Israelek agindu du Rafahtik milioi bat palestinar baino gehiago ebakuatzeko

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak dio beren helburua lortzea «ezinezkoa» dela Hamas «desagerrarazi» arte. Hondamendiaren arriskuaz ohartarazi dute NBEk, AEBek eta Europako Batasunak.

MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Zenbait palestinar herritarren bila, Israelek eraso egindako eraikinetan. MOHAMMED SABER/EFE
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 09a
19:55
Entzun

Israelen erasoek ez dute etenik. Laster eginen duten mugimendu baten berri eman du Benjamin Netanyahu lehen ministroak: armada Rafah hiriraino eramanen dute, Gazako zerrenda guztiz okupatzeko. Hiria Egiptorekin muga-mugan dago, eta 1,5 milioi palestinar inguru daude, Gazako bertze eremuetatik ihesi iritsitakoak. 

«Ezinezkoa da gerraren helburua lortzea Hamas desagerrarazi arte, eta, beraz, ezin dira Rafahn Hamasen lau batailoi utzi», diote Netanyahuren bulegoak gaur arratsaldean zabaldutako ohar batean. Lehen ministroak segurtasun indarrei eskatu die bete ditzatela bi egiteko: herritarrak ebakuatzeko eta, aldi berean, Hamasen «erortzea» ziurtatzeko. Oharrean, baina, ez du zehazten helburu hori nola lortu gogo duten.

NBE Nazio Batuen Erakundeak behin baino gehiagotan adierazi izan du kezka, Israelgo armada Rafahn sartuz gero zer gertatuko ote den. Erasoetatik ihesi dabiltzan milioitik gora palestinar baitaude hirian. Gaur bertan, Israelen oharraren berri izan bezain laster, Stephane Dujarric eledunak hitz egin du. Erran duenez, herritarrak edozein operazio militarretatik babestu behar dira, eta NBEk ez du babesten lekualdaketa beharturik. Josep Borrel Europako Batasuneko diplomaziaburuak ere ohartarazi du Rafahko inbasioak ondorio katastrofikoak izan ditzakeela.

Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko bozeramaile Jens Laerkek ere adierazpenak egin ditu aste honetan: «Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arabera, jende asko bizi den eremuak bereizi gabe bonbardatzea gerra krimena izan daiteke. Rafahn liskarrak areagotuz gero, litekeena da zibil askok bizia galtzea».

Nazioarteko komunitateak dioenaren kontrara –hala arlo diplomatikoan nola humanitarioan–, Israelgo armadaren erasoek ez dute etenik, eta hiriari airez erasotzen ari dira. Izan ere, Rafahren kontrako erasoek gora egin dute azken egunotan, eta, gaur bertan, bonbardatu egin dute: bi eraikin jo, eta hamahiru lagun hil dituzte. Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak behin baino gehiagotan iradoki izan du armada Rafahrantz joanen zela Khan Yunis hirian egiten ari zen operazioak amaitu eta gero.

Alabaina, uste zen aukera hori urrun zela, preso palestinarrak askatzeko negoziazio lanetan ari baitziren. Hala ere, badirudi elkarrizketak geldirik daudela: Hamasek proposatu du erasoak behin betiko geldiaraztea eta Israelgo armadek lurraldea uztea, baina Netanyahuk ez du bat egiten proposamenarekin.

Egoera, guztiz bertzelakoa

Israelek bertze ebakuazio bat planteatu zuen urriaren hondarrean, milioi bat palestinarri baino gehiagori eragiten ziena. Oraingoa, baina, egoera guztiz bertzelako da, azken ebakuazioan egon ziren herritar anitz Rafahn baitaude orain. Philippe Lazzarini UNRWAko idazkari nagusia kritiko mintzatu da: «Nola da posible ehunka mila pertsona mugiaraztea hirian sartu nahi duzulako? Ez dakit. Ezerezaren erdira eramaten badituzu, zer instalazio izanen dute? Nondik aterako dute ura? Eta osasun azpiegiturak? Ez zait iruditzen zentzu handirik duenik».

Orain egin asmo duten ebakuazioa, logistika aldetik ez ezik, hagitz desberdina da pertsona horien alderdi psikologikotik ere. Hala baieztatu du Lazzarinik: «Gerraren lehenbiziko bi edo hiru hilabeteetan, suntsipenetik ihes egin, eta leku batetik bestera mugitzen ziren. Azkenekoz, etsiak hartuak ikusi nituen, amore eman balute bezala, begietan distirarik gabe, akiturik, zikin. Bizirik irauteko pilotu automatikoa jarria balute bezala».

Gehitu du Gaza hegoaldeko polizia ez dagoela prest laguntza humanitarioko kamioiak eskoltatzeko. Izan ere, azken egunotan hainbat polizia hil dira israeldarren erasoetan. Azken lau egunetan, zortzi. «Nahikoa dela diote», azpimarratu zuen Lazzarinik.

Izan ere, Rafahko biztanleriak gora egin du nabarmen gatazka hasi zenetik hona: lehen, 4.100 pertsona bizi ziren kilometro karratuko, eta orain, berriz, 19.600. Joan den urriaren 7an gerra hasi zenetik, 28.000 palestinar baino gehiago hil dituzte, eta 67.500 zauritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.