Atzo arratsaldetik gaur goizera bitarte ia etenik gabe bonbardatu du Israelgo armadak Gaza. Iturri ofizialen arabera, gutxienez 104 palestinar hil dira erasoaldian, eta horietatik 46 haurrak dira. Erreskate taldeak hondakinen artean dabiltza oraindik, desagertutakoen bila. Israelgo armadak gaur goizean zehaztu du amaitutzat jo duela erasoaldia eta menia ezarri duela berriro ere. Su etena urratu izana egotzi dio Israelgo armadak Hamasi; eta gaineratu du «bortizki» eraso egingo duela berriro gertatuz gero. Talde islamistak, ordea, ukatu egiten du tregoa urratu duela.
Atzo, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erabaki zuen urriaren 10ean sinatutako su etenerako akordioa haustea, eta Gaza «berehala» bonbardatzeko agindu zuen. Hamasek bahitu baten gorpuzkiak Israeli itzuli ondoren deitu zuen segurtasun batzordearen bilerara. Izan ere, azterketa forentsearen arabera, Israelek 2023an berreskuratu zuen gatibu batena zen gorpua. Hala dio lehen ministroaren bulegoak atzo zabaldutako oharrean.
Hamasek ukatu egin zuen, baina Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak arrazoia eman zion Israeli atzo gauean, Israelek hori frogatzen duten irudiak erakutsi ostean, eta adierazi zuen ez zirela horretaz jabetu. «Onartezina da gorpu baten berreskuratze faltsu baten itxurak egin izana. Familia ugari daude haien gertukoei buruzko berrien zain». Erakundeak gaineratu zuenez, Hamasek eskatu zuen Gurutze Gorriaren kideak aurrean egon zitezela gorpua lurpetik ateratzeko orduan, eta erakundeak Israelgo armadari ere eman zion egitear zeuden mugimenduaren berri. Haien lana «bitartekari neutrala» izatea dela gaineratu du Gurutze Gorriak, eta berretsi haiek ez dutela laguntzen gorpua lurpetik ateratzen.
Horrez gain, Israelgo armadako soldadu bat hiltzea ere egotzi zion Netanyahuk Hamasi. Rafahn izan zen, atzo, eta makineria astuna erabiltzen ari zela hil zen soldadua. Hamasek, ordea, esan zuen ez zuela zerikusirik eraso horrekin.
Netanyahuren erabakia publiko egin eta ordubete eskasera bonbardatu zuen Israelek Gaza, lurrez eta airez. Orain arte, Gazako zerrendako erdigunean zenbatu dituzte biktima gehien. Besteak beste, Israelek Nuseirateko errefuxiatuen esparruko etxe eta eraikinen aurka egin du eraso, airez, eta, osasun iturrien arabera, gutxienez 42 pertsona hil dira bertan. Gainera, Israelgo armadak kanpin dendei ere egin die eraso eremu bereko beste gune batzuetan.
Gaza hirian, berriz, 28 pertsona hil ditu Israelek, gutxienez. Bi aldeek Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak proposatutako akordioa sinatu zutenetik, herritar ugari itzuli dira bertara, eta Israelek familia apartamentuen kontra egin ditu erasoetako asko.
«Hainbat erasotan helburu terroristak atzeman eta terroristak neutralizatu ondoren, armada su etena ezartzen hasi da berriro, Hamasen urraketei erantzunda», nabarmendu du Israelgo armadak ohar batean, gaur.
Trump: «Ezerk ez du su etena arriskuan jarriko»
Donald Trump Asian da, hainbat herrialdetako agintariekin biltzen ari baita azken egunetan. Japoniatik Hego Koreara bidean zela hitz egin du gaur goizean hedabideekin, eta Israelek «bere burua defendatu behar duela» esan: «Hamasek soldadu israeldar bat hil zuen, eta israeldarrek erantzun egin zuten. Halakoetan erantzun egin beharko lukete».
Hala ere, Etxe Zuriko maizterrak adierazi du «ezerk» ez duela hilaren 10ean adostu zuten su etena «arriskuan» jarriko. Hamasi buruz ere mintzatu da Trump, eta Ekialde Hurbileko bakearen zati «oso txikia» dela esan. «Ongi portatzen badira, zoriontsu biziko dira. Baina gaizki portatzen badira, ezabatuak izango dira».
Bestalde, Palestinari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen kontalari berezi Francesca Albanesek txosten berri bat plazaratu zuen atzo iluntzean, eta Israelek Gazan egindako erasoaldian hainbat estatu Tel Aviven «konplize» ari direla izaten salatu du bertan. Israeli laguntza «diplomatikoa, militarra eta ideologikoa» ematea leporatzen die, zehazki.
Albaneseren esanetan, Israelen «intentzio genozida» agerikoa da, eta hainbat herrialde Israelen nazioarteko eskubideen urraketak «ezkutatzen» ari dira: «Ezjakinarena egiten ari dira, eta eskubideen urraketa horiei etekina ateratzen». Hori dela eta, Israelek dituen «lotura militar, ekonomiko eta diplomatiko guztiak» berehala eten behar direla gaineratu zuen. «Justizia eskatu behar da bizirik daudenentzat, eta erantzukizunak eskatu behar zaizkie erasotzaileei zein erasotzaileen konplizeei».
Albanesek mahaigaineratu dituen datuen arabera, gutxienez 26 herrialdek eman dizkiote armak edo armak egiteko osagaiak Israeli. Ez hori bakarrik, beste hainbat herrialdek «palestinarrak hiltzeko erabilitako armak» erosi dizkiotela baieztatu du Albanesek.
Hegoafrikatik egindako bideo dei baten bidez aurkeztu zuen txostena Albanesek. Izan ere, ezin zuen aurkezpena NBEak New Yorken daukan egoitzan egin, uztailean AEBek zigorra ezarri baitzion. Besteak beste, ondasunak blokeatu zizkioten eta trantsakzio ekonomikoak egitea debekatu.
9Israelek zenbat pertsona atxilotu dituen Zisjordanian. Israelgo estatu indarrek bederatzi palestinar atxilotu dituzte gaur Zisjordanian egindako sarekada batzuetan, horietako bost Tulkaremeko Aktaba auzoan, eta beste bat Kafr Qallil herrian. Azzunen, berriz, hiru atxilotu dituzte. Duela aste gutxi, Dheixeh errefuxiatu eremuan ere egin zuten beste sarekada bat, Betleemen. Han 50 palestinar atxilotu zituzten. Gerora aske utzi zituzten, baina Israelen zaintzapean.