Mendekua hartu, eta, agindu bezala, Israelek Iran bonbardatu du

Israelgo armadako bozeramaileak esan du Iranen misilak eta misilak egiteko lantegiak izan dituztela jomugan. Kalteak «mugatuak» izan direla adierazi du Iranek, eta bi soldadu hil direla baieztatu du.

Teheran, gaur goizaldean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Teheran, gaur goizaldean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Gorka Berasategi Otamendi
2024ko urriaren 26a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek Irango base militarrei eraso egin die gaur goizaldean. Airez egindako eraso bat izan da, «helburu militarren» kontrakoa, Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagariren esanetan. Teheran, Juzestan eta Ilam probintzietan izan dira erasoak. Iranek jakinarazi du kalteak «mugatuak» izan direla. Armadaren arabera, bere defentsa sistemek erasoak indargabetu dituzte neurri handi batean, baina kalte batzuk jasan ditu. Kalte horien tamaina ikertzen ari direla ere esan du. Ordu batzuk geroago, bi soldaduren heriotzaren berri eman du.

Israelek argudiatu du Iranek azken hilabeteetan egin dituen erasoei emandako erantzuna izan dela: «Irango erregimenak eta haren aliatuek Israeli etengabe egin diote eraso [iazko] urriaren 7tik», adierazi du Hagarik, ohar batean. Haren esanetan, gaurko erasoaren bidez «zapuztu» egin dituzte «Israelgo Estatuaren aurkako berehalako mehatxuak». Israelen iritziz, erasoak «zehatzak» izan dira, Iranen misilak eta misilak egiteko lantegiak izan dituzte jomugan, eta bete ditu zituen helburuak. Lau ordu iraun du bonbardaketak, eta Tel Avivek amaitutzat eman du.

Iranek Israeli eraso egin zion urriaren 1ean, berrehun misil inguru jaurtita, aurrez, Israelek hildako hiru buruzagiren hilketen mendekua hartzeko: Hezbollahko buruzagi Hassan Nasrallahrena, Hamaseko adar politikoko buruzagi izandako Ismail Haniyehrena eta Hezbollahren Irango laguntzaile militar Abbas Nilforoushanena. Orduan, Israeli ohartarazi zion «edozein ekintza abenturazale» ekiditeko. Israelek asteak eman ditu Iranen kontrako eraso bat prestatzen ari zela esaten.

Ikusteko dago orain zer joera hartzen duen bien arteko gatazkak. Israelek Irani adierazi dio «okerra» litzatekeela gatazka areagotzen jarraitzea. «Erantzutera behartuta egongo gara», esan du armadako eledunak. Aldiz, Irango Atzerri Ministerioak ohar bidez adierazi du Israelen erasoa nazioarteko zuzenbidearen «urraketa lotsagabea» dela, eta «kanpoko erasoetatik bere burua babesteko baimena eta beharra» duela.

Moderazioa eskatuz

Mendebaldeak moderazioa eskatu die bi aldeei, beren arteko gatazka beste koska bat ez estutze aldera. Hori adierazi dute EB Europako Batasunak, Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak, besteak beste. Errusia eta Turkia ere kezkatuta agertu dira, eta, gainera, Israelen bonbardaketa gaitzetsi dute. Gauza bera egin dute Ekialde Hurbileko herrialde arabiar batzuek, hala nola Egiptok, Jordaniak eta Saudi Arabiak.

The New York Times egunkariaren arabera, Israelek Irani eraso egingo ziola jakinarazi die AEBei, misilak jaurti aurretik. Egunkari berak argitaratu du, Etxe Zuriko iturriak aipatuta, Washingtonek Israelen erasoa babesten duela, «mugatua eta neurritsua» delako. Erasoak Iranen eta Israelen arteko gatazkaren areagotzearen amaiera izan behar duela uste du AEBetako Gobernuak, eta, hala ez bada, Israel laguntzen jarraitzeko erabakimena adierazi du.

Washigntonek dei egin dio Irani Israelen kontrako erasoak etetera, Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko bozeramaile Sean Savetten ahotik, «borroka zikloa» amaitu dadin «gehiago areagotu gabe». Savetten ustez, Israelen erasoa «bere buruaren defentsan» eginikoa izan da, eta «populazio handiko eremuak saihestu» dituela nabarmendu du.

Erasoa hasi denean, Iranek bere aire eremua itxi du —ordu batzuk geroago ireki du—. Hasieran, Teheranek esan du bere defentsa sistemek Israelen lehen erasoaldia indargabetu dutela: «Misil batek ere ez du jo Teheran mendebaldeko edo hego-mendebaldeko base militar bat», jakinarazi du Tasnim albiste agentziak, segurtasun iturri anonimoak aipatuz. Azaldu du gauean entzun diren leherketak defentsa sistemek misil horiek jo dituztenean gertatu direla.

Iranek beste misil sorta bat jaurti zuen Israelen kontra apirilaren 13an. Erasoak erantzun zion Israelgo armadak, bi aste lehenago, Damaskon Irango Guardia Iraultzaileetako jeneral bat eta zazpi ofizial hil izanari. Tel Avivek sei egunera egin zion eraso Irani, Isfahan inguruko azpiegitura militarrak bonbardatuta.

Gazarako menia bat adosteko negoziazioei helduko diete berriro

Bi hilabeteko etenaldi baten ondoren, Gazarako menia bat adosteko negoziazioei berrekingo diete, bihar, berriro, Dohan (Qatar). Israelen eta Hamasen ordezkaritzak bitartekariekin bilduko dira, hau da, AEBekin, Egiptorekin eta Qatarrekin. Hamasen buruzagi Yahya Sinwar hil zuen Israelek duela hamar egun, eta, berriro negoziatzen hasi aurretik, hilketa horrek eragindako «aukera» aprobetxatzeko eskatu zuen Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak, orain egun batzuk. Ez dute jakinarazi, ordea, gertaera horrek nola eragin diezaiekeen elkarrizketei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA