Israelek Libanori eraso egiten jarraitzen du, elkarrizketa gehiago espero diren egunean

Trumpek jakinarazi du gaur hitz egingo dutela Libanoko eta Israelgo «liderrek». Beirutek esan du ez duela bilkura horren inguruko berririk. Tel Avivek gutxienez hamar pertsona hil ditu azken orduetan, Libano hegoaldean.

Israelgo hondeamakinak eraikin batzuk suntsitzen, atzo, Mais al-Jabal herrian, Libano hegoaldean. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo hondeamakinak eraikin batzuk suntsitzen, atzo, Mais al-Jabal herrian, Libano hegoaldean. ATEF SAFADI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko apirilaren 16a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tel Avivek hala aurkeztu nahi izan ez badu ere, Irango eta Libanoko gatazkak lotuta daude. Teheranek zera esana du, Israelek Libanon erasoak egiten jarraitzen badu su etena urratzen arituko dela, eta, hortaz, Ormuzko itsasartea blokeatuta edukiko duela. AEBek eta Iranek sinatutako su eten hori —datorren astean da amaitzekoa— Libanon ere aplikatzeak eragina izan dezake gatazkaren bilakaeran. Eta Washington Tel Aviven eta Beiruten arteko negoziazioak sustatzen ari da. Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi du gaur hitz egitekoak direla bi herrialde horietako «liderrak».

Truth Social bere sare sozialean zabaldutako mezu batean eman du berria. Ez du xehetasun handirik eman, eta «lider» horiek nor izango diren ere ez du argitu. «Israelek eta Libanok arnasa hartzeko zerbait egin nahian ari gara. Bi liderrek azkenekoz hitz egin zutenetik denbora asko igaro da, 34 urte edo. Bihar berriz gertatuko da. Bikaina!», idatzi zuen atzo gauean —gaur goizaldea Euskal Herrian—.

Baina, oraingoz, Libanok ezin izan du arnasa hartu. Israelgo armadak ez ditu erasoak eten herrialdearen hegoaldean, eta gutxienez hamar pertsona hil ditu azken orduetan. Gainera, Libanoko albiste agentzia nazionalaren arabera, Israelgo soldaduak eta Hezbollahko milizianoak borrokan aritu dira bi herrialdeen mugatik hurbil.

4

Zenbat aldiz bota duten atzera Trumpek Irani gerra deklaratu ezin ahal ezin izateko ebazpena. AEBetako Senatuak laugarrenez bozkatu du Donald Trump presidenteak Irani gerra deklaratzea oztopatzeko ebazpen bat. Laugarrenez egin du huts.

Trumpek aipatutako «liderrak» Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Joseph Aoun Libanoko presidentea izango direla iradoki du Gila Gamliel Israelgo Zientzia ministroak. Likudekoa da Gamliel, Netanyahuren alderdikoa, eta Israelgo Segurtasun Kabineteko kidea ere bai. Bi agintarien arteko bilkura «laster» izango dela adierazi du Israelgo hedabideek jaso dutenez. Bestalde, Beirutek ez du elkarrizketa horren inguruko informaziorik iturri ofizial batek Reuters berri agentziari jakinarazi dionez.

Teheranek eta Washingtonek joan den astean adostutako tregoak eragina izan beharko luke Libanon ere —hala adierazi du Pakistanek, bitartekari aritu denak—. Tel Avivek, ordea, ez du nahi akordio hori Libanon aplikatu. Baina Etxe Zuria presio egiten ari zaio, eta, egun batzuen buruan, menia onartu «beste erremediorik» ez duela izango jakinarazi zion atzo Israelgo iturri ofizial batek Channel 12 telebista kateari. Horren inguruko erabaki bat hartzeko, Israelgo Segurtasun Kabinetea bilduta egon zen atzo gauean. Baina, Israelgo hedabideen arabera, ez ziren ados jarri.

Pakistango Atzerri Ministerioak gaur ohar batean jakinarazi duenez, AEBen eta Iranen arteko elkarrizketen bigarren erronda laster egingo dute, baina ez dute zehaztu noiz. Asteburuan bildu ziren aldeak Islamabaden, baina ez zuten lortu akordiorik. Pakistanek oroitarazi du Libanon erasoak etetea «funtsezkoa» dela Teheranen eta Washingtonen arteko negoziazioei begira.

Aldeak, urrun

Israelek eta Libanok AEBetan dituzten enbaxadoreak Washingtonen bildu ziren herenegun, eta bi herrialdeen arteko negoziazioak hastea adostu zutela jakinarazi zuen AEBetako Estatu Departamentuak. Marco Rubio Estatu idazkaria aritu zen bitartekari. Kontua da bi herrialdeen jarrerak nahiko urrun daudela. Beirutek exijitzen du berehala erasoak eteteko, gatazkak ihes egitera behartu dituen milioi bat herritar baino gehiago etxera itzul daitezen. Eta ondoren elkarrizketei sakonago heltzeko. Tel Avivek, ostera, Hezbollahren armagabetzea exijitzen du, baita Libanoren hegoaldean bere kontrolpeko eremu bat aitortzea ere.

Milizia xiita horrek eta Israelek 2024ko azaroan sinatu zuten su etena. Ordutik, Tel Avivek ez zituen erabat eten Libanoren aurkako erasoak. Baina gatazka martxoaren hasieran gogortu zen, Israelek eta AEBek Iranen aurkako erasoaldia hasi zutelako, eta Hezbollah Teheranen aliatua delako. Ordutik, Israelen erasoek 2.100 pertsona baino gehiago hil dituzte Libanon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA