Israelek hamahiru palestinar hil ditu Gazan

Israelgo armadak zortzi lagun hil ditu zerrendaren hegoaldeko Khan Yunis hirian, eta beste bost iparraldean. 809 gazatar hil ditu su etena indarrean dagoenetik.

Udal hauteskundeetako bozkalekuak gaur, Deir al-Balahn. HAITHAM IMAD / EFE
Udal hauteskundeetako bozkalekuak Deir Al-Balahn. HAITHAM IMAD / EFE
Julen Urrestarazu
2026ko apirilaren 25a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo armadak denera hamahiru pertsona hil eta 32 zauritu zituen atzo Gazako hainbat lekutan. Israelek 809 palestinar hil eta 2.267 zauritu ditu urriaren 10ean Israelek eta Hamasek su etena adostu zutenetik, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

Israelek zortzi pertsona hil zituen zerrenda hegoaldeko Khan Yunis hirian, airez egindako eraso batean. Armadak Poliziaren auto bati egin zion eraso: poliziak zenbait senideren arteko eztabaida batera joanak ziren, eta itzultzerako bidean egin zieten eraso. Beste hamar pertsona ere zauritu zituen armadak.

Gazako Barne Ministerioak gaur adierazi du hildakoetako beste bi ere Palestinako Poliziako kide zirela. Xeikh Radwaneko polizia etxearen ondoan zegoen patruila bati egin zion eraso Israelek, zerrenda iparraldean. EFE albiste agentziaren arabera, eraso egin zioten patruilako kideak bazkaltzeko zain zeuden, ez zeuden uniformez jantzita, eta merkatuetako prezioak behatzeko misio batean zebiltzan.

Gaza iparraldean, berriz, Israelgo armadak etxe batzuk bonbardatu zituen, eta emakume bat eta haren bi seme hil. Beste sei pertsona zauritu zituen Kamal Adwan ospitaletik gertu egindako erasoan.

Israelgo armadak adierazi du Gaza iparraldean egindako eraso batean —ez du zehaztu non— haien tropetatik gertu zeuden «terrorista armatuak» hil dituela. Hamasek erasoak gaitzetsi ditu adierazpen batean.

Udal hauteskundeak

Gaur udal hauteskundeak egingo dituzte Zisjordanian eta Gazako zerrendako Deir al-Balah hirian. Zisjordaniako 48 udalerritan egingo dira hauteskundeak, eta 42tan hauteskunde zerrenda bakarra dago.

Milioi bat lagunek baino gehiagok daukate bozkatzeko eskubidea Zisjordanian. Palestinako Hauteskunde Batzorde Nagusiak eta behatzaile diren erakundeek ohartarazi dute kolono israeldarrak hauteskundeei boikot egiten saiatuko direla, batez ere landa eremuetan.

Gazako zerrendan duela hogei urte egin ziren azkenekoz udal hauteskundeak. PAN Palestinako Aginte Nazionalak antolatu ditu Deir al-Balahko udal hauteskundeak, Hamasen oniritziarekin. Karpa batzuk prestatu dituzte bozkaleku gisa, hautetsontziak egurrezkoak dira, eta botoa emateko paperak, berriz, Palestinan ekoitzitakoak. 05:00etan hasi dira hauteskundeak, baina, EFEren arabera, herritar gutxik eman dute botoa lehen hiru orduetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA