Israelek eta Hezbola Libanoko alderdi eta gerrilla xiitak gaur trukatu dituzte presoak, iragarria zuten bezala. Hezbolak 2006ko uztailaren 12an Libanoko lurretan -Ait al Shab herri ondoan- gatibu hartutako bi soldadu israeldarrak entregatu dizkio nazioarteko Gurutze Gorriari, hilda, hilkutxetan: Ehud Goldwasser eta Eldad Regev. Telebistako irudietan ikusi ahal izan da hori. Ras Nakurako mugan entregatu ditu gorpuok.
Goldwasserri eta Regevi ADN froga egin ostean, Israelek arratsaldean bost libanoar askatu ditu, bizirik; tartean, Samir Kuntar libanoar druzoa -bizi arteko bost kartzela zigor dauzka, eta 1979tik dauka preso Israelek-. Kuntar PLF Palestina Askatzeko Fronteko ekintzailea izan zen. Horiez gain, 2006ko udan Israelgo armadak Libano inbaditu eta airez, itsasoz zein lurrez eginiko erasoetan eta haren kontra erresistentzia libanoar eta palestinarrak eginiko borroketan hil ziren 200 lagunen gorpuak entregatu ditu Tel Avivek; haien artean, hainbat palestinarrenak eta sei tunisiarrenak. Ros Nakura-Rosh Hanikrako mugan entregatuko dizkio horiek denak Gurutze Gorriari.
Ras Nakurako mugan Hezbolako dozenaka miliziano egon dira, beltzez jantzita. Hainbat eta hainbat libanoar eta palestinar ere egin dira, presoen eta gorpuen zain.
Akordio hori lortzeko, Gerhard Conrad Alemaniako Gobernuko ordezkaria aritu da bitartekari lanetan, Nazio Batuen Erakundeak hala erabakita.
Elias Murr Libanoko Defentsa ministroa gustura azaldu da hitzarmenarekin. "Herriaren, armadaren eta erresistentziaren garaipen eguna da", esan du gaur. Joan den astean Hezbolako idazkari nagusi Hassan Nasralak esan zuen garaipen hori ez zela soilik bere taldearena izango; haatik, Libanoko herri osoak eta talde guztiek bere egin behar zutela adierazi zuen, "guztion garaipena" izango zela argudiatuta.
1991tik Israelek eta Hezbolak egindako zortzigarren preso trukea da.
Mundua
Israelek eta Hezbolak trukatu dituzte presoak
Hezbolak 2006an gatibu hartutako bi soldadu israeldarrak hilda entregatu ditu. Israelek bost libanoar askatu ditu ondoren. "Herriaren, armadaren eta erresistentziaren garaipen eguna da", esan du Libanoko Defentsa ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu