Frantziak aldaketa nabarmen bat egingo du Israelen eta Palestinaren arteko gatazkan orain arte izan duen jarreran: Palestinako Estatua onartuko du. Emmanuel Macron presidenteak jakinarazi du gaur iluntzean: «Ekialde Hurbilean bake iraunkor eta bidezko batekin izan duen engaiamenduari fidel, erabaki dut Frantziak Palestinako Estatua onartuko duela». Datorren irailean egingo du aitortza ofiziala, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran.
NBEko kide diren 148 estatuk aitortzen dute Palestina estatutzat —erakundeko hiru laurden inguruk—. Europako Batasunean ekialdekoak dira aitortza hori egin duten estatu gehienak. Mendebaldekoen artean, Espainiak, Suediak eta Irlandako Errepublikak baino ez dute egin; hau da, ez daude zerrenda horretan ez Alemania, ez Italia, ez Herbehereak, ezta Belgika ere, esate baterako. Hortaz, Frantziarena pauso diplomatiko deigarria da, kontuan hartuta, gainera, historikoki Israelen defendatzaile handienetakoa izan dela Europan, eta Macronek berak proposatu zuela EI Estatu Islamikoaren kontrako nazioarteko koalizioak Hamasen kontra esku hartzea —2023ko urriaren 24an egin zituen adierazpen horiek, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ondoan zuela, Jerusalemen, Israelek Gazaren kontrako erasoaldia hasi eta hamazazpi egunera—.
«Premiazkoa orain Gazan gerra gelditzea eta populazio zibilari segurtasuna bermatzea da», adierazi du gaur Frantziako presidenteak. Etorkizunera begira, Hamas desmilitarizatu egin behar dela uste du, eta nazioarteak Palestinako Estatuaren «bideragarritasuna» bermatu behar duela. Hori bai, baldintzak ere paratu dizkio estatu horri: Macronek «desmilitarizatua» izan dadin nahi du, eta «Israel guztiz onartzea».
Israelek mahai gainean du Hamasen erantzuna
Bakea lortzeko ahaleginei dagokienez, Israelgo Gobernuaren mahai gainean dago Gazan su eten batera deitzeko bitartekariek egindako proposamenari Hamasek emandako erantzuna. Netanyahuren bulegoak berak baieztatu du gaur, ohar batean, hori gainbegiratzen ari direla. Dena den, azken asteetan ez atzera ez aurrera daude Qatarren, Egiptoren eta AEBen bitartekaritzarekin talde islamista eta Israel zeharka egiten ari diren negoziazioak. 2023ko urrian Israelek zerrendaren setioa hasi zuenetik, bi menia adostu dituzte bi aldeek; azkenekoa aurtengo urtarrilaren erdialdean sartu zen indarrean, eta Tel Avivek hautsi zuen bi hilabete geroago.
Ezin da esan meniarako ituna egingo ote duten hurrengo egunetan, nahiz eta Donald Trump AEBetako presidenteak uztailaren 9an adierazi zuen hori «berehala» iritsiko zela. Azken planteamenduari Hamasek emandako erantzunaren harira, Israelgo 12 telebista kateak adierazi du, iturri ofizial bat aipatuz, ez dela espero azkar iristea akordiorik, oraindik ere desadostasunak baitaude bi aldeen artean.
Halere