Israelek gogor jo du Libano berriro ere, eta Trump Teheranen zain dago

Israelgo armadak gutxienez hamasei lagun hil ditu Libanon, eta ez du erasoaldia eten. Donald Trumpek oraindik ez du Iranen erantzunik jaso, eta Teherani mehatxu egiten jarraitzen du.

Israelgo armadak jotako autoetako bat, atzo, Libanon. WAEL HAMZEH / EFE
Israelgo armadak jotako autoetako bat, atzo, Libanon. WAEL HAMZEH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 9a
19:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek mehatxuka egin du diplomazia Etxe Zurira iritsi zenetik. Hala jokatu izan du Iranekin negoziatu nahi izan duen bakoitzean, eta atzo bezala, gaur ere mehatxu egin dio Teherani. Atzo gauean —Euskal Herrian gaur goizaldea zela—, kazetarien aurrean hitz egin zuen, eta esan zuen espero duela gaur bertan jasoko duela Irani egindako proposamenaren erantzun bat. Erantzunik iritsi ezean, erasoak egiten jarraitzeko asmoa erakutsi du Trumpek. Israelek, bitartean, beste erasoaldi bat abiatu du Libanon, eta gutxienez hamasei lagun hil ditu gaur hainbat erasotan.

«Badirudi Iranen gutun bat jasoko dudala gaur gauean. Ikusiko dugu». Trumpen hitzak dira, atzo gauean Etxe Zuritik irteterakoan esandakoak. AEBetako presidenteak akordio bat egitea proposatu dio asteon Teherani. Akordio horrek gerraren amaiera deklaratuko luke, eta 30 eguneko negoziazio tartea hasiko litzateke jarraian, orain arte gatazka gehien eragin duten gaiak jorratzeko. Hiru egun pasatxo igaro dira ordutik, baina oraindik ez da Teheranen erantzunik iritsi. Hori dela eta, beste behin egin du mehatxu Trumpek, eta esan akordiorik lortu ezean litekeena dela berriro ekitea Askatasuna proiektua operazioari.

Trumpek Ormuzko itsasartean esku hartzeko iragarritako beste operazio bat da Askatasuna proiektua, eta itsasarte horretan ez atzera eta ez aurrera dauden ontziak eskoltatzea du xede. Asteazkenean «tarte labur baterako» etengo zuela esan zuen sare sozialetan, Teheranekin akordioa lortzeko asmoz. Gaur-gaurkoz, ordea, ez du erantzunik jaso. «Gauzak guk nahi bezala ateratzen ez badira, baliteke berriro ekitea Askatasuna proiektua-ri», adierazi du Etxe Zuriko maizterrak. «Askatasuna proiektua plus deituko diot», gaineratu du.

Ismail Bagaei Irango Atzerri ministroaren bozeramaileak Tasnim agentziari adierazi dio Teheran aukera hori aztertzen ari dela oraindik. «Proposamena aztertzen ari gara, eta azken erabakia adostutakoan emango dugu haren berri», esan du.

Dena den, «su etena» indarrean dagoen arren, AEBek eta Iranek elkarri eraso egin diete azken egunetan. Hori dela eta, Iranek NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak erakundeari eskatu dio irmo gaitzesteko AEBek Iranen petroliontzien aurka egindako erasoak eta portuetan ezarri duen blokeoa.

Israelek, bitartean, Libanori eraso egiten jarraitzen du. Israelgo armadak, X sare sozialaren bidez, etxetik ihes egiteko agindu die Libanoko zenbait herritako biztanleei, hainbat eraso egingo zituztela ohartarazita: «Oraindik han daudenen bizitza arriskuan dago». Bada, Irango albiste agentzia nazionalaren esanetan, eraso horietan gutxienez hamasei pertsona hil ditu Israelek. Hiruna Nahrainen, Saadiyaten eta Habouxen, eta beste zazpi Saksakiyehen. Atzo, gainera, beste 30 lagun hil zituen Israelek Libanon.

Horrekin lotuta, Israelgo armadak ohar batean jakinarazi du «Hezbollahren 85 azpiegitura» jo dituela Libanoko hainbat eremutan. Hezbollahk, berriz, adierazi du ostegunaz geroztik 26 eraso egin dituela Israelgo armadaren aurka Libano hegoaldean.

40.000

Israelek zenbat lagun desplazarazi dituen Zisjordanian, indarrez. NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, Israelek 40.000 lagun desplazarazi ditu Zisjordanian, 2025az geroztik. Iturri ofizialen arabera, dagoeneko 72.736 lagun hil ditu Israelek Gazan, horietatik 850, urriaz geroztik, «su etena» indarrean jarri zenetik, alegia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA