Azkenean nazioarteko presioak Israelek Gazan duen blokeoa arintzeko balio izan du. Gaur bertan hartu du Benjamin Netanyahuren gobernuak blokeoa arintzeko erabakia, eta horri esker, erabilera zibilerako diren produktuak baimenduko ditu. Oraindik ez ditu baldintzak zehaztu, baina duela egun batzuk Tony Blairren nazioarteko ordezakaritzarekin hitzartutakoak izango dira. Hain zuzen, ia era guztietako elikagaiak, botikak eta orain arte oso miurriztua egon den eraikitzeko materiala. Sartzen dena, hala ere, Nazio Batuen Erakundeak gainbegiratuko du.
Askatasunaren flotillan Israelgo armadak bederatzi ekintzaile hil zituenetik nazioarteko presioa etengabea izan da. Gazara lehen mailako beharretarako gaiak eramateko asmotan zebiltzan itsasontzietako gertaerak Netanyahu behartu du neurriak pixka bat arintzera, lau urtean lehen aldiz, eta bereziki 2007tik, Hamas boterean denetik. Orduztik era guztietako gabeziak dituzte palestinarrek, eta askotan lehen mailakoak.
"Gazan produktu zibilak sartzeko modua liberalizatzea erabaki da, eta sar daitezkeen materialak gehiago izatea, nazioarteko gainbegiratuarekin", azaldu du gobernuak ohar labur batean. Ez du debekaturik dauden produktuen berri ematen, nahiz eta zehazten duen debekaturik jarraitzen dutela helburu militarretarako erabil daitezkeenak: "Gaur egungo segurtasun prozedurak jarraituko du, gerra materiala eta armak sartzea eragozteko". Datozen egunetan gobernuak azalduko ditu eginbeharrak "politika hori eraginkorra egiteko".
Itsasotik dagoen blokeoari buruz ez du aipamenik egin, eta badirudi, bere horretan mantenduko dutela. Hala ere, aldaketa handienetako bat da, orain arte debekaturik zegoen porlana sartzeko aukera izango duela Nazio Batuen Erakundeak, eraikitzeko behar diren beste material batzuez gain, eta horri esker berreraikitzen hasteko aukera izango dute Gazan. 2008ko abendutik 2009ko urtarrilera Israelgo armadak egindako ofentsibaren eraginez txiikituta geratu ziren etxebizitza eta eraikin asko. 1.400 pertsona inguru hil zituzten orduan, gehienak zibilak.
mundua
Israelek Gazako blokeoa arindu du
Ia era guztietako elikagaiak eta sendagaiak sartzeko baimena ematea erabaki du gaur Benjamin Netanyahuren gobernuak, baita eraikuntzarako materiala ere, betiere Nazio Batuen kontrolpean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu