Israelek gutxienez hamahiru pertsona hil ditu Damaskoren kanpoaldean

Tel Aviven arabera, «erakunde terrorista» baten kontra egitea zuen helburu. Siriak gerra krimentzat jo du erasoa.

Israelgo armadaren bi tanke Golango gainetan, aurreko uztailean. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo armadaren bi tanke Golango gainetan, aurreko uztailean. ATEF SAFADI / EFE
Igor Susaeta.
2025eko azaroaren 28a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izan Gazan, izan Zisjordanian, izan Libanon, izan Sirian, Israelek egunero edo ia egunero egiten ditu erasoak bere lurretatik kanpo; gaur, Sirian ere bai. Hango iturri ofizialen arabera, gutxienez hamahiru pertsona hil ditu Damasko hiriburuaren kanpoaldean, Beit Jinnen. Israelen arabera, Yemaa Islamiya «erakunde terroristako» bi kide atxilotu ondoren tiroka hasi dira tokikoekin, eta ondoren erabaki du eremua bonbardatzea. Hildakoak ez ezik, 25 zauritu ere eragin ditu erasoak; tartean, Israelgo armadako sei erreserbista.

Israelgo armadak ohar batean adierazi duenez, Siriako hiriburuaren inguruko eremu horretan «astero» egiten du operazio bat, eta helburu izaten du «terrorismoa frenatzea». Gaur atxilotutakoei egotzi die lehergailuak jartzea eta Israelen kontrako erasoak egiteko asmoa edukitzea. 

Siriako Atzerri Ministerioak Israelen «eraso izugarria» salatu du ohar batean, eta nabarmendu gerra krimentzat har daitekeela. Gaineratu du, bide batez, «indar okupatzaileen» gisa horretako ekintzek «eskualdearen segurtasuna» kolokan jartzen dutela.

Eta Gazan ere erasoak egin ditu gaur Israelek, azkeneko bi urteotan bezala. Komunikatu batean adierazi du lur azpiko tunel batzuetan ezkutatuta zeuden bederatzi miliziano hil dituela Rafahn, zerrendaren hegoaldean. Zisjordanian, bestalde, sarekadak egiten segitzen du Tel Avivek, eta, Wafa palestinako berri agentziak gaur kaleratu duenez, beste hamabost pertsona atxilotu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.