Israelek ehun palestinar baino gehiago hil ditu azken 24 orduetan

Iazko urriaren 7az geroztik, 202 kazetari hil dira Tel Avivek Gazan egindako erasoetan, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Israelgo armadak 42 palestinar atxilotu ditu Zisjordanian.

Haur palestinar bat bi katukume eskuetan dituela, gaur, Gaza erdialdeko Al-Maghazi errefuxiatuentzako kanpalekuan. MOHAMED SABER / EFE
Haur palestinar bat bi katukume eskuetan dituela, gaur, Gaza erdialdeko Al-Maghazi errefuxiatuentzako kanpalekuan. MOHAMED SABER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 3a
13:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo armadak Gazaren aurkako erasoaldia gogortu du azken bi egunotan, eta horren erakusgarri da, hain justu, ehun palestinar baino gehiago hil dituela Gazan azken 24 orduetan. Hala jakinarazi dio gaur EFE berri agentziari Gazako Babes Zibilerako bozeramaile Mahmud Bassalek: «Atzo egun zaila izan zen, batez ere Gaza hirian. Herritarrek aurre egin behar izan zieten bestelako operazio batzuei: erasoen %90 hilketak eta sarraskiak izan ziren». Horrez gain, Tel Avivek bonbardaketa andana egin zituen zerrendako hainbat eremuren kontra, baita gune humanitario izendatutakoen aurka ere.

Gaur goizaldean, Israelgo soldaduek erasoan jarraitu dute. Palestinako Wafa berri agentziaren arabera, gutxienez 26 lagun hil dira gaur goizaldetik zerrenda osoan egindako bonbardaketetan. Eta beste abisu bat eman du Israelgo armadak: Gaza iparraldeko Indonesiar Ospitalea ebakuatzeko agindu du. Noiz-eta tenperaturak gero eta hotzagoak direnean, euri sasoia denean. Baldintza horien inguruan ohartarazi du IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeko zuzendari nagusi Amy Popek, gaur zabaldutako komunikatu baten bidez: «Jende zaurgarri asko, tartean zazpi haur, hipotermiak jota hil dira azken egunetan. Heriotza tragiko horiek agerian uzten dute ezinbestekoa dela Gazan aterpeak eraikitzea».

Zibilen aurka ez ezik, kazetarien aurka ere egin du Israelgo armadak. Gazako Osasun Ministerioak gaur emandako datuen arabera, iazko urriaren 7az geroztik 202 kazetari hil dira Israelgo erasoen ondorioz. «Dei egiten diegu Nazioarteko Kazetarien Elkarteari, Kazetari Arabiarren Elkarteari eta munduko kazetari elkarte guztiei, Gazan lan egiten duten kazetarien aurkako eraso horiek guztiak gaitzets ditzaten», adierazi du Osasun Ministerioak komunikatu baten bidez.

Israel bortizki ari da Gazari eraso egiten, eta, Zisjordanian, ehunka palestinar atxilotu ditu iazko urriaren 7tik hona. Hain justu, Israelgo armadak jakinarazi du, gaur goizean, bere soldaduek 42 palestinar atxilotu dituztela aste honetan, argudiatuta horiek guztiak «terroristak» direla.

Meniaren bila, berriz

Duela aste batzuk, bazirudien iristear zela Hamasen eta Israelen arteko su etena, iturri ofizialek egindako adierazpenen arabera. Nolanahi ere, oraingoz ez da halakorik iritsi. Palestinako erakunde islamistako ordezkaritza bat eta Israelgo beste bat elkartzekoak dira gaur, Dohan (Qatar), menia adostea helburu. Han izango dira bitartekari lanetan ari diren herrialdeetako ordezkariak ere: Ameriketako Estatu Batuetakoak, Qatarkoak eta Egiptokoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!