Israelen eta Hamasen arteko gerraren seigarren egunean, Gazak erabat blokeatuta jarraitzen du, eta Israelek segitzen du zerrenda bonbardatzen. Goizaldean, Israelgo armadak jakinarazi du «eskala handiko eraso bat» hasi duela. Tokiko hedabideen arabera, 151 palestinar hil dira gaurko erasoaldietan. Baina bonbek bezainbesteko kezka piztu du Israelek joan den larunbatetik Gazako herritarrei ezarri dien erabateko setioak. Israelek blokeatuta du eskualdea 2007tik, joan-etorriak ia erabat debekatzen dituzten kontrol neurri zorrotzekin, baina Hamasek Israeli egindako erasoaren harira, guztiz isolatu du Gaza. Atzo goizetik argindarrik gabe dago, zerrendako zentral elektriko bakarrari erregaia agortu zaiolako. «Gazan ez dute ez urik, ez janaririk, ez argindarrik izango», iragarri zuen Israelgo Gobernuak herenegun.
Israelgo Energia ministro Israel Katzek gaur adierazi du setioari eutsiko diotela Hamasek larunbatean Israelen bahitutako herritarrak askatzen ez dituen bitartean. «Laguntza humanitarioa Gazan? Ez da elektrizitaterik, ur edangarririk eta erregairik izango bahitu israeldarrak etxera itzuli arte», esan du X sare sozialean. Israelgo armadak baieztatu du talde islamistak gutxienez 97 pertsona dituela gatibu. Orotara, ehun eta 150 artean izan daitezkeela uste dute.
NBE Nazio Batuen Erakundeak herenegun ohartarazi zuen Gazako herritarrek «berehala» nozitzekoak direla edateko uraren eskasia; are, gaur adierazi du 650.000 lagunek dutela ur eskasia Gazan. Argindarrik gabe egoteak, gainera, nabarmen zaildu du «oinarrizko zerbitzuak eta baliabideak» herritarrei eskaintzea. Argindarrik gabe, ospitaleetan «larrialdietarako sorgailuekin» ari dira lanean. Gazako Osasun Ministerioak esan du osasun zerbitzuak «etapa kritikoan eta kolapso egoeran» daudela.
ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak adierazi du «ordu gutxi» geratzen direla Gaza erregairik gabe geratzeko, eta, hori ez ezik, Gazako bost ur instalazioetako hiruk ez dutela funtzionatzen. Gazako Osasun Ministerioak nabarmendu du «berehalako desastre humanitario baten arriskua» dagoela Gazan.
Israelgo blokeoaren ondorioz, Gazako biztanleen —2,3 milioi— %80ri ezinbestekoa zaio laguntza humanitarioa jasotzea, bizirauteko. Zenbait gobernuz kanpoko erakunderen esanetan, elikagai biltegiak hustuta geldituko dira hamar eguneko epean Israelek laguntzarako korridore bat zabaltzen ez badu. NBEk hala egiteko eskatu badio ere, Tel Avivek berretsi du setioari eutsiko diola, «Hamasen mehatxua ezabatu arte». Munduko Elikadura Programak ohartarazi du ura eta elikagaiak «oso azkar» agortzen ari direla.
Egipto prest agertu da giza laguntza helarazten laguntzeko, Rafahko korridorearen bitartez. Gaza hegoaldean dago, eta hura da Israelen esku ez dagoen Gazako muga pasabide bakarra. Hala ere, Kairok ohartarazi du korridorea ez dagoela erabilgarri, Israelek bonbardatu duelako. Gazatik 45 kilometrotara dagoen Egiptoko Al Arish aireportua prestatu du Kairok laguntza humanitarioa jasotzeko, eta hiru hegaldiren zain dago: Qatarretik irtengo dira bi hegazkin eta beste bat Jordaniatik.
Egipto giza laguntzarako bidea zabaltzeko gertu dagoen arren, argi utzi du ez dutela zibilentzako korridore bat irekiko, «palestinarren exodoa» eragingo lukeelako, eta horrek «kalte» egingo liokeelako «Palestinako auziari». Hamas ere neurri horren kontra agertu da, Gazako herritarren «desplazamendua» eragingo lukeelako, eta «palestinarrak beren aberria uztera behartuko» lituzkeelako. NBEren datuen arabera, Israelen bonbardaketek 340.000 barne desplazatu inguru utzi dituzte oraingoz. Atzoko datuen aldean, 75.000 lagun gehiagok egin dute beren etxeetatik ihes.
