Israelek garrantzia kendu die Europako Batzordeak proposatutako neurri ekonomikoei

PANek erantzun egin dio Gaza berreraikitzeko Israelen planari: «Ez da saldu, banatu edo esleitu daitekeen higiezin bat».

Kea Gaza iparraldean, Israelen bonbardaketa baten ostean, atzo. ABIR SULTAN / EFE
Kea Gaza iparraldean, Israelen bonbardaketa baten ostean, atzo. ABIR SULTAN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko irailaren 18a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tel Avivek garrantzia kendu nahi izan dio Europako Batzordeak hari «merkataritza abantailak» kentzeko eginiko proposamenari. Israelgo Ekonomia Ministerioaren mendeko Esportazioen Institutuko zuzendariak, Ayelet Nahmias-Verbinek, esan du «zailtasunak» ekarriko dituztela batzordeak iragarritako neurriek, nahiz eta berreskuratzeko gaitasuna duten: «Interesak baldin badaude, lasterbideak ere bai», esan die herrialdeko hedabideei.

Iragarpenak iragarpen, kezka bestelakoa da: Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak atzo jakinarazi zuen ez dela erraza izango Israelen kontrako proposamena onartzea, gehiengo kualifikatua beharko baitu Europar Kontseiluan; hots, 27 kideetatik behintzat hamabostek babestu beharko lukete, eta baiezkoa emango luketen kide horiek gutxienez EBko biztanleen %65 eduki beharko lituzkete. Antonio Costa kontseiluko presidenteak, ordea, harrera egin die neurriei: «Ez dira israeldarren kontrakoak. Horien helburua da argi uztea Europak ezin dituela onartu Israelgo Gobernua Gazan eta Zisjordanian egiten ari den ekintzak; Israelek bere burua defendatzeko eskubide legitimoa gainditu du», adierazi du sare sozialetan.

EBk eta Israelek 2000. urtean sinatu zuten elkarren arteko lankidetzarako akordioa. Zabala da, gero, eta zenbait herrialdek hura aztertzeko eskatu zioten Europako Batzordeari, Israelek giza eskubideak errespetatu behar direla dioen 2. artikulua urratzen zuelakoan. Ondoren heldu da akordioaren alderdi komertziala besterik ez moldatzeko erabakia —aintzat hartzekoa da Europako Batasuna dela merkaturik garrantzitsuena Israelentzat, esportazioen ia herenak talde komunitarioko herrialdeetara egiten baititu—.

Kontseiluko kideek erabakia berretsiz gero, EBren eta Israelen arteko salerosketak ez dira etengo, ez: zenbait produktuk talde komunitarioko merkatuan sartzeko lehentasuna galduko dute, bereziki laborantzakoek, eta EBk merkataritza askeko akordiorik ez duten herrialdeei aplikatzen dien zerga bera ezarriko zaie. Israeli emandako laguntza ekonomikoak ere etengo dituzte, eta zigorrak ezarri «muturreko» ministroei, Zisjordaniako lurrak okupatuta dituzten kolono «biolentoei» eta Hamasi.

Ekialde Hurbileko Riviera gogoan

Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministroak atzo esan zuen Gaza «pagotxa» dela higiezinen ikuspuntutik, eta AEB Ameriketako Estatu Batuekin negoziatzen ari dela zer egin zerrendarekin: «Diru asko ordaindu dugu gerrarengatik, erabaki egin behar dugu, hortaz, lurrak nola banatu. Berriz eraikitzearen lehen fasea beti da eraistea. Egin, egin dugu». Gogoratzekoak dira, halaber, Donald Trump AEBetako presidenteak otsailean egindako adierazpenak, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu eta gero: zerrendan bizi diren bi milioi palestinar baino gehiago Egiptora eta Jordaniara bidaliko zituztela, eta «Ekialde Hurbileko Riviera» eraikiko zutela.

PAN Palestinako Aginte Nazionalaren Atzerri Ministerioak erantzun egin dio Smotrichi: «Gaza ez da saldu, banatu edo esleitu daitekeen higiezin bat». Kaleratu duen ohar batean, ohartarazi du plan horrek «genozidioa» eta palestinarren desplazamendua dakartzala: «Aitortzen ari dira Gazako zerrenda osoa suntsitu nahi dutela, eta ezin bizizko bihurtu». PANek Israel zigortzeko ezer gutxi egitea egotzi dio nazioarteari.

Israelen, gobernuaren kontrako protestak hauspotu ditu Hamasek 2023ko urriaren 7tik gatibuak dituen horien egoerak. Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak deituta, Netanyahuren Jerusalemgo etxebizitza parean biltzen dira egunero, 19:30ean, gatibuak onik itzul ditzatela exijitzeko. Estimatzen da 48 daudela oraindik Hamasen eskuetan, horietatik 20 besterik ez bizirik.

Bahituta egon zen batek, Ilana Gritzewskyk, Gaza hiriaren aurkako lurreko erasoaldia gaitzetsi du, herrialdeko armadaren irratian: «Gogorra da lehen ministroak gatibuei bonbak botatzeko agindua eman izana». Haren bikotekidea Gazan dago oraindik, eta salatu du ez dakitela zer-nola dauden. «Badakit zein den beren egoera: hegazkin bat igarotzen den aldiro babes hartu behar duzu. Babes hartu behar izan nuen, eraikinen hondarrek ez nintzaten jo. Lehen ministroaren aginduaren ondorioz, bahituak eta soldaduak hil daitezke», erantsi du Gritzewskyk.

Espainia eta Haga

Bestalde, Espainiako Fiskaltzak jakinarazi duenez, Alvaro Garcia Ortiz fiskal nagusiak dekretu bidez baimendu du talde bat sortzea Gazan nazioarteko legedia urratzen ari ote diren aztertzeko. Talde horrek NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin batera egingo du lan, eta Israelgo armadaren ekintzei erreparatuko die. Dolores Delgado Memoria Demokratikoaren fiskalak egin du eskaera.

Gazan gutxienez 48 palestinar hil dituzte Israelen erasoetan gaur, Al-Jazeera hedabideak zerrendako iturriak aipatuz kaleratu duenez; horietako 37, Gaza hirian. Azken 24 orduetan, berriz, lau lagun hil dira gosez; tartean, haur bat.

Bestalde, Israel eta Jordaniaren arteko mugan tiroketa bat izan da, eta bi pertsona hil dituzte. Israelgo hedabideek armadako iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Gazara laguntza humanitarioa zeraman kamioi bateko gidaria izan da erasoaren egilea; militarrek tiroz hil dute.

AEB-etako epaile batek mahmud khalil ekintzailea deportatzeko agindu du

Louisiana estatuko (AEB) immigrazio epaile batek Mahmud Khalil Palestinaren aldeko ekintzailea deportatzeko agindua eman du gaur, argudiatuta informazioa ezkutatu zuela bizileku baimena eskatzean; hala jakinarazi du ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak. Siriako palestinar errefuxiatuentzako kanpaleku batean jaio zen, eta Aljeriako herritartasuna ere badu; hortaz, bi herrialde horietako batera deportatzeko eskatu du epaileak. Khalilen abokatuek iragarri dute helegitea jarriko dutela.

Epaileak adierazi du Khalilek «nahita» ez zuela esan UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren kide izan zela aldi baterako, ezta Columbia Unibertsitateko Palestinaren aldeko talde baten parte zela ere, helburu batekin: bizileku baimena ezeztatzea ekiditea.

Khalil 2022an joan zen New Yorkera, Columbia Unibertsitateko Nazioarteko Harremanen eta Afera Publikoen Eskolan ikasteko. UNRWAren New Yorkeko egoitzan praktikak egin zituen, eta graduondoko bat egiten ari zen.

Gazako setioa salatzeko unibertsitateetako protestetan parte hartu zuen Khalilek, eta bitartekari lanetan ere aritu zen manifestarien eta Columbiako zuzendaritzaren artean. Donald Trump Etxe Zurira heldu ondotik, martxoan ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko agenteek atxilotu egin zuten New Yorkeko etxean zegoela, «antisemita» eta «Hamasen jarraitzailea» izatea leporatuta. Hiru hilabete pasa zituen Louisianako migratzaileentzako atxilotze zentro batean, harik eta AEBetako epaile federal batek aske uzteko agindua berretsi zuen arte, ekainean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.