Israelek Zisjordaniako palestinarrak «sistematikoki ezabatzeko» proiektu bat garatu duela salatu du B'Tselem erakundeak

Palestinarren aurkako «bazterkeria sistematikoa» nola ardazten den azaldu du Israelgo giza eskubideen erakundeak, 'Ezabatzeko proiektua' txostenean; horren parte lirateke haien aurkako «indarkeria, lurraren okupazioa eta traba ekonomiko eta politikoak».

Kolono israeldar bat palestinar batzuen etxera begira, herenegun, Zisjordanian. ATEF SAFADI / EFE
Kolono israeldar bat palestinar batzuen etxera begira, herenegun, Zisjordanian. ATEF SAFADI / EFE
maddi iztueta olano
2026ko irailaren 14a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekintzarik arruntena ere, hala etxetik irtetea nola lagun eta senideekin elkartzea, arriskutsua izan liteke Zisjordanian. Hala ondorioztatu eta salatu du B'Tselem Israelgo giza eskubideen erakundeak, The Elimination Project (Ezabatzeko proiektua) txostenean. Horren arabera, Israelgo Gobernuak eta kolono israeldarrek Zisjordaniako palestinarrak «sistematikoki ezabatzeko» proiektu bat garatu dute, zeinak haien «lurren okupazioa» eta haien aurkako «indarkeria eta hilketak» dituen oinarri, besteak beste.

Eremu horretako palestinarren aurkako indarkeriazko ekintzak indibidualki aztertu beharrean, ekintza horiek beren artean dituzten antzekotasunei erreparatu diete txostenean, baita elkarri nola eragiten dioten aztertu ere. Azterlanean zehaztu dutenez, ekintza horiek helburu nagusi bat dute: palestinarren existentzia kolektiboa osatzen duten egiturak «deuseztatzea», hala nola lurra, instituzioak, hizkuntza, kultura, giza harremanak, agintaritza, memoria eta historia. «Proiektuaren asmoa da Zisjordaniako bizi baldintzak moldatzea, Israelek bertan duen kontrola areagotuz, palestinarrak zatikatzeko eta ahultzeko», azaldu dute.

Hala, helburu hori duten ekintza guztiak bost mekanismotan multzokatu dituzte: indarkeria eta intimidazioa; mugimenduaren kontrola; oztopo eta traba ekonomiko, sozial eta politikoak; garbiketa etnikoa; eta lurraren okupazioa. B'Tselem erakundearen arabera, bost mekanismo horiek elkar elikatzen dute; esaterako, mugimenduaren kontrolak eta traba ekonomiko eta politikoek «nabarmen zailtzen» dute Zisjordaniako palestinarrek beren instituzioei eustea eta haien artean antolatzea. Horren adibide da, hain justu, 2023ko urriaz geroztik Israelgo lurretan lan egiteko baimenak kendu dizkietela 140.000 palestinarri; hala, Zisjordaniako langabezia tasa %13tik %31ra igo zen 2022 eta 2024 artean.

Horrez gain, txostenean jakinarazi dutenez, 2023ko urriaren eta 2026ko ekainaren artean, Israelgo Gobernuak berrehun kontrolgune gehiago ezarri ditu Zisjordanian. Egileen arabera, kontrolgune horiek eta beste hainbat errepide nagusiren blokeoak bete-betean oztopatzen dituzte «palestinarren joan-etorriak», eta «ezegonkortasuna» areagotzen dute, argudiatuta Zisjordaniako palestinarrek maiz ezin jakin dezaketela noiz iritsiko diren lanera, eskolara edo beste edozein hitzordutara. «Askotan, leku jakin baterako sarbidea eragozteak lur horren okupazioa errazten du», gehitu dute. 

Azken lau urteetan Israelgo armadaren eta kolono israeldarren indarkeria «nabarmen areagotu» dela ere salatu dute, eta are gehiago 2023ko urriaren 7az geroztik; hots, 1.087 palestinar baino gehiago hil dituzte ordutik, horietatik 242 baino gehiago adingabeak. «Edozein garaitan, litekeena da Israelgo soldaduak etxe batera sartzea, kolonoak iristea, kontrolgune bat ixtea aurretik azalpenik eta abisurik eman gabe, norbait atxilotzea, edo jipoitzea, edo hiltzea. Halako baldintzetan, jarduerarik arruntena egiteko ere, arriskua aintzat hartu behar da», ohartarazi dute.

Zaharrak berri

Gutxienez hiru mende laurden egin behar da atzera Israelek Palestinako lurretan egindako aurreneko indarkeriazko ekintzei erreparatzeko. Txostenean zehaztu dutenez, Nakba —hondamena esan nahi du arabieraz— izan zen «palestinarrak ezabatzeko sistemaren» aurreneko «operazio handia». 1947 eta 1949 artean, 700.000 palestinar inguruk beren etxeak utzi behar izan zituzten, eta erbestera joan, Israelgo estatu sortu berriaren eta kolonoen indarkeriatik ihesi. Handik hogei urtera, 1967an, Zisjordaniaren okupazioa abiatu zuen Israelek.

Hala, gaur-gaurkoz Zisjordanian «apartheid erregimen bat» dagoela azpimarratu du B'Tselem erakundeak: «Egitura horrek supremazismo judua antolatzen eta lehenesten du, eta palestinarrekiko kontrola ezartzen du». Hala, txostenean gogoratu dute kolono israeldarrek «eskubide politiko, zibil eta ekonomiko oro» dituztela; Zisjordanian bizi diren palestinarrek, ordea, «arau eta lege militarren arabera» bizi behar dute.

Hain zuzen, txostenaren egileek berretsi dute Zisjordaniako okupazioa «legez kanpokoa» dela, eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak 2024an emandako ebazpena ekarri dute gogora, zeinak Israelgo Gobernuari exijitzen dion okupazioa desegin dezala. Txostena ontzeko, aurretik landutako zenbait dokumentu erabili dituzte, baita Israelgo Gobernuaren politikak eta dokumentazioa aztertu ere. Gainera, azken urteetan jasotako bi mila testigantzatik gora bildu dituzte. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA