Israelek Jerusalem hiri judu bihurtu nahi duela salatu du Abbasek

Obamak agindutakoari ez diola jaramonik egingo dio Netanyahuk, eta Jerusalem ekialdean eraikitzeko eskubidea aldarrikatu du

2009ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
«Jerusalemgo hiri zaharra mehatxupean da», ohartarazi du Mahmud Abbas-ek, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak. «Israelek hiri judu bihurtu nahi du, eta haren zimendu kristauak eta musulmanak desagerrarazi». Betleemen (Zisjordania) bildutakoei mintzatu zitzaien atzo Abbas, bezperan Israelgo Gobernuak esandakoa hizpide hartuta. Izan ere, lurralde okupatuetan kokaguneak eraikitzeari ez diola utziko berretsi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta bake prozesuak lehengoetan jarraitzen duela gogorarazi-ez atzera, ez aurrera-. Eta politika kolonizatzaileen aldeko apustua berrituz, are eta gehiago tinkatu ditu Tel Avivek Washingtonekin dituen harremanak. Sheikh Jarra auzoan (Jerusalem ekialdea) Irving Moskowitz dirudun estatubatuarrak eraiki nahi duen etxebizitza guneak sortu du iskanbila oraingoan. Barack Obamaren exekutiboak proiektua bertan behera uzteko eskatu dio; Netanyahuk, ordea, ez du halakoei jaramon egiteko asmorik.Jerusalem ekialdea kolonizatzeko «eskubide osoa» duelakoan dago.

«Israel hiriko edozein izkinatan ari da hondalanak egiten. Halakoek eraikin historiko eta erlijiosoak jartzen dituzte arriskuan», salatu du Abbasek. Al Aksa mezkitaren egoerak kezkatzen du nagusiki, musulmanentzat gune sakratuen artean hirugarrena baita. Eraikin historikoak, dena dela, ez dira Israelen politika espantsionistaren ondorioak jasaten bakanak: Jerusalem ekialdeko kristau eta musulmanei egunerokoa ezinezko egiteko ahalegin franko egiten ari baita Tel Aviv.

Eskubide kontua

Okupaziorako, estrategia isila darabil maiz Israelek, hala nola juduak ez direnei neurriz kanpoko zergak ordainaraziz. Alabaina, bestela jokatzeko erreparo handirik ere ez du. Palestinarren dozenaka etxe bota ditu behera, eta datu ofizialek baieztatzen ez badute ere, Jerusalem ekialdean bizi diren 1.500 familia palestinarren etxeak eraisteko aginduakemanda daude. Israelek «legez kanpokotzat» jotzen ditu eraikin horiek guztiak.

Bestela uste du nazioarteak; legea urratzen ari dena Israel dela, alegia. Horregatik eskatu dio Obamak bereak ez diren lurretan eraikitzeari uzteko. Horretan ere ez datoz bat, ordea; erreferenteak ere ez baitira berak: AEBek ez diote zilegitasunik aitortzen Israelek Jerusalem ekialdea anexionatu izanari -1967ko Sei Eguneko gerran hartu zuen indarrez eta 1981ean beretu zuen formalki-, eta Israelek, kontrara, ez ditu aintzat hartzen nazioarteak ezarritako mugak, ez eta arauak ere. Eta bitartean, 1967tik Israelek Jerusalem ekialdeko %35 desjabetu du -eta bere egin-, eta 50.000 etxebizitza eraiki ditu. Guztiak juduentzat.

«Asmatu zer gertatuko litzatekeen norbaitek esango balu juduek ezin dutela etxerik erosi Londresko auzo jakin batzuetan, edo New Yorken, edo Parisen, edo Erroman. Seguru nago nazioarteak protesta egingo lukeela». Jerusalem beste edozein hiriren gisakoa da Netanyahurentzat; hala, Obamak eskatutakoak, logika horren arabera, ez du ez hanka ez buru. «Israelgo arabiarrei ez diegu Jerusalem mendebaldean etxeak erostea galarazten. Juduei eskubide bera aitortu behar zaie ekialdean ere». Palestinarrak eta juduak legez parez pare eta aukera berdinetan bizi dira, lehen ministroaren hitzetan.

Israelen, baina, errealitateak agintzen du: Jerusalem mendebaldean bizi diren arabiarrek zailtasun franko izaten dituzte etxe bat erosteko. Netanyahurena, hala ere, mezu argia izan da: «Ez dugu ametitzen juduei Jerusalem ekialdean etxeak eraiki edo erosi ezin dituztela esatea. Israelek Jerusalem osoaren gainean duen subiranotasuna eztabaidaezina da». Washingtonen eta Tel Aviven arteko bateraezintasunak gaindiezinak dira oraingoz.

Bake prozesurik ez

Kokaguneen auzia ebazten ez duten bitartean, Ekialde Hurbilerako bake prozesua ez atzera ez aurrea egongo da, hori baita palestinarrek negoziazio mahaian berriro esertzeko jartzen duten baldintzetako bat. Testuingurua ez da aproposa aurrerapausoak emateko; Netanyahuk gobernua osatu zuenetik, inoiz baino agerikoagoa da hori. Kolonoek, hala ere, gutxiegi deritze Netanyahuren politika espantsionistari. Atzo Tel Aviven baimenik gabe eraikitako kokagune bat eraitsi zuen Israelek; Yitzhar inguruko kolonek erasotzat jo zuten. Eta segituan erreakzionatu zuten Nabulus inguruko palestinarren aurka: errepideak hartu ondotik, palestinarren soroak erre zituzten - 1.500 olibondo inguru kiskalita geratu dira-. Handik gertu ziren palestinarrak ere harrika hartu zituzten. Borroken ondorioz bi palestinar zauritu ziren, eta soldaduek bi kolono atxilotu zituzten.

Kolono eta palestinarren arteko liskarrak, dena dela, ez dira bake negoziazioak blokeatzen dituzten bakarrak. Palestinarrak eurak ere, izan ere, banatuta daude. 2007ko ekainean Hamasek Gaza indarrez hartu zuenetik, mugimendu islamistaren eta Mahmud Abbas buru duen alderdiaren arteko (Al Fata) ezin emanak bere horretan dirau. Egiptoren bitartekaritzarekin akordio baterako ahaleginak egin dituzte azken asteetan. Hala ere, negoziazio horiek ez dute fruiturik eman orain arte. Herenegun ziren biltzekoak berriro; bilera abuztuaren 25era atzeratzea erabaki dute, ordea.

Borondate oneko keinuak, hala ere, izaten dira tarteka. Atzo Hamasek egin zuen, Al Fatako hogei preso askatzeko asmoaren berri emanda.



Olmerten aurkako akusazioa atzera bota du Israelgo Fiskaltzak

Menajem Mazuz Israelgo fiskal nagusiak Ehud Olmert lehen ministro izandakoaren aurka zabalik zegoen auzia ixtea erabaki du. Gobernuburu izandakoa influentzia trafikoagatik zegoen akusatuta; Mazuzek, ordea, delitu horregatik epaitzeko aski frogarik ez dela erabaki du. Influentzia trafikoarena, dena dela, Olmerten aurka zabalik dagoen auzietako bat besterik ez da. Beste hainbat kargurengatik epaitua izan liteke oraindik. Poliziak dozena bat aldiz galdekatu du ustelkeriagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.