Hamasen adar armatuko komandantea hil du Israelek

Su etena 45 egunez luzatzea adostu dute Beirutek eta Tel Avivek; Israelgo armadak, ordea, gutxienez zazpi lagun hil ditu orduz geroztik Libano hegoaldean.

Izz al-Din al-Haddad Hamasen adar armatuko komandantearen gorpua, gaur, Gaza hirian egin dioten hiletan. MOHAMMED SABER / EFE
Izz al-Din al-Haddad Hamasen adar armatuko komandantearen gorpua, gaur, Gaza hirian egin dioten hiletan. MOHAMMED SABER / EFE
Julen Otaegi Leonet - Julen Urrestarazu
2026ko maiatzaren 16a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek Gaza hirian egindako bonbardaketa batean hil zuen atzo Izz al-Din al-Haddad Hamas talde palestinarraren Gazako zerrendarako buru eta taldearen adar armatuko —Al-Qassam Brigadetako— komandantea; urtebete inguru egin du bi karguetan, iazko maiatzean hil baitzuten ardura horiexek zituen aurreko buruzagia, Mohammed Sinwar. Hamaseko goi kargudun batek Efe agentziari baieztatu dio gaur al-Haddad «martiriaren» heriotza. Eyal Zamir Israelgo armadako buruak ere Hamasen buruaren hilketaren berri eman du: «Urriaren 7ko sarraskiaren arduradun nagusietako bat zen», adierazi du ohar bidez.

Zerrendako iturrien arabera, beste sei lagun ere hil ziren atzo Gaza hiriaren kontra egindako erasoetan, al-Haddaden emaztea eta alaba tartean; hiru horien hiletak egin dituzte gaur.

Urriaren 10ean zerrendarako su etena ezarri zutenetik Hamasen buruzagitzaren kide bat hil duten lehenbiziko aldia da atzokoa. «Israelek ziurtatu du martiria zela armak entregatzeari uko egin dion bakarra, eta horrexegatik egin ziola eraso, mugimendua malgua den arren auzi horri dagokionez», adierazi dio talde palestinarraren iturriak Eferi, eta gogorarazi du Israelek akordioan hitzemandakoa bete behar duela, su etena ezarri geroztik 850 palestinar hil baititu zerrendan. Are, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 75.000 baino gehiago hil ditu.

Libano ere, jomugan

Hamasek eta Israelek adostutako akordioak ez du eperik; bai, ordea, Beirutek eta Tel Avivek duela hilabete ezarritako tregoak. Berez atzo amaitzekoa zen, eta, Israelek erasoak eten ez dituen arren, 45 egunez luzatzea adostu zuten, Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak atzo gauean iragarri zuenez.

Dena den, Israelgo armadak eraso egiten jarraitu du Libano hegoaldearen aurka, Hezbollah milizia xiitaren kontrako operazioak egiten ari dela argudiatuta. Apirilaren 17an ezarritako su etena luzatuko zutela iragarri eta gero, gutxienez sei lagun hil zituzten hegoaldeko Haruf herrian egindako erasoetan, tartean hiru osasun langile, Libanoko albiste agentzia nazionalak kaleratu zuenez; gaur, berriz, Libanoren eta Israelen arteko mugatik gertu beste herritar bat hil dela jakinarazi du.

Martxoaren 2tik ehun osasun langile baino gehiago hil ditu Israelgo armadak, anbulantziei, mediku zentroei eta larrialdietako taldeei egindako erasoetan. Guztira 2.900 herritar baino gehiago hil ditu Libanon gatazka gogortu zenetik.

Beiruten eta Tel Aviven arteko elkarrizketen harira, Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak Hezbollahren kontrako adierazpenak egin zituen atzo: «Nahikoa dugu atzerriko proiektuei eta interesei erantzuten dieten abenturekin; azkenak gerra ekarri zigun, eta ez genuen guk aukeratu, inposatu egin ziguten», esan zuen agerraldi batean. Iranen babespeko milizia bat da Hezbollah, eta Israeli eraso egiten hasi zen martxoaren hasieran, AEBek eta Israelek Ekialde Hurbileko gatazka areagotu ostean. 

Estatu Departamentuko bozeramaile Tommy Pigottek Libanoren eta Israelen arteko beste bi bilkura iragarri zituen atzo sare sozialetan. «Politikoa» bata, orain arteko negoziazioen jarraipena, ekainaren 2rako eta 3rako; eta «segurtasunari buruzkoa» bestea, zeinean bi herrialdeen «ordezkaritza militarrak» Pentagonoaren egoitzan bilduko diren, maiatzaren 29an. «Espero dugu eztabaida horiek aurrera egitea bi herrialdeen arteko bake iraunkorra lortzeko, subiranotasuna eta lurralde osotasuna erabat onartzeko, eta benetako segurtasuna ezartzeko haien arteko mugan zehar», idatzi zuen bozeramaileak.

Etxe Zuria bitartekari aritu da bi herrialdeen artean, eta dagoeneko hiru bilera sorta egin ditu Libanoko eta Israelgo ordezkarien artean, Washingtonen; azkena, herenegun eta atzo artekoa. Libanoko ordezkaritza Nada Hamadeh Libanok AEBetan duen enbaxadoreak eta Simon Karam enbaxadore ohiak osatzen dute; Israelgoa, berriz, Yechiel Leiter Israelek AEBetan duen enbaxadoreak eta Yossi Draznin Segurtasun Nazionaleko aholkulariordeak. AEBen aldetik, Michael Needham Estatu Departamentuko aholkulariak, Mike Huckabee AEBek Israelen duten enbaxadoreak eta Michel Issa AEBek Libanon duten enbaxadoreak parte hartu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE