Txikidanik, Ekialde Hurbilak irrika piztu izan dio Baptiste Masi (Oloroe, Biarno, 1998). Kazetaritza eskolarik egin gabe, eta bertan nehor ezagutu gabe, Libanora joatea erabaki zuen. Krisi ekonomikoa, siriar errefuxiatuen kanpamentua eta Sabra eta Xatila palestinar errefuxiatuen kanpamentuak filmatu ondotik, Zisjordaniara joateko aukera ukan du. Bere begiez ikusi duena eta kameraren bidez grabatu duena kontatu du. Bere lanaren berri ematen du @baptistemas_ Instagram kontuan.
Zisjordanian egon zinen astebetez. Lehen esperientzia zenuen han?
Bai, nire ametsa zen Palestinara joatea. Baina aurretik Libanon egona nintzen, ikus-entzunezko erreportajeak egiteko. Khadija Toufik kazetari frantses-marokoarrak eta biok elkar segitzen genuen sare sozialetan. Libanon egin nuen lana ikusi zuen, eta proposatu zidan berekin dokumental bat egitea kazetari palestinarrei buruz. Atzerriko kazetariei Gazan sartzea ezinezkoa zitzaienez, Zisjordaniara joatea erabaki genuen. Pasabidea dokumentatzea zen: herrialdeko sarbidea zen, eta nire mugimendu guzien justifikatzeko manera. Aitortzen diot neure buruari kuraia emateko eta motibatzeko balio izan zidala.
Dokumentalaren lehen partea filmatzen zenuten?
Momentukotz, ez da dena finkatua. Helburua genuen lurraldean sartzea eta tenperatura orokorraren hartzea. Ideia ez zen baitezpada lekuetan gelditzea, baina kazetarien segitzea. Denbora asko galdegiten duenez, hilabete eta urte anitzez aritzea da asmoa; hara behin baino gehiagotan itzultzea aurreikusten dugu. Arriskua da segipen batetik bestera segitzen ditugun kazetariak atxilotuak, erbesteratuak edo hilak izatea: horrek ere egingo du filmaren edertasuna.
Non hasi zineten kazetariak segitzen?
Jeninen (Zisjordania) hasi ginen hiru kazetari palestinar segitzen. Adibidez, Mohammad Mansour, Wafa Palestinako prentsa agentziarendako lanean ari da; autoritate palestinarrentzat ari denez, ez da freelancea, baizik partikularra, eta interesgarria da haren ikuspuntua dokumentatzea. Prentsako auto batean zelarik, Israelgo armadak tiro egin zion; kazetaritza lana baizik ez zuelarik egiten. Horrelakoak segitu nahi ditugu, erakusteko zer zaila den okupazioren menpe bizitzea. Kazetarion eta berriemaileon rola da egoera oso gogorretan lekukotasunak biltzea eta hedatzea.
Zisjordaniako herritarrentzat, oso zaila izan daiteke Gazan blokeatuak dituzten hurbilekoekin harremana atxikitzea.
Jerikotik Nablusera (Zisjordania) heltzean, Gazako errefuxiatuak aterpetzen zituen hotel batean egon nintzen. Geletan erdizka gordetzen ziren, hotelaren jabeak ez zuelako dretxorik haien babesteko. Urriaren 7an Gazatik kanpo ziren gazatarrak dira, ezin izan direnak berriz etxera sartu. Kontatzen zidaten haurrak, bikotekideak eta familiak oraino han zituztela. Egun batzuetan ez dute haiekin komunikatzen ahal ere, Internet eteten delako. Afrusa da: dena ezinezkoa zaie. Egun osoak pasatzen dituzte berrien zain, beti goaitean, ez dakitelako sekula zer pasatzen ahal den. Kanpotik ahal duten maneran laguntzen saiatzen dira, Khadija nire kidearen bidez, batzuetan. Bere boza baliatzen du sare sozialen bidez dirua biltzeko, eta jasotzen dituzten dohainak berriz bidaltzen dizkiete Gazako familiei. Baina oso zaila da: Gazako populazioa jada oso prekarioa zen, eta orain mugimenduak eta sartze-irteerak izugarri mugatuak dira. Psikologikoki izugarria da.
«Esplikatu zidaten kazetarien eta kanpokoen presentzia zein garrantzitsua den tokikoentzat. Hor garelarik, Israelgo armadarentzat trabagarriak gara, eta herritarren babesteko balio izan dezakegu»
Palestinako lurretan, Israelek sarekadak eta okupazio ilegalak egiten ditu, batez ere Zisjordanian.
Hala da; Zisjordania puskatua da Israelek inposatutako kolonia ilegalen artean. Adibide argiena bizi izan dut Umm al-Khairen, Massafer Yatta eskualdean, No Other Land filma itzuli den lekuan. Filmean agertzen den Awdah Hathaleen palestinar militante ez-bortitza erail berri zuen Israelgo kolono batek han nintzenean. Ehorzketarentzat iritsi nahi genuen, baina Israelgo armadak gorpua kendu eta gorde zuen. Egun osoa pasatu genuen itxoiten, ea zer pasatuko zen. Anartean, kolonoak edozein momentutan bortizki etortzen ziren gure ondora: intimidatzeko, iraintzeko eta ebasteko. Aldi guziz, kolonoek Israelgo armada ez dute urrun; beti babestuak dira: biak ezin bereiziak dira. Entzun genuen soldadu bat Awdah hil zuen kolonoari erraten berak nahi izan zuela hil. Berantago, kolonoak eriekin agindu zien armadakoei berak seinalatutako bospasei gizon atxilotzeko, arrazoi izpirik eman gabe.
Kolono hiltzaile hori eraikuntza enpresa baten buru da, eta, erailketaren ondotik, ez da egun bakarra ere pasatu pala mekanikoen azantzik gabe. Ez dute dolua egiteko denborarik utzi: ez da bortizkeria fisikoa baizik; tortura psikologikoa ere bada. Kolonia berriak eraikitzen hasten dira, eta badakite berehala hor zegoen etxea larrutuko dutela, lurra kenduko dutela. Psikologikoki, harrabots horiek tortura bat dira. Herritarrak hor bizi dira, eta beren begipean, hortik metro batzuetara, koloniak aitzinatzen dira Israelgo bandera altxatuz. Irudiaren bidezko probokazio hori oso gogorra da, eta etengabekoa da.
Kazetari bakarrak zineten han?
Aktibistak ere baziren. Esplikatu zidaten kazetarien eta kanpokoen presentzia zein garrantzitsua den tokikoentzat. Hor garelarik, Israelgo armadarentzat trabagarriak gara, eta herritarren babesteko balio izan dezakegu. Behin baino gehiagotan, armadak zona militarrak deklaratzen zituen, lekuak ebakuatzeko aginduak ezarriz kanpotarrentzat.
Halakorik tokatu al zitzaizuen?
Guk lortu genuen bertan egotea, baina gurekin zegoen aktibista bat mehatxatu egin zuten, berehala ateratzeko. Hari segitzea erabaki genuen, baina autoa hartzeko, soldaduen autoen artetik pasatu behar genuen; nahitara blokeatzen gintuzten, probokazioz. Abiatzekotan ginelarik, soldaduak berriro hurbildu zitzaizkigun, ateratzeko denbora bukatu zela oihukatuz. Aktibista autoarekin aitzina egiten saiatu zen, baina berehala fusilekin apuntatu gintuzten. Aktibista segituan atxilotu zuten, eta joateko esan ziguten. Uste nuen bertan fusilatuko nindutela.
Egoera oso gogorrak bizi eta ikusi dituzu; nolakoa da etxeratzea?
Ez dakit sobera... Hurbilekoek galdetzen didatelarik traumarik ba ote dudan, ez dut maite erratea ez naizela traumatizatua, agian psikologoarengana joan eta ikusiko baitut arrastoak ditudala oraindik. Baina ikusitakoak aipatzeak eta kontatzeak ebakuatzeko balio du. Hala ere, zaila da batzuetan dena erratea: ez diot garrantzi handirik ikusten fusilarekin apuntatu nindutela errateari. Errespetu falta iruditzen zait Palestinan gertatzen dena ni han egon naizen aitzakiarekin bakarrik aipatzea. Badu urteak saiatzen naizela nire eskalan informatzen, eta partekatzen. Lehentasun osoz palestinarrez mintzatu behar da, pairatzen dutena aipatzea baita inportanteena. Haiek dute egoera hori bizitzen, nik ikusi baizik ez dut egin, eta gero etxera sartu. Egoera pribilegiatu batetik ari naiz, zeinak permititzen didan gibeltasun eta babes handiagoa ukaitea. Gainera, kamera batekin filmatzeak babesten zaitu: filtro gisako bat da.