Beirutek Irani egotzi dio Libano «trukerako txanpon» gisa erabiltzea

Israelek gutxienez lau pertsona hil ditu Libanon. Washingtonek bezperan esandakoa ukatu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta esan du ez duela meniarik adostu Beirutekin.

Emakume bat haur baten gorpuaren aldamenean, haren hiletan, asteazkenean. WAEL HAMZEH / EFE
Emakume bat haur baten gorpuaren aldamenean, haren hiletan, asteazkenean. WAEL HAMZEH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 5a
11:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Libano «trukerako txanpon» moduan erabiltzea leporatu dio Beirutek Teherani. Hala salatu dute gaur Joseph Aoun Libanoko presidenteak eta Nawaf Salam lehen ministroak. Presidentearen arabera, Iran Libanoko egoeraz probesten ari da AEBekin negoziatzeko: «Ez da zuen herrialdea. Gure herrialdea da. Eta ez dagokizue zuei gure kontuetan eskua sartzea». Gainera, Hezbollah milizia xiitari —Iranen babesa du— negoziazio mahaian esertzeko deia egin dio. Lehen ministroak, bestalde, oroitarazi du herrialdearen hegoaldea ez dela inoren «gerrarako frontea». Eta nazioarteari eskatu dio Israeli prsio egiteko, zibilen hilketak eta Libano hegoaldeko suntsiketa eten ditzan.

Izan ere, Israelek Libanon erasoak egiten segitzen du. Apirilaren 16an Libanon ezarritako su etenari baldintza gehiago jarri zizkion atzo Tel Avivek: Hezbollahk eraso gehiagorik ez egitea eta milizia xiitak Litani ibaiaren hegoaldetik alde egitea. Washingtonek zabaldu zuenez, baldintza horiek bete ezean, Israelek ez dauka menia errespetatzeko asmorik, eta hitza bete du: erasoak egin ditu Libanon, eta, hango albiste agentzia ofizialak zabaldu duenez, gutxienez lau pertsona hil ditu eraso horietan —atzo beste hiru lagun hil zituen—.

Beirutek eta Tel Avivek su etena errespetatzea adostu zutela jakinarazi zuen Washingtonek ostegun goizaldean. Baina Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi du Israelek oraindik ez duela halakorik onartu. Hori zabaldu du gaur Israelgo Ynet hedabideak. «Gaur-gaurkoz ez dago akordiorik; Hezbollah aurka agertu da, eta, ondorioz, ez dut azken erabakia hartu. Ados badaude, neurria onartu dezatela aginduko dut», esan zuen Netanyahuk atzo gauean egindako segurtasun kabinetean.

Hezbollahk ez zuen parte hartu Israelgo eta Libanoko gobernuek Washingtonen egindako bilkuran, eta Naim Qassem talde xiitako buruak atzo esan zuen su etena onartzea «errenditzearen parekoa» litzatekeela: «Umiliagarria». Eta Washingtoni eta Tel Avivi leporatu zien militarki lortu ez dutena «politikoki inposatu» nahi izatea.

Beiruten, berriz, Nabih Berri Libanoko Parlamentuko presidentea Washingtonek atzo jakinarazitako akordioaren aurka agertu da gaur, bertako albiste agentzia nazionalak zabaldu duenez. Ohar batean, adierazi du honako hau onartuko zukeela: batetik, «bete-beteko» su etena lurrean, airean eta itsasoan, «inolako murrizketarik gabe eta jada existitzen den ezer eraitsi gabe». Eta, bestetik, Hezbollah eta Israelgo armadako tropak erretiratzea; lehenak Litani itsasoaren hegoaldetik, eta bigarrenak Libanon okupatu dituen lurretatik.

Orain arte bestelakoa izan da Beiruteko agintarien iritzia. Atzo ohartarazi zuten Washingtonen egindako akordioa Libanoren «azken aukera» zela. Eta Libanoko lehen ministroa, esaterako, negoziazio horien alde agertu da azken orduetan; adierazi du diplomazia dela Libanorentzat «biderik egokiena». Era berean, gaineratu du akordioari kontra egiten diona «ondorioen erantzule» izango dela.

Horrekin lotuta, Najat Aoun Saliba Libanoko Parlamentuko diputatuak gaur Al Jazeerari esan dio Hezbollah Libanoren interesen aurka jokatzen ari dela, eta Iranen agindupean. «Min gutxien eragingo duen bidea hartu nahi dugu, baina ikusten ari garena da Hezbollahk Libanora ekarri duela AEBen eta Iranen arteko gerra», adierazi du.

Orain arte, su etena indarrean egon arren, Tel Avivek egunero urratu du menia. Hezbollahk, berriz, aurre egin die Israelek Libanon dauzkan tropei. Gaur, esaterako, milizia xiitak ohar baten bidez jakinarazi du atzo Israelgo tropek Libanon dauzkaten hainbat posizioren aurka jo zutela. Eta Israelgo armadak gaur jakinarazi du Hezbollahk Israelgo soldadu bat hil duela. Lehenengoa da bi herrialdeetako gobernuek atzo beste baldintza batzuk adostu zituztenetik, baina jada 28 dira Israelek Libanon lehen erasoa egin zuenetik hil diren Israelgo soldaduak.

TEL AVIVEK ESAN DU HEZBOLLAHKO GOI KARGUDUN BAT HIL DUELA

Israelgo armadak X sare sozialaren bidez jakinarazi du Abdul Harb hil zuela iragan asteko erasoetako batean. Tel Aviven arabera, Hezbollahko buruetako bat zen Harb, ingeniaritza unitateko kidea, eta esan du «lehergailuak aktibatzen zituela» Libano hegoaldean diharduten Israelgo armadako kideei aurka egiteko. Hezbollahk ez du baieztatu albistea.

Hainbat eraso egin ditu, ordea, Israelgo armadak azken orduetan Libanon, herrialdeko albiste agentziak zabaldu duenez. Esaterako, goizaldean Doueir hiria bonbardatu du, Nabatieh barrutian, eta pertsona bat hil du. Barruti bereko Habbush hirian beste bi lagun hil ditu gaur, eta beste bat Burj Qalauiyah herrixkan.

Tiro hirian ere egin du eraso Israelek, Jabal Amel ospitaletik gertu. Al Jazeerak zabaldu duenez, lau misil jaurti ditu armadak ospitale ingurura, eta beste hamabi lagun zauritu ditu. Tel Aviven arabera, Hezbollahren azpiegiturak ditu helburu. Baina Al Jazeerak, ospitaleko iturriak aipatuz zabaldu duenez, ospitaletik oso gertu egin dituzte bonbardaketak. 

Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 3.526 lagun hil eta beste 10.733 zauritu ditu Israelek Libanon, martxoaren 2az geroztik.

Libano hegoaldeko hainbat herri husteko agindua ere eman du Tel Avivek goizean. X sare sozialean zabaldutako ohar batean, Libani ibaitik iparraldera mugitzeko agindu die herri horietako biztanleei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA