Israel Gazako zerrenda txikitzen ari da 2023ko urriaren 7az geroztik, eta Libano hegoaldean ere modu berean jokatuko du. Hori adierazi du gaur Israel Katz Defentsa ministroak: eremu horretako etxeak birrinduko dituztela, «Rafahn eta Beit Hanunen» egin bezala. Joan den otsailaren 28an Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik, Tel Aviv are gogorrago egiten ari da Libanoren kontra, argudiatuta Hezbollah milizia xiita desegin nahi duela.
Tel Avivek goizaldean jakinarazi du Libanon bere lau soldadu hil zituztela atzo —bederatzi azkeneko hilabetean—, eta ordu batzuk geroago heldu da Katzen iragarpena. Israel herrialdearen hegoaldea okupatzeko ahaleginean ari da, nazioarteko zuzenbidea eta herrialde baten subiranotasuna urratuz. Katzek Israelgo hedabideei adierazi dienez, helburua da bi herrialdeen arteko mugaren eta Litani ibaiaren arteko eremua hartzea; hau da, Libanoren %10 inguru. Al-Jazeera hedabideak Libanoko iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, herrialdeko armadak hegoaldeko muga inguruko zenbait gune utzi ditu, erasoaldiak kezkatuta.
Katzen esanetan, erasoaldia indartzearen ondorioz, Libano hegoaldean 600.000 pertsona inguruk etxetik alde egin behar izan dute, eta ezin izango dira itzuli «iparraldekoen segurtasuna» bermatua izan arte. Beiruteko iturri ofizialen arabera, Israelek 1.200 pertsona inguru hil ditu Libanon —tartean, gutxienez 124 adingabe—, eta 1,3 milioi desplazatu eragin ditu; hau da, herritarren %20 inguru.
Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoen (Unifil) soldadu bat hil zuten herenegun, eta beste bi atzo, aparteko bi erasotan. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak hilketa horiek salatu ditu gaur, New Yorkeko (AEB) egoitzan egindako bilkuran. Txinak eta Errusiak, kide iraunkorretako bik, kontseilu horren 1701 ebazpena aplikatzeko eskatu dute —Hezbollahren eta Israelen arteko 2006ko gerra amaiarazi zuen, eta su etenerako baldintzak ezarri zituen: besteak beste, miliziak armagabetzea eta mugatik Litani ibairainoko gunea desmilitarizatzea, Libanoko armadaren eta Unifilen peko kontrola ezarri bazuen ere—.
Bilkura horretan, Israelek NBEn duen enbaxadore Danny Danonek Hezbollahri egotzi dizkio kasko urdinen hilketak, eta adierazi du Israelgo armadak ez ziela erasorik egin. Era berean, Mike Waltz AEBen enbaxadoreak nazioarteari eta hedabideei eskatu die ez dezatela «espekulatu» erasoari buruz, hilketak Libanoko miliziari egotzi dizkion arren.
Bestalde, Israelgo Auzitegi Gorenak kolpea eman die Tel Aviv Gazan egiten ari den sarraskia nozitzen ari direnei. Izan ere, «gerra bukatu arte» ez du ebatziko giza eskubideen aldeko bost taldek egindako eskaera, osasun arrazoiengatik gazatarrak ebakuatuak izan daitezen galdegitekoa. Auzi saioa atzo izan zen, eta, talde horiek gaur ohar baten bidez salatu dutenez, erabaki horrek, praktikan, osasun arta jasotzea debekatzen die Gazako pazienteei.
2023ko urrian Israelek Gazaren kontrako setioa hasi zuen arte —gaur beste bost pertsona hil ditu, 75.000 pasa ordutik—, zerrendan larri zeuden pazienteak Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko ospitaleetara lekualdatzen zituzten, horretarako giza korridore bat baliatuz. Korridore hori berriro irekitzea eskatzen zuten giza eskubideen aldeko ekintzaileek, baina Gorenak ez du horretarako modurik eman.
Tel Aviven lege «arrazista»
Palestinarren inguruan beste ebazpen bat ere ematekoa da Israelgo Auzitegi Gorena. Atzo, Israelgo Parlamentuak lege bat onartu zuen Israeldarren kontrako «eraso terrorista hilgarriak» egozten dizkieten palestinarrei heriotza zigorra ezartzeko. Parlamentuaren erabakia auzitara eraman du giza eskubideen aldeko elkarte batek; Gorenak erabaki beharko du legea bere horretan utzi, aldarazi edo bertan behera utziko duen.
Zisjordanian manifestazioak egin dituzte atzo onartutako legearen aurka. Al-Jazeera hedabidearen arabera, ehunka pertsona atera dira protestan Ramallah, Tubas, Nablus, Jenin eta Hebron hirietan.
PAN Palestinako Aginte Nazionalak salatu du lege hori «arrazista» dela, eta Arabiar Ligari eskatu dio ezohiko bilera bat egiteko legeari aurre egiteko neurriak adosteko. Kezka agertu du erakunde horretako idazkari nagusi Ahmed Abulgueitek ere: «Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren printzipio oinarrizkoenak urratzen ditu», adierazi du.
Legea «baztertzailea» dela uste du EB Europako Batasunak ere. Europako Batzordeko bozeramaile Anuar el-Anunik atzerapausotzat jo du Israelgo Parlamentuak onartutako legea, heriotza zigorra ezartzen duelako eta izaera «baztertzailea» duelako. Alemaniako Gobernuak ere kezka adierazi du Tel Aviven erabakia dela eta. Berlinek gutxitan txarretsi izan ditu Israelen erabakiak, baina heriotza zigorra ezartzea ez du begi onez ikusi.