Ekialde Hurbila

Israelek ere suziriekin erantzun die Libanori eta Gazari

Israelen arabera, Libanoko Hamasen azpiegitura suntsitu dute; Gazan, hainbat hiriri egin diote eraso, eta larri zauritu dute ume bat. Jerusalemeko Meskiten Zelaigunean dozenaka milaka musulman biltzekoak dira.

Israelen suziriak, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
Julen Otaegi Leonet - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko apirilaren 7a
10:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jarraipena izan du erasoaldiak. Atzo, 34 suziri jaurti zituzten Libano hegoaldetik Israel iparraldera. Horietatik 25 lurra jo aurretik suntsitu zituzten, misilen aurkako ezkutua baliatuta; gutxienez hiru zauritu izan ziren. Libanoko agentzien arabera, Israelgo armadak beste hainbat misilekin erantzun zien.

Israelek Hamas erakundea egin zuen erasoaren erantzule, eta Netanyahu herrialdeko lehen ministroak adierazi zuen «etsaien aurkako kontraerasoa» egingo zutela. Libano ere egin zuen «bere lurraldean gertatzen den guztiaren» erantzule, «baita Hamasek jaurtitako misilena ere». Bere hitza bete eta Gaza eta Libano bonbardatu ditu Israelek ordu txikietan. Israelgo segurtasun indarren arabera, Hamasen azpiegiturari eraso diote, «Libanotik operazio gehiago egingo ez dituela bermatuz». Gazan, hainbat tunel eta palestinarren armak suntsitu dituzte. Wafa Palestinako agentziaren arabera, ume bat larri zauritu dute, eta Gaza hiriko haurrentzako ospitale bati eraso izana leporatu dio Israeli. Era berean, hainbat hiriri ere egin diote eraso: Deir al Bala, Gaza erdialdean; eta Jan Yunis, hegoaldean. «Etxebizitzak eta beste eraikinak» kaltetu dituzte.

Gazak bera egin du: gauean zehar 44 suziri jaurti ditu. Israelgo segurtasun indarrek jakinarazi dute Sderot herrian erori dela horietako bat, baina ez da biktimarik izan. Beste hamalau Israel hegoaldean lehertu dira; zortzi, misilen aurkako ezkutuak suntsitu ditu; bederatzi «motz geratu ziren» eta Gazan bertan lehertu ziren; hamabik, itsasoan amaitu zuten.

Libanojo armada atzoko misilak jaurti zituzten ingurua miatzen aritu da, eta sare sozialetan partekatu dutenaren arabera, Marjayun eskualdean suzi jaurtitzaile bat aurkitu dute. Oraindik misilak ditu. Hura desegiteko lanean daude.

Zenbait iturriren arabera, Israelgo Polizia Al-Aqsa meskitara indarrez sartu izanarekin dago lotuta Libano hegoaldetik egindako erasoa. Herenegun indarrez sartu zen Polizia meskitara, eta 400 bat palestinar atxilotu zituen. Tel Aviven arabera, «behartuta» sartu ziren meskitara, «burua estalita» zeraman ustezko ekintzaile bat atzematera. Meskitako gertakariak tentsioa areagotu besterik ez du egin; gaur goizaldean, ehunka lagun bildu dira Al-Aqsaren inguruan, eta, egunean zehar, dozenaka milaka musulman biltzera dei egin dute Meskiten Zelaigunean, otoitz egiteko.

Atzo, segurtasun batzordearekin bildu zen Netanyahu otsailetik lehen aldiz. Herzl Halevi armadaburua eta Israelgo zerbitzu sekretuetako buru Ronen Bar bildu ziren egoera aztertzeko, eta ondorioztatu zuten beharrezkoa dela Meskiten Zelaiguneko tentsioa baretzea, egoerak okerrera egingo ez badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA