Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak berretsi du Teheranekin negoziatzen ari dela. Eta Etxe Zurian emandako prentsaurreko batean ziurtatu du Iranek arma nuklearrei «betirako» uko egitea onartu duela, baita gerra «amaituta» dagoela ere. Gainera, uste du orain Iranen dauden liderrak ez direla «arazo hauek sortu zituztenak bezalakoak». Atzo iragarri zuen bost egun atzeratu dituela Irango energia azpiegituren aurka iragarritako erasoak. Izan ere, Etxe Zuriko maizterraren esanetan, AEBetako mandatariek «oso elkarrizketa emankorrak» izan dituzte Irango buruzagirik «errespetagarrienarekin» —Mojtaba Khamenei lider gorenarekin ez—; Teheranek ukatu egin du hitz egin izana.
Nolanahi ere, Ekialde Hurbileko gerrak ez du etenik izan azken orduetan, eta Israelek eta Iranek elkarri eraso egiten segitu dute, airez. Gainera, AEBetako hedabideek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dute Pentagonoak beste 3.000 soldadu bidaliko dituela Persiar Golkora.
Trumpen atzoko baieztapenen harira, Pakistango Atzerri Ministerioak adierazi du Pakistan «prest» dagoela AEBen eta Iranen arteko elkarrizketa antolatzeko. «Bi aldeek hala nahi izanez gero, Islamabad prest dago elkarrizketak antolatzeko», esan dio gaur Atzerri Ministerioaren bozeramaile Tahir Andrabik Al-Jazeerari. Eta Iranen erantzunik ez izan arren, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak sare sozialetan adierazi du «ohorea» izango dela elkarrizketen antitrioia izatea Washingtonen eta Teheranen oniritzia jaso eta gero. The Guardian egunkariak kaleratu du, Irango iturriak aipatuz, Teheran ez legokeela prest Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkariarekin edo Jared Kushner mandatariarekin negoziatzeko —haiek hartu zuten parte erasoaldia hasi baino lehenagoko elkarrizketetan, hots, programa nuklearrei buruzkoetan—, eta Pakistanek arrazoi horrexegatik irizten diola oraingoan JD Vance AEBetako presidenteordea dela negoziazioak bideratzeko ordezkaririk aproposenetako bat. Trumpen arabera, Rubio eta JD Vance AEBetako presidenteordea ari dira negoziatzen.
Israelgo armadak gaur berretsi du beste eraso olde bat egin zuela atzo Teheranen, eta arma biltegiak eta aireko defentsa sistemak bonbardatu zituela. Guztira, 50 helburu baino gehiago bonbardatu zituztela zehaztu dute, herrialdearen iparraldean eta erdialdean, eta, gaineratu dutenez, dagoeneko 3.000 helburu baino gehiago bonbardatu dituzte Iranen otsailaren 28az geroztik. Gainera, Irango Energia Atomikoaren Erakundeak salatu du Buxeher zentral nuklearraren inguruan eraso bat egin dutela Israelek eta AEBek, baina ez duela kalterik eragin.
Horrez gain, Irango Fars albiste agentziak zehaztu duenez, Khorramxahr hiriko instalazio energetikoan eraso bat izan da gaur goizaldean, eta jaurtigai batek hango bi gas hodi jo ditu. Beste eraso baten berri ere eman dute: albiste agentzia horren arabera, Isfahango gas estazioaren administrazioaren eraikin batzuei ere eraso egin diete.
Teheranek ere ez ditu eten erasoaldiak. Israelgo armadak jakinarazi duenez, Iranek «hainbat misil olde» jaurti ditu gaur Israelera, eta lau lagun hil ditu. Tel Aviven, esaterako, zenbait solairuko eraikin bat hondatu dute, baina ez dute zehaztu misil batek jota izan den, edo bidean atzemandako misil baten hondakinen ondorioz. Gaineratu dutenez, hainbat autok su hartu dute.
Bestalde, IRNA albiste agentziaren arabera, Iranek jada erabaki du nor izango den Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkari berria: Mohammad Bagher Zolghadr. Hala, Israelek eta AEBek iragan astean hildako Ali Larijaniren postua hartuko du.
ISRAELGO GKE BATEK SALATU DU PALESTINARRAK TORTURATu egitEN DITUZTELA ISRAELGO ZIEGETAN
Israelgo B'Tselem gobernuz kanpoko erakundeak salatu du «tortura sare bat» dagoela herrialdeko kartzeletan. Zehaztu duenaren arabera, ziega horietan palestinarrak «sistematikoki» torturatzen dituzte, eta osasun langileen laguntza ukatzen diete gosea eta abusuak jasaten dituzten bitartean. «Tortura sare horiek Israelek Palestinako gizartearen aurka egiten duen erasoaren parte dira, eta helburu bakarra da palestinarrak talde gisa desegitea», zehaztu dute oharrean.
Irakek ere jasan ditu Ekialde Hurbileko gerraren ondorioak. Reuters albiste agentziak zabaldu duenez, aire bidezko eraso bat egin dute Iranen aldeko zenbait milizia biltzen dituen erakundearen (FMP) eraikin baten aurka. Zehaztu dutenez, hamabost lagun hil dituzte, tartean Anbarko operazioen komandante Saad al-Baiji; beste 30 inguru zauritu dituzte. FMPk agiri baten bidez eman du erasoaren berri, eta AEBei egotzi die egin izana. Bestalde, Iraken mendeko Kurdistango Eskualde Autonomoak bere indarren aurkako eraso bat egin izana eta sei lagun hil izana leporatu dio Irani. Baieztatuz gero, hango estatu indarren aurkako lehen erasoa litzateke.
Ekialde Hurbileko gerraren foku nagusietako bat, baina, Ormuzko itsasartean dago. Iranek Ormuzko pasabidea itxi zuen AEBek eta Israelek eraso ziotenean, eta, iragan larunbatean, AEBetako presidenteak 48 orduko epea eman zion pasabidea erabat irekitzeko, energia azpiegiturak joko zituela bestela. Bada, horrekin lotuta, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua Bahrainek aurkeztutako ebazpen proiektu bat aztertzen ari da. Proposamen horren arabera, estatu guztiek baimena izango lukete «beharrezko baliabide guztiak» erabiltzeko Ormuzko itsasartean nabigatzeko askatasuna bermatze aldera. Horrez gain, Bahrainek aurkeztutako agirian, Irani eskatzen zaio albo batera utz ditzala «merkataritza ontzien aurkako eraso guztiak eta nabigazio askatasuna eragozteko ahaleginak» Ormuzko itsasartean eta inguruan. Gaur gauean dira ebazpen horri buruz hitz egitekoak, New Yorken.
Bide beretik jo du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere. Prentsaurreko bat eman du gaur Canberran Australiako lehen ministro Anthony Albaneserekin batera, eta, bertan, «Ormuzko itsasartean abiatutako erasoaldia geldiarazteko» agindu dio Irani: «Berehala eten behar ditu mehatxuak, erasoak eta itsasartea blokeatzeko egin dituen beste saiakera guztiak». Gainera, ohartarazi du ekintza horiek «arriskuan» jartzen dutela mundu mailako merkataritza, eta azpimarratu «nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipioetako bat» dela nabigazio askatasuna.
Qatarrek esan du gutxienez bost urte beharko dituela gas esportazioak lehengoratzeko
Israelek eta AEBek duela astebete Irango South Pars gas hobiari eraso egin eta gero, Iranek Qatarko Ras Laffan gas natural likidotua ekoizteko plantari egin zion eraso, erantzun gisa. Bada, Qatarko Energia ministro eta Qatar Energy energia konpainia publikoko presidenteak, Saad Xerida al-Kabik, estimatu du gaur ezen 20.000 milioi dolarren diru sarrerak galduko dituztela urtean, eta planta horretan kalteak konpontzeko lanek hiru eta bost urte artean iraungo dutela. Gas natural likidotua esportatzeko gaitasuna %17 murriztu da, eta, Al-Kabiken arabera, ezinbesteko arrazoien klausulari helduko diote zenbait herrialderekin dituzten kontratuetan —Txina, Hego Korea, Italia eta Belgika—, hots, Qatarrek ez du zertan bete beharko hitzartutako salmentarik, Iranen kontraerasoek eragindako kalteen ondorioz.
Libano hegoaldea jomugan
Iran ez ezik, Israelek Libano ere jarri du jomugan azken asteetan, batez ere herrialdearen hegoaldea. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak gaur adierazi du Israelgo armadak «Hezbollahk erabiltzen dituen bost zubiak» lehertu dituela, eta Libano hegoaldeko Litani ibairainoko «gainerako zubiak eta bertako eremua» kontrolatuko dituela —Israelen mugatik 30 kilometrora arteko tartea da; Libanoren eremuaren %10—. Gaineratu duenez, Libano hegoaldeko bonbardaketen ondorioz etxetik ihes egin behar izan duten herritarrak ezin izango dira etxera itzuli. Ez behintzat Israelek «haien segurtasuna» bermatu arte. «Oinarria argia da: terrorismoa eta misilak badaude, ez da ez etxerik eta ez herritarrik izango», adierazi du Katzek.
Israelek hainbat eraso egin ditu gaur Libano hegoaldean, airez eta lurrez, eta gutxienez hamazazpi lagun hil direla jakinarazi du Osasun Ministerioak.
Libanoko Atzerri Ministerioak gaur jakinarazi du Iranek bertan daukan enbaxadorea herrialdetik bidaliko duela. X sarean argitaratu duten oharraren arabera, Mohamad Reza Xeibani persona non grata izendatu dute, eta igandera arteko epea eman diote herrialdetik alde egin dezan.
GERRAREN ONDORIOZ HILDAKOEN KOPURUA, HERRIALDEKA
- Iran. Gutxienez 1.500 hildako, eta 18.551 zauritu.
- Libano. Gutxienez 1.039 hildako, eta 2.583 zauritu.
- Irak. Gutxienez 61 hildako, dozenaka zauritu.
- Israel. Gutxienez 18 hildako, eta 4.697 zauritu.
- AEBetako militarrak. Gutxienez 13 hildako, eta 200 zauritu.
- Palestina. Gutxienez lau hildako.
- Siria. Gutxienez lau hildako.
- Kuwait. Gutxienez sei hildako, eta dozenaka zauritu.
- Bahrain. Gutxienez bi hildako, eta dozenaka zauritu.
- Arabiar Emirerri Batuak. Gutxienez zortzi hildako, eta 160 zauritu.
- Oman. Gutxienez hiru hildako, eta hamabost zauritu.
- Saudi Arabia. Gutxienez bi hildako, eta hogei zauritu.