Hamasek itzultzeko zuen azken bahituaren gorpua aurkitu du Israelek

Israelgo Defentsa Indarrek Gazan eginiko «operazio espezifiko batean» aurkitu dute. Netanyahuren arabera, Rafahko pasabidea irekitzea dagokie orain, baina hainbat baldintza iragarri dituzte bertatik igarotzeko, Hamasen arabera, «betetzen ezinezkoak».

Palestinako zerbitzuak hildako pertsonen gorpuak jasotzen, atzo Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Palestinako zerbitzuak hildako pertsonen gorpuak jasotzen, atzo Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 26a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamasi gorpu bat itzultzea falta zitzaion Trumpen planaren lehen faseak zioena betetzeko, eta gaur aurkitu du Gazan Israelek. Ran Gvili poliziarena zen gorpua, eta Israelgo armadak gaur arratsaldean jakinarazi du hildakoaren gorpuaren hondarrak identifikatu dituela. Horrekin lotuta, gaur goizaldean ohar bat luzatu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak, non aipatzen zuen IDF Israelgo Defentsa Indarrek «operazio espezifiko bat» abiarazita zutela, eskura zuten informazio guztiaz baliatuta, bahituaren gorpua aurkitzeko. Izan ere, Hamasek atzo iragarri zuen «bere esku zuen informazio guztia» emana ziela herrialde bitartekariei —Egipto, Qatar, Turkia eta AEB—. Horiek Israelen esku jarri dute informazioa.

Israelgo Gobernuaren ohar horrek adierazten zuen Israelek Rafahko pasabidea irekiko zuela azken gorpu hura aurkitutakoan: «Behin operazio hau amaituta, eta AEBekin adostutakoarekin jarraituz, Rafahko pasabidea irekiko da». Iraila amaieran iragarri zuen Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Gazarako bere plana, eta urria hasieran sartu zen lehen fasea indarrean. Bertan jasotzen zenaren arabera, irekita egon beharko luke jada Rafahko pasabideak. Baina Israelek esan zuen ez zuela pasabidea irekiko Hamasek Israelgo bahituen gorpu guztiak identifikatu eta itzuli arte. «Bake plana» indarrean sartu eta berehala, gorpu guztiak itzuli zituen Hamasek, bat izan ezik, Gvilirena. Argudiatu zuen ez zuela aurkitzen.

Gaur aurkitu du Israelek. «Ofizialki, ez dago Gazan gatibu gehiagoren gorpurik», idatzi du Israelgo armadak X sare sozialean. Hortaz, Israelek Trumpen Gazarako planean jasotzen diren hainbat puntu bete beharko ditu orain. Orain arte ez ditu bete, gorpua falta zitzaiela argudiatuta.

Israelen kontrola

Hasteko, bere hitza betetzen badu, Rafahko pasabidea irekiko du Israelek. Hala ere, goizaldean igorritako oharrean Israelek zehaztu du pasabidea pertsonak igarotzeko izango dela soilik, eta hainbat baldintza ere jarri ditu. Komunikatuaren arabera, Gazatik atera nahi duten palestinarrei «erabateko inspekzioak» egingo dizkiete Israelgo eta Egiptoko estatu indarrek. Ez dute eman horien inguruko xehetasun gehiago.

Hamasek Israelek jarri dituen baldintzak salatu ditu, «betetzen ezinezkoak» direla argudiatuta. Talde islamistako kide batek EFE berri agentziari adierazi dionaren arabera, Israelek ezarri duen baldintzetako bat da pasabidetik igaro ondoren Israelgo armadaren beste kontrol puntu batera joatea. Horrela, «Gaza hegoaldeko mugaren kontrol osoa Israelek izatea lortzeko». Hamaseko kideak dioenez, Egipto ere ez dago horrekin ados, eta mugaren kudeaketa Egiptoren eta Palestinaren artean kudeatu behar dela nabarmedu du, lehen egiten zen moduan. Gaineratu du Israelek sarbidea debekatu nahi diela zerrendatik kanpo jaio diren palestinarrei. Eta Israelen arabera, ezingo dira Gazara sartu bertatik ateratzen den pertsona kopurua baino gehiago.

Rafahko pasabidea Gaza hegoaldean dago, Egiptorekin mugan, eta Israelek du horren kontrola 2024ko maiatzaz geroztik. Oraindik ere Israelgo armadak kontrolatzen duen Gazako eremuan dago, hau da, lerro horian —zerrendaren erdiaren kontrola du Israelgo armadak gaur egun, gutxi gorabehera—. Eremu horretan aurkitu dute Israelgo indarrek falta zen bahituaren gorpua, hilerri batean, Gaza iparraldean.

Al-Jazeera hedabidearen satelite bidezko irudiekin eginiko ikerketa baten arabera, urriaren 8tik urtarrilaren 8ra bitartean, Israelgo armadak hondeagailuak erabili zituen jada Beit Hanun hiriaren inguruan. 408.000 metro karratu garbitu dituzte, tartean aurretik suntsitutako 329 etxebizitza eta nekazaritza eremuak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Israelek Gazako egituren %81 kaltetu ditu dagoeneko, eta horietako asko erabat suntsitu.

Urritik egon da indarrean Gazan «bake plana» eta «su etena». Baina Israelek Palestianarrak hiltzen eta inguruak suntsitzen jarraitu du. Bigarren fasean sartzearekin batera, Gazan aginduko duen gobernu teknokratiko bat sortu zuten, eta Ali Xaatth PAN Palestinako Aginte Nazionaleko ministrorde ohia jarri dute gidari lanetan. Oraindik ere ez dira Gazan biltzen, Kairon baizik. Ostegunean adierazi zuen Xaathek Rafahko pasabidea aste honetan irekiko zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.