Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresetara mozio bat eramatea, eta euskal alderdi politikoei eskatzea instituzio guztietara eraman dezatela sionismoarekin harremanak eteteko proposamena. Bi eginbehar horiek izanen ditu LABek datozen hilabeteetan. Gaur eman dute horren berri, Bilbon egindako prentsaurreko batean.Â
Hain zuzen, urriaren 15ean Palestinaren aldeko lanuzte orokorra egin ondotik, gaur sindikatuak hizpidera ekarri ditu heldu diren hilabeteetan eginen dituen urratsak. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra eta Koldo Saenz nazioarteko arloko arduraduna solastatu dira, eta ontzat jo dituzte joan den asteko mobilizazioak. Dena den, jakinarazi dute Palestinako gatazka konpontzeko irtenbide «askoz ere sakonagoa» behar dela. «Palestinako lurralde osoa deskolonizatu behar da, Palestinako errefuxiatuek euren lurraldera itzultzeko eskubidea eskuratu behar dute, eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea gauzatu egin behar da».
Helburu horiek betetzen laguntzeko bi bide marraztu ditu LABek: Palestinaren aldeko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak antolatzea, eta «Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak mugimenduaren nazioarteko kanpaina» sustatzea. Ordezkariek gaur erran dutenez, heldu diren hilabeteetan Israelekin harreman oro eteteko beharrezko eskakizunak egiten arituko dira: «Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, aldundiei eta udalei eskatuko diegu instituzioetara zabaldu dezatela harremanak eteteko proposamena, eta mozio bat eramango dugu Israelekin harremanak dituzten enpresetara». Horien artean aipatu dute CAF enpresa.Â
Bertzalde, ondorio «positiboak» ere ikusten dituzte; hiru, zehazki: urriaren 15ekoa Palestinaren aldeko mobilizaziorik handiena izan zela, sindikalismo soziopolitikoa indartu egin dela, eta Hego Euskal Herria borrokarako subjektu gisa indartu dela.Â
Eta garatu egin dute ondorio bakoitza: «110.000 lagun baino gehiago izan ziren sindikatuok eguerdian Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean deitutako manifestazioetan, eta 50.000 inguru arratsaldean Gernika-Palestinak herriz herri egindako eltze jotzeetan. Enpresa txiki askotan eta 50 bat enpresa handitan geldialdia erabatekoa izan zen, eta irakaskuntzan deitutako egun osoko grebak parte hartze zabala izan zuen». Hain zuzen ere, ikastoletan %80k egin zuten greba, Haurreskolak Partzuergoan %85k eta eskola publikoetan %60k. Euskal Herriko Unibertsitatean, jarduera akademikoa gelditu egin zen.Â
Nazioarteko mobilizazio handiena
Datuei erreparatuta, sindikatuak jakinarazi du Europan ez dagoela bertze lurralderik hainbertzeko mobilizazio sindikala egin duenik. «Eta lanuzte orokor guztiek dimentsio politikoa dutenez, honetan ere hala gertatu da: Hego Euskal Herrian ez zen lanuzte soziopolitikorik egiten 2008az geroztik». «Espainiako Estatukoekin» ere alderatu dituzte datuak, eta esplikatu dute Hego Euskal Herriko deialdia zabalagoa izan zela.Â
Bi ordezkariek erran dutenez, «zailtasunak» eduki dituzte bidean, «baina merezi izan du, zalantzarik gabe». LABen irudiko, sindikalismo soziopolitikoa indartzen ari da, eta erakusten ari dira «sindikatuon ardura eta funtzioa ez dela soilik lan baldintzak negoziatzea». Gaineratu dute geroz eta «olatu erreakzionario eta autoritario» gehiago ari direla zabaltzen munduan, eta «argi» erantzun nahi diotela horri: «Sionismoa ez da gailenduko Palestinan, eta faxismoa ez da Euskal Herritik pasatuko».