Israelek lau solairuko etxebizitza eraikin bat bonbardatu eta eraitsi du gaur goizaldean Jabalia hirian, Gaza iparraldean. Gazako Defentsa Zibilak komunikatu batean jakinarazi duenez, gutxienez bederatzi pertsona hil dira eraso horretan, eta beste sei bizirik erreskatatu dituzte, «guztiak zibilak». Uste dute 50 pertsona inguru daudela oraindik hondakinen azpian, baina Defentsa Zibilak erreskate lanak utzi behar izan ditu, «material faltagatik»; herritarrek desagertutakoen bila jarraitu dute. Hain zuzen, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bulegoaren arabera, azken astean Israelgo armadak lau bider areagotu ditu Gazako etxebizitzen aurkako erasoak.
OHCHRek Palestinan duen bulegoak atzo argitaratutako txosten batean jakinarazi zuenez, azken astean Gazako erasoetan hildakoen erdiak baino gehiago —629tik 358— etxebizitza eraikinetan edo errefuxiatuen kanpalekuetako kanpadendetan zeuden. OHCHRek «susmoa» du Israelgo armada ez dela ari, soilik, helburu militarrei eraso egiten. Bizitokien aurkako erasoak areagotzeak hori erakusten duela ondorioztatu dute.
Iritzi berekoa da NBE Nazio Batuen Erakundearen beste agentzia bat ere. OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak Gazako egoeraren inguruko txostena argitaratu zuen herenegun; haren arabera, Tel Aviv gero eta eraso gehiago egiten ari da «etxebizitza eraikinen, kanpadenden eta jendez betetako ospitaleen aurka». Agentziaren ustez, Gazaren aurkako azken erasoaldian Israelek saiakera «eskasa» egin du edo «ez da arduratu» zibilen bizitza babesteaz.
Gaurko erasoetan, Israelgo armadak gutxienez 28 palestinar hil ditu Al-Jazeera hedabideak Gazako Osasun Ministerioko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Bestalde, OHCHRek atzo argitaratutako txostenaren arabera, 2023ko urriaren 7tik —Israelek Gazaren aurkako oldarraldia are eta gehiago gogortu zuenetik— aste «hilgarrienetako bat» izan da azkena kazetarientzat: bederatzi kazetari hil ditu Israelek Gazan azken zazpi egunetan. Gainera, OHCHRren Palestinako bulegoak uste du «kasu askotan» kazetariei «nahita» egin dietela eraso, «Gazan gertatzen ari denaren inguruko informazioa mugatzeko asmoz».
%81
Gazako lurraldearen zer zati dagoen Israelen kontrolpean edo huste agindupean. Gazako zerrendaren %81 osatzen dute Israelgo armadak kontrolatutako «segurtasun eremuek» eta ebakuazio agindupean dauden guneek. Hala jakinarazi zuen OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak, herenegun zabaldutako txosten batean.
Horren guztiaren harira, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «Gazako gerra» justifikatzeko erabili du Washingtonen atzo gertatutako hilketa; tiroz hil zituzten Israelen enbaxadako bi langile. Poliziak hiltzailea atxilotu zuenean, «Palestina libre!» egin zuen hark oihu. Hain zuzen, Hamaseko milizianoek 2023ko urriaren 7an «oihu bera» egin zutela adierazi zuen Netanyahuk atzo gauean sare sozialetan zabaldutako bideo batean. Egun hartan, Gazako milizia palestinarrek, Israelera sartu, eta 1.200 pertsona inguru hil zituzten, eta 251 bahitu. Hori dela eta, Israelgo lehen ministroak atzo esan zuen «neonazi horientzat» Palestina aske aldarria Heil Hitler oihuaren «bertsio gaurkotua» dela.
«Alde okerrean»
Netanyahuk Hamas babestea leporatu zien Erresuma Batuari, Frantziari eta Kanadari: «Palestinako estatu bat sortzea proposatu dute, eta hala hiltzaile horiek sarituko dituzte». Asteon, hiru estatu horiek iragarri dute Israelen aurkako «neurriak» hartuko dituztela baldin eta Tel Avivek ez badu Gazako erasoaldia eteten. Horren harira, honela mintzatu zen Netanyahu atzo: «Hamasek eskerrak eman dizkie [Frantziako presidente Emmanuel] Macroni, [Erresuma Batuko lehen ministro Keir] Starmerri eta [Kanadako lehen ministro Mark] Carneyri Israeli Gazako gerra berehala gelditzeko exijitzeagatik». Eta Hamasek eskerrak ematen badizkie, «justiziaren alde okerrean», «gizatasunaren alde okerrean», eta «historiaren alde okerrean» dauden seinale dela uste du Netanyahuk.
Jean Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroak, ostera, atzo sare sozialetan adierazi zuenez, «zentzugabea» da esatea bi estatuen soluzioa babesten dutenak Hamasen eta antisemitismoaren alde daudela.
«Armagabetzea»
AFP Albiste agentziak iturri ofizial bat aipatuz kaleratu duenez, Libanoko palestinar errefuxiatuentzako kanpalekuak «armagabetzeko» akordio bat erdietsi dute Libanoko Gobernuak eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek. Informazio horren arabera, ekain erdialdean hasiko lirateke operazio horrekin, Beiruteko errefuxiatuentzako kanpalekuetan.
bost krimen leporatu dizkiote washingtongo erasoetan atxilotutakoari
Israelgo enbaxadako bi langile hiltzeagatik atzo atxilotutako 31 urteko gizona Washingtongo auzitegi federal batean epaitu dute, eta AEBetako Justizia Departamentuak bost krimen leporatu dizkio: lehen graduko bi hilketa, atzerriko funtzionarioen hilketa, eta suzko armekin lotutako bi kargu. AEBetako hedabideek ikerketako iturriak aipatuz jakinarazi dute gizonak hilketaren egiletza aitortu zuela atxilotu zutenean. Fiskaltzak heriotza zigorra eskatuko ote duen galdetuta, Jeanine Pirro Washingtongo behin-behineko fiskal federalak prentsaurreko batean jakinarazi du «goizegi» dela hori esateko,eta kasua «gorroto delitu eta terrorismo ekintza» gisa ikertzen jarraituko dutela.