Ordu luzez batzartuta egon ostean, Israelgo Segurtasun Kabinetetak Gaza hiria okupatzeko plan bat onartu duela jakinarazi du gaur goizaldean Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bulegoak. Komunikatuaren arabera, Netanyahuren planari oniritzia eman dio kabineteak, eta «gerra amaitzeko» zenbait neurri zehaztu dituzte; besteak beste, Tel Avivek zerrenda osoaren kontrola hartuko duela jakinarazi du. Bestetik, Hamas Gazako talde islamista armagabetzea ere plan horren barruan dago, baita bahitu israeldarrak etxera bueltan eramatea eta zerrendan «administrazio zibil alternatibo bat» ezartzea ere. Hau da, Israelgo armadak Gaza kontrolpean hartu ostean, bertan indarrez gobernu bat ezartzeko asmoa du, ez Hamasekoa, ez PAN Palestinako Agintaritza Nazionalekoa. Plan horrek, martxan jarriz gero, beste dozenaka mila palestinar desplazatzea eragingo luke.
Gaur onartutako planaren arabera, helburu nagusiak «Hamas garaitzea» eta «gatibuak itzultzea —bizirik daudenak eta hildakoak—» dira. Horretarako, Israelgo armada Gaza hiria hartzeko prestatzen hasiko dela jakinarazi du Netanyahuren bulegoak, baita «gatazka guneetatik kanpo» dauden gazatarrei laguntza humanitarioa emateko ere. Kabinetearen asmoen kontra, milaka herritar protestan atera ziren Israelen bart gauean. Manifestazio horietako batean, Tel Aviven, bederatzi pertsona atxilotu dituztela jakinarazi du Israelgo Poliziak.
Izan ere, Gazako erasoaldia areagotzeko asmoek ezinegona eragin dute Israelen bertan ere. Hasieran, asteartean zen batzartzekoa segurtasun kabinetea, baina, barne eztabaidengatik, atzo arte atzeratu zuten. Azkenean, atzo arratsaldean bildu zen kabinetea, eta hamar orduz egon ziren batzartuta, Gazako setioaren hurrengo urratsen inguruan eztabaidatzeko eta lehen ministroak aurkeztutako planari oniritzia eman ala ez erabakitzeko. Netanyahuk zerrenda osoa okupatzea proposatu du asteon, eta asmo hori berretsi zuen bilkura hasi aurretik: okupatu bai, baina «anexionatu» ez, esan zuen Netanyahuk, herrialdeko hedabideek jaso zutenez.
Barne oposizioa
Armadan bertan ere ez daude eroso Netanyahuren erabakiarekin. Eyal Zamir Armadako buruak adierazi du ez dagoela ados Gaza hiria okupatzeko planarekin. Israelgo hedabideetan agertu denez, plan horrek bahituen bizitzak arriskuan jarriko dituela uste du Zamirrek, soldaduak leherraraziko dituela, eta Israelen nazioarteko irudiari kalte egingo diola, gainera. Hiria okupatu beharrean, Gazako zerrenda inguratzea proposatu du bileran armadako buruak, mobilizazio orokorrik egin beharrik gabe. Halere, arratsaldean, armada adostutako plana betetzeko prest dagoela adierazi du Zamirrek, Israelgo hedabideek kaleratu dutenez.
Gazan dauden gatibu israeldarren senide askok ere kalterako ikusten dute plana, eta atzo iluntzean protestak egin zituzten kalean, segurtasun kabinetea bildua zegoen eraikinaren inguruan, Jerusalemen. Gatibu egondako zenbait lagunek ere parte hartu zuten protesta horietan. Gaur ere hitz egin dute senideek, sare sozialetan: «Gobernuak katastrofe erraldoi batera eramango ditu bahituak eta soldaduak. Israelgo herriak ekintza arriskutsu hau gelditu dezake, eta gelditu behar du. Bahituak akordio baten bidez soilik itzuliko dira», adierazi du Bahituen Senideen Foroak. Israelgo Gobernuaren arabera, 50 bahitu israeldar daude milizia palestinarren esku, erdiak baino gehiago hilik.

Oposizioak ere goratu du ahotsa. Yair Lapid oposizioko buruak adierazi du «desastre hutsa» dela erabakia: «Desastre gehiagotara eramango duen desastre bat». Erabaki horren ondorioz, gatazka «hilabeteetan» luzatuko da, eta bahituak eta «soldadu asko» hilko dira, Lapiden ustez, eta kostu ekonomiko ikagarria izango du, gainera. Bestalde, ministro ultranazionalistek gobernuaren gainean duten eragina gaitzetsi du, uste baitu haiek eraman dutela Netanyahu bide okerretik. «Inork ulertzen ez duen eta inora ez daraman okupazio alferrikako bat da». Ezkerreko oposizioko buru Yair Golanek ere «desastretzat» jo du erabakia.
Palestinarren erreakzioa
Israeldik kanpo ere kritikatu dituzte Tel Aviven asmoak. Plana onartu eta berehala etorri dira erabakiaren kontrako erreakzioak. PANeko presidente Mahmud Abasentzat, gaurko erabakia Israelek abiarazitako «genozidio politiken, hilketa sistematikoen, gosetearen eta setioaren jarraipena» da. Abasen bulegoak kaleratu duen komunikatuaren arabera, Tel Aviven planak nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen du, eta «inoiz ez bezalako hondamendia» eragingo du.
Hamasentzat, berriz, Gaza hiria okupatzeko plana martxan jartzea Israelek egindako «beste gerra krimen bat» da. Talde islamistak komunikatu batean adierazi du erabaki horrek erakusten duela Netanyahuri eta Israelgo Gobernuari ez diela «axola» bahitu israeldarren «patuak». Eta gaineratu du argi geratu dela zein den Tel Aviven benetako asmoa: «Okupazioa aurrera eramateko asmoa zuelako atera ziren bat-batean [Gazarako menia bat adosteko] azken negoziazio saiotik».
Nazioartearen gaitzespena
NBE Nazio Batuen Erakundea ere gogor mintzatu da: «Lekualdatze masibo gehiago, heriotza gehiago, sufrimendu handiagoa, zentzurik gabeko suntsipen handiagoa eta krimen beldurgarri gehiago besterik ez du ekarriko». Volker Turk Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandataria mintzatu da, Israelgo Segurtasun Kabinetearen erabakia jakin orduko. Gazako zibilak salbatzeko plan bat beharko litzateke, Turken esanetan, gatibuak baldintzarik gabe askatu beharko lituzkete, eta «modu arbitrarioan atxilotutako palestinarrak» askatu egin beharko lituzkete. Horregatik, exijitu du «berehala» bertan behar uzteko gaur adostutako plana.
EB Europako Batasunak ere atzera egiteko eskatu dio Tel Avivi. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak sare sozialetan gaitzetsi dute Netanyahuren plana, eta biek ala biek eskatu diote «berriz hausnartzeko» Gaza hiria okupatzeko planaren inguruan.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi du «okerra» dela Gaza hiria okupatzeko asmoa, eta erabakia berriz pentsatzeko eskatu dio Israelgo Gobernuari: «Ekintza horrek ez du inolako ekarpenik egingo gatazka hau bukatzeko, eta ezta bahituak askatzeko ere. Odol gehiago isurtzea besterik ez du eragingo». Su etena, laguntza humanitarioa sartzea, bahituak askatzea eta konponbidea negoziatzea, horiek dira orain gakoak, Starmerren ustez, eta ez Gaza okupatzea. Beste aldera ere begiratu du, halere: «Hamasek herrialdea utzi behar du, eta desarmatu».
%57Israelek Hamasekin akordio bat negoziatu beharko lukeela uste duten israeldarren portzentajea. Maariv Israelgo egunkariak asteon egindako inkesta baten arabera, israeldar gehienak daude Gazako erasoaldia areagotzearen aurka: %57k uste du Tel Avivek Hamasekin akordio bat negoziatu beharko lukeela bahituak askatzeko eta gerra amaitzeko. Kontrara, inkestatutako israeldarren herena Gaza okupatzearen alde agertu da.
Alemania gaitzespenetatik harago joan da, eta, Tel Avivek gaur hartutako erabakiaren harira, arma esportazioak etengo dituela iragarri du Friendich Merz kantzilerrak. Israelek Hamas desarmatzeko eta bahituak askatzeko eskubidea duela uste du Merzek, baina ez du uste horretarako Gazako erasoaldia areagotu behar duenik. Horregatik, Israeli ez dizkio salduko «Gazan erabil ditzakeen armak».
Penny Wong Australiako Atzerri ministroak ere azkar erantzun dio Israeli, bide horretatik ez joateko eskatzeko. Plan horrek «Gazako hondamendi humanitarioa okertu besterik ez du egingo», haren hitzetan: «Bi estatuen soluzioa da bake iraunkor bat lortzeko bide orri bakarra». Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek ere Tel Aviven erabakia gaitzetsi du: «Okupazioa militarra areagotzeak suntrsipen eta sufrimendu gehiago baino ez du ekarriko», salatu du sare sozialetan. Turkiako Atzerri Ministerioak, bestalde, nazioarteari dei egin dio, eta eskatu du eragozteko Israeli plana martxan jartzea.