izan dituzte lurrak —Israelgo Defentsa Ministerioko Cogat erakunde militarraren menpeko organoa da Administrazio Zibila delako hori, eta Israelek okupatuta dituen Zisjordaniako lurrak kudeatzeaz arduratzen da—. Ikusteko dago erabakia berehala aplikatuko ote duten, ala Israelgo Parlamentuak berretsi beharko ote duen aurrez. «Israelgo lurralde osoan ari dira sustraitzen, Palestinako Estatuaren ideia lurperatuz», esan zuten atzo Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministroak eta Israel Katz Defentsa ministroak, ohar bidez, erabakia hartu ondoren.
Alde bakarreko erabaki hori ikusita, Mahmud Abbas PANeko presidentearen bulegoak salatu du Israelek «palestinarren presentzia, eskubideak eta identitate nazionala» ezabatu nahi duela, «bereziki Zisjordanian». Esku hartzeko eskatu die Ameriketako Estatu Batuei eta NBE Nazio Batuen Erakundeari, atzo kaleratutako ohar baten bidez. NBEren Segurtasun Kontseiluko 2016ko erresoluzio batek legez kanpokotzat jo zuen kolonoen okupazioa —AEBak abstenitu egin ziren bozketan—; eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak duela bi urte ebatzi zuen legez kanpokoa zela Israelen okupazioa —epaia ez da loteslea, eta Israel ez da auzitegi horren kidea—.
179Zenbat gazatar irten diren zerrendatik Israelek duela astebete ireki zuen Gaza hegoaldeko Rafah pasabidea; palestinarren sartu-irtena baimendu zuen, betiere mugak ezarrita. Tarte horretan 179 gazatarrek gurutzatu dute pasabidea Egiptorantz, eta 88 sartu dira zerrendara, Al-Jazeera hedabideak emandako datuen arabera. Israelek iragarria du egunean berrehun palestinar pasatuko direla gehienez: 150 Egiptora, eta 50 Gazara. Arta behar duten 20.000 gazatar baino gehiago daude zerrendan, Rafahko pasabidea noiz gurutzatuko zain.
Halaber, Hamasek dei egin die Zisjordanian bizi diren palestinarrei «okupazioaren eta kolonoen kontrako konfrontazioa areagotu» dezaten. Talde islamistak ohar bat kaleratu du gaur, eta zera leporatu dio Israeli: «Subiranotasuna faltsutzea eta bertako errealitate geografiko eta legalak aldatzea». Herrialde musulmanei eta nazioarteari eskatu dio erabaki horren kontra egiteko.
Hain zuzen ere, hainbat herrialde musulmanek Ekialde Hurbilean «biolentzia eta gatazka» hauspotzea egotzi diote Israeli, adierazpen baten bidez. Berretsi dute Israelek ez duela subiranotasunik Palestinako lurralde okupatuetan, eta atzokoaren gisako erabakiek «bakea eta egonkortasuna» urratzen dutela, kokaleku are gehiago ezartzeko bidea ematen dutelako: «Legez kanpoko anexioa eta palestinarren desplazamendua azkartu nahi dute». Saudi Arabiak, Jordaniak, Egiptok, Qatarrek, Arabiar Emirerri Batuek, Indonesiak eta Pakistanek sinatu dute adierazpen hori.
«Eraso agresiboa»
Palestinak ohiz kanpoko bilerara deitu du Arabiar Liga, Muhannad al-Akluk Palestinako ordezkariak Wafa albiste agentziari adierazi dionez: «Eskaera Israelgo Gobernu okupatzailearen erabaki agresiboen harira egin da: kokalekuak zabaldu nahi dituzte, etxebizitzak eraitsi, lur pribatuak eta publikoak hartu, eta Hebron hiriko eskumenak Administrazio Zibilaren esku utzi, baita Ibrahimiko mezkitaren estatusa eta posizioa kaltetu ere [Hebronen dago]».
Zisjordania hegoaldean dago hiri hori, eta zati handi bat PANen menpeko lurretan dago; hiriaren lurraldearen bostena, berriz, israelen kontrol militarraren edo zibil-militarraren pean. Aipatutako legea indargabetzeaz gain, Israelgo segurtasun kabineteak Administrazio Zibilari eman dio Hebronen okupatutako lurretan eraikitzeko eskumena, baita Ibrahimiko mezkitan obrak egitekoa ere; Israelek urtearen hasieran iragarri zuen estalkia eraikitzekoa zela, Hebrongo administrazioaren ezezkoa gorabehera. Patriarken Kobazuloa izenez ere ezagutzen da mezkita hori; toki erlijiosoa da musulmanentzat, juduentzat eta kristauentzat.
Zisjordania hiru gunetan banatu zuten 1995ean, Osloko Akordioen bigarren atalaren bidez: A, PANen esku dagoena; B, palestinarrek kudeatuagatik ere, Israelen kontrol militarraren menpe dagoena; eta C, Israelek erabat kontrolatzen duena. Israelek eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeak 90eko hamarkadan adostutako akordio horiek helburutzat zuten Israelek 1967an okupatutako lurraldeetan palestinarrentzat behin-behineko administrazio autonomo bat ezartzea, eta bake akordio baterako marko bat sortzea; orduantxe sortu zen gaur egun Zisjordania kudeatzen duen PAN erakundea, 1994an.
Zisjordania Jordaniaren parte zen garaikoa da indargabetutako legea. Izan ere, Jordaniak 1948ko gerra ondoren anexionatu zuen Zisjordania, eta de facto kontrolatu zuen 1967ko Sei Eguneko Gerrara arte, orduan Israelek okupatu baitzuen —Jordaniak 1988an egin zion uko lurralde horri—.
Israelek bost pertsona hil ditu gazan
Israelgo armadak jakinarazi du lau pertsona hil dituela Rafah hirian, tunel batetik ateratzen ari zirela; argudiatu du eraso egin dietela armadako tropei. Era berean, Israelgo armadak palestinar bat hil du tiroz Gaza erdialdeko Deir el-Balah hiriaren inguruan, Wafa Palestinako berri agentziak erasoaren lekukoak aipatuz kaleratu duenez. Horiek horrela, gutxienez 581 lagun hil dira Israelen erasoetan joan zen urriaren 10az geroztik, zerrendan su etena ezarri zutenetik, hain zuzen.