Gazako azken erasoak «Hamas suntsitzeko» saiakera gisa justifikatu ditu Netanyahuk

Asteburuan Tel Avivek zerrenda bonbardatu ostean, Trumpek ziurtatu du akordioak indarrean jarraitzen duela. Europako Batasunak ez du aurrera egingo, «behin-behinean», Israeli ezarritako zigorrekin.

Palestinar bat atzo Bureij errefuxiatuen kanpalekuan, Israelgo armadak bonbardaketa bat egin ostean. EFE
Palestinar bat atzo Bureij errefuxiatuen kanpalekuan, Israelgo armadak bonbardaketa bat egin ostean. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Maddi Iztueta Olano
2025eko urriaren 20a
18:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sua eta etena. Eta berriz sua. Gazarako adostutako menia indarrean sartu eta astebetera, zerrendaren aurkako erasoak areagotu ditu Israelgo armadak asteburuan; hots, ehun palestinar inguru hil dituzte tregoa hasi zenetik. Halere, akordioak indarrean jarraitzen du, Donald Trump AEBetako presidenteak bart —goizaldea Euskal Herrian— kazetariei egindako adierazpenetan ziurtatu duenez. Azken egunotako bonbardaketak justifikatu ditu, berriz, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, gaur arratsaldean Israelgo Parlamentuan egindako agerraldian: «Argi utzi genion Trumpi Hamas suntsituko genuela, eta horretan ari gara. Hamasek atzo sentitu zuen gure indarra; 153 tona bonba jaurti genituen Gazara». Hilaren 10ean su etena indarrean sartu zenetik, Israelgo armadak gutxienez 99 palestinar hil eta 230 zauritu ditu, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

Israelgo lehen ministroaren arabera, egunotan «Hamasen azpiegitura militarrei» eta «milizianoei» egin diete eraso. Israelgo armadak jakinarazi du, halaber, lerro horia zeharkatzen ahalegindu direla hainbat palestinar, eta «mehatxu bat» zirelako hil dituztela. Atzo, halere, armadak ohar bat kaleratu zuen, eta jakinarazi su eten akordioak indarrean jarraitzen duela, eta «gogor» erantzungo diela «urraketei». Hain justu, Israelgo bi soldadu hil zituzten asteburuan zerrendaren hegoaldean, eta, horregatik, Hamasi menia urratzea egotzi zion Tel Avivek. AEBetako presidenteak, ordea, esan zuen balitekeela Hamas ez egotea hilketa horien atzean, eta «agian matxino batzuk» izan zirela. 

Edonola ere, zerrendan gertatzen dena «gertutik» jarraitzen ari dela nabarmendu du gaur iluntzean Trumpek, prentsari egindako adierazpenetan, eta mehatxu egin dio Palestinako talde islamistari: «Historian aurrenekoz, bakea lor genezake Ekialde Hurbilean; Hamasekin adostu genuen adeitsuak izango direla eta ongi jokatuko dutela. Bestela, desagerrarazi egingo dugu». Hain justu, Israelgo lehen ministroarekin batzartu dira gaur Steve Witkoff eta Jared Kushner Etxe Zuriaren ordezkariak; eta bihar JD Vance AEBetako presidenteordea da harekin elkartzekoa.

CBS News AEBetako hedabideari emandako elkarrizketa batean, Kushnerrek adierazi du «behin gerra amaituta» Israelek palestinarrei lagundu beharko diela. Horregatik, gehitu du Tel Avivi erakutsi nahi diotela hori dela bidea Israel Ekialde Hurbilean «integratzeko». Etxe Zuriaren planarekin lotuta, Egipton bildu dira gaur Palestinako hainbat fakzio, balizko estatu palestinar baten gobernabideari buruz eztabaidatzeko.

43.000

AEBen arabera, zenbat milioi euro beharko diren Gaza berreraikitzeko. Ekialde Hurbilerako AEBen mandatari berezi Steve Witkoffek CBS News hedabidean adierazi duenez, 50.000 milioi dolar —43.000 milioi euro inguru— beharko dira Gazako zerrenda berreraikitzeko. NBE Nazio Batuen Erakundearen estimazioen arabera, 60.000 milioi euro inguru beharko dira.

Gazarako menia akordioaren lehen fasea «ona» izan dela uste du EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Kaja Kallasek. Nolanahi ere, laguntza humanitarioaren arloan «egiteko asko» dagoela adierazi du, Luxenburgon, EBko estatu kideetako Atzerri ministroen bilkura hasi aurretik. Batzar horretan erabaki dute, bestalde, talde komunitarioak Israeli ezarritako zigorrak «behin-behinean izoztea», argudiatuta testuingurua «aldatu» egin dela.

Rafah, itxita oraindik

Atzo, Israelek laguntza humanitarioaren sarbidea blokeatu zuen, erasoaldiak irauten zuen bitartean. Gaur sarbide gehienak zabaldu badituzte ere, Rafahko pasabidea itxita dago oraindik. Israelgo armadak jakinarazi duenez, Hamas bahituen gorpuak «zentzuzko erritmo batean» entregatzen hasten denean zabalduko dute Gaza hegoaldeko pasabide hori. Bada, talde islamistak beste gorpu bat entregatu dio gaur iluntzean Israeli. Bizirik zeuden 20 bahitu israeldarrak askatu zituen akordioa sinatu zen egunean bertan, eta, ordutik, hamahiru gatiburen gorpuak entregatu ditu. Hamabost gorpu ditu entregatzeke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.