«Neurriko» erantzuna
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkaria bildu dira gaur Tel Aviven, eta Blinkenek berretsi egin du AEBek Israeli ematen dioten babesa: «Hemen gaude. Ez gara inora joango. Beti zuen ondoan izango gara». Netanyahuk eskertu egin dio «Hamaseko barbaroen aurka» egiteko ematen dion laguntza: «ISIS zanpatua izan zen bezala, zanpatua izan behar du Hamasek». Gainera, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallant NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekin bildu da gaur. «Israel ez dago bakarrik», esan du Jens Stoltenberg idazkari nagusiak.
Stoltenbergek Israeli «bere burua defendatzeko» eskubidea aitortu arren, atzo zehaztu zuen «erantzuna neurrikoa» izatea espero zuela, eta «garrantzitsua» dela «zibil errugabeen» heriotzak eragoztea. Antzera mintzatu da gaur Blinken, Netanyahuren aurrean. «Inporta du Israelek nola erantzuten duen». AEBetako Segurtasun idazkari Lloyd Austinek espero du Israelgo armadak «zuzen» jokatzea, baina argitu du Etxe Zuriak ez diola inolako baldintzarik jarri Tel Avivi laguntza militarra emateko. «Armada profesional bat da, buruzagi profesionalek gidatua». Israelgo zenbait hedabideren arabera, Pentagonoko burua Israelera bidaiatzekotan da, bihar.
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas Jordaniako errege Abdullah II.arekin bildu da, eta zibilen kontrako erasoak gaitzetsi ditu, «bi aldeetan». Abbasek Israeli eskatu dio Gaza bonbardatzeari uzteko, eta baimendu dezala laguntza humanitariorako sarrera. Horrez gain, esan du PANek Palestina Askatzeko Erakundearen ildo politikoari jarraitzen diola, eta erakunde hori dela «Palestinako herriaren ordezkari zilegi bakarra». Nabarmendu du PAEk uko egin ziola indarkeriari, eta nazioarteko zuzenbidea, erresistentzia baketsua eta ekinbide politikoa onartzen dituela soilik Palestinaren helburu nazionalak lortzeko. Abbas Blinkenekin biltzekoa da bihar, Jordanian.
Palestinako giza eskubideen aldeko Al-Haq erakundeak gaitzetsi egin du Mendebaldeak azken egunetako gertaeren aurrean izan duen erreakzioa. AEBek, Erresuma Batuak, Alemaniak, Frantziak eta Italiak Hamasen erasoak salatzeko astelehenean kaleratu zuten adierazpen bateratua kritikatu du. Idatzia izenpetu zuten herrialdeek prestutasuna agertu zuten «Israel bere burua defendatzeko gai dela bermatzeko». Al-Haqen iritziz, adierazpen horrek ez ikusiarena egiten die «gatazkaren erroko kausei», eta ez du aintzat hartzen «Hamas eta Palestinako beste erresistentzia mugimendu batzuk Israelen okupazioaren ondorio» direla. Bestetik, salatu du ez dela onargarria Israelen erasoa defentsarako ekintza zilegi gisa aurkeztea. «Israel Palestinako lurraldea okupatzen ari da modu beligerantean. Apartheid erregimen koloniala hedatzen ari da Palestinako lurralde okupatuetan, Palestinarrak Gazatik indarrez lekualdatzen saiatzen ari da jazarpen baldintzen bitartez, urratsez urrats Palestina historikoko lurralde gehiago eskuratzeko». Al Haq-ek dei egin die hirugarren estatuei elkarlanean jardutera, «Israelek nazioarteko zuzenbidea modu jarraituan urratzearen ondorioz sortu den egoera amaitze aldera», eta gaitzetsi egin du AEBek Israeli laguntza militarra emateko hartu duen erabakia.
NBEren aditu independente talde batek Israelen erasoak salatu ditu adierazpen batean, eta nabarmendu du «zigor kolektibo bat» ari zaiela ezartzen Gazako herritarrei. «Ez dago inolako justifikaziorik zibil errugabeen aurkako indarkeriarentzako, izan Hamasen edo Israelgo indarren aldetik. Erabat debekatuta dago nazioarteko zuzenbidean eta gerra krimen baten parekoa da». Arabiar Ligak ere palestinarren kontrako «zigor kolektiboa» egotzi zion Israeli, atzo egin zuen bilkuran.
Israelgo presidente Isaac Herzogek gaur nabarmendu du gerra «luzea» izango dela, eta Israelgo armadak adierazi du uste duela Hamas ere «prest» dagoela gerra luze baterako. Larunbatean Hamasek egindako erasoari buruz, hau esan du: «Holokaustotik ez dituzte hil hainbeste judu egun bakar batean». Gainera, gatazka sakontzeko arriskuan da. Beste dimentsio bat hartuko du epe motzera, Gallantek asteartean iragarri zuenez: Israelgo armada «eraso integral bat» ari da prestatzen. Ofentsiba airetik hasiko dutela azaldu zuen, eta, «aurrerago», lurretik ere egingo dutela. Gaur esan du lurreko erasoa Israelen helburuak betetzeko egokia denean abiatuko dutela. Israelgo armadaren bozeramaile Daniel Hagaren arabera, Gazarekin muga egiten duen «komunitate bat ere» ez dago soldadu israeldarrik gabe. Hamasek, berriz, adierazi du ez duela lurreko eraso baten «beldurrik», eta «indartsu» daudela: «Lurreko erasoak kostu handia izango du Israelentzat».
Bonbardaketak
Gaza iparraldean gogortu dira erasoak bart, eta etxe ugari suntsitu dituzte Israelgo armadak jaurtitako bonbek, baita Gaza mendebaldeko errefuxiatuen esparru bat ere. Gazako epaitegia eta eraikitzen ari diren portu berria ere bonbardatu ditu Tel Avivek, eta gerra itsasontziak zerrendaren kostaldeari eraso egiten ari dira. Israelgo armadak adierazi du larunbatean haien lurraldean sartu ziren Hamaseko kideek egoitzak bonbardatu dituela. Gainera, GKE gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Israelek fosforo zuridun munizioa jaurti dutela Gazara: erredura larriak eta arnasketan arazoak eragiten ditu, eta hori erabiltzea «gerra krimentzat» jotzen du nazioarteko zuzenbideak. Zisjordanian ere bi palestinar hil ditu gaur Israelek.
Bestalde, Hamasen adar militarrak gaur goizean iragarri du misilak jaurti dituztela bart Israelera, «Gazako zibilen hilketengatik». Gaur Sderot hiriari egin diote eraso, eta lau lagun zauritu dituzte gutxienez. Gainera, Jerusalem kanpoaldeko Beit Xemex hirian —Israelen menpe dago— misil bat erori dela iragarri dute Israelgo hedabideek.
Erasoaldiaren mehatxupean, borrokak beste fronte batzuetara zabaltzen ari dira. Herenegun goizaldean, Libanotik Israelera zenbait misil jaurti zituzten. Hezbollah miliziak bere gain hartu zuen, argudiatuta Israelek taldeko hiru kide hil zituela astelehenean. Erantzun gisa, Libano hegoaldea bonbardatu zuen Israelek. Gaur, berriz, Siriak salatu du Israelgo armadak eraso egin diela Damasko hiriburuko eta Alepoko aireportuei, eta biak zerbitzua eman ezinik gelditu direla.
Larunbatetik hona gutxienez 1.400 palestinar hil eta 6.000 zauritu ditu Israelgo armadak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera —horietatik 447 adingabeak—. Israelek jakinarazi duenez, bere aldean gutxienez 1.200 lagun hil dituzte, eta 3.300 baino gehiago dira zauritutakoak. Erasoaren tamainaren adierazle, datu hau: Bigarren Intifada osoan (2000-2005) Palestinako indarrek hil zituzten israeldarren kopuru bertsua hil du azken hiru egunetan Hamasek —1.010 hildako israeldar izan ziren Bigarren Intifadan, eta 2.700-3.200 palestinar—. Gazan ez ezik, Zisjordanian ere izan dira hildakoak. Gutxienez, 27: gehienak Israelgo indarren erasoetan, eta beste zenbait kolonoek egindakoetan.
Larrialdi gobernu bat osatzea adostu zuten atzo Netanyahuk eta oposizioko kide eta Defentsa ministro ohi Benny Gantzek. Haien hitzetan, alde batera utzi dituzte «diferentzia politikoak», gatazka «elkarrekin kudeatzeko».