Israelek erasoak areagotu ditu Libanon, su etena ezarrita dagoen arren

Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 31 lagun hil zituen Israelgo armadak Libanon atzo, eta beste bi lagun hil ditu gaur. Tel Avivek esan du Hamaseko beste buruzagi bat hil duela.

Bi pertsona kalteak ikuskatzen Libanoko Tyre hirian, Israelek egindako eraso baten ostean. EFE
Bi pertsona kalteak ikuskatzen Libanoko Tyre hirian, Israelek egindako eraso baten ostean. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 27a
10:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteetako erasoaldi gogorrena egin zuen atzo Israelek Libanon. Hango Osasun Ministerioak gaur jakinarazi duenez, 31 lagun hil zituen Israelek eraso horietan, eta beste hainbat zauritu. Israelgo armadak Libanoko 40 herri husteko agindua eman zuen, denak herrialdearen hegoaldean, eta, guztira, 120 aldiz egin zuen eraso airez, Tel Avivek berak adierazi duenez. Gaur ere erasoak egin dituzte, eta beste bi lagun hil ditu Israelek Libanon.

Libanon su etena ezarri zuten Libanok eta Israelek apirilaren 16an, eta maiatzaren 15ean 45 egunez luzatzea adostu zuten. Hala ere, Israelek egunero egin du eraso Libanon, eta Israelgo Lehen Ministro Benjamin Netanyahuk berak astelehenean agindu zuen erasoak indartzeko.

Bada, atzo gauean X sare sozialean esan zuen «hasiera» besterik ez dela, eta «eraso gehiago» egingo dituztela: «Ez diogu Hezbollahren aurka borrokatzeari utzi, ezta une batez ere, eta eraso gehiago etorriko dira, Israelgo herritarren segurtasuna erabatekoa dela bermatu arte». Izan ere, jakinarazi zuen Israelgo armada Libanon egiten ari den operazioetan «sakontzen» ari dela, eta tropen presentzia «geroz eta handiagoa» dela Libanoko lurretan. Gainera, esan zuen Israelgo armadak «segurtasun gune bat» eraiki duela Libanon bertan.

Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek Libanoko Gobernuari leporatu dio Israelgo tropak Libanon egon behar izatea. Izan ere, gaur X sare sozialean esan duenez, Israelek «ez dauka anbiziorik» Libanoko lurretan.

Atzerri ministroa ez ezik, Israelgo Gobernuko beste hainbat kide ere azaldu dira azken egunetan Libanon erasoaldi indartsuago bat egitearen alde. Bezalel Smotrich Finantza ministroak, esaterako, asteon esan du Beirutek ondorioak jasan behar zituela «Hezbollahk egindako erasoengatik», eta milizia xiitak jaurtitako drone bakoitzeko Libanoko «hamar eraikin eraitsi» beharko liratekeela. Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben Gvirrek, berriz, Libanon gerra «berriro hasteko» eskatu zion astelehenean Netanyahuri. X sare sozialean idatzi zuen Israelgo mugatik 40 kilometrora dagoen Zahrani ibairainoko Libanoko lur guztiak okupatu behar direla.

Gaur ere egin ditu erasoak Israelek Libanon. Bertako albiste agentzia ofizialak zabaldu duenez, hainbat eraso egin ditu airez Israelgo armadak Deir Aames eta Braiqaa hirietan. Deir Aamesen bi lagun hil ditu, eta beste bat zauritu. Braiqaan, berriz, bi etxe suntsitu ditu Israelgo armadak.

Libanoko iturri ofizialek zabaldu dutenez, Martxoaren 2an Libanon lehen erasoa egin zuenetik 3.213 lagun hil ditu Israelek Libanoko lurretan, eta beste 9.737 zauritu. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 608 lagun hil ditu Israelek apirilaren 16an su etena ezarri zenetik. Israelgo armadak, berriz, adierazi du armadako hamar kide hil dituela Hezbollahk su etenaz geroztik.

Erasoekin lotuta, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek gaur goizaldean jakinarazi du Tel Avivek Hamaseko buru Mohamed Odeh hil zuela atzo Gazan. Al Jazeera hedabideak kaleratu duenez, haren emaztea eta bi haurrak ere hil zituzten erasoan. 2023ko urriaren 7an zerrendan erasoaldia abiatu zuenetik Israelek hil duen Hamaseko laugarren buruzagia da Odeh. Hamasek, baina, ez du albistea baieztatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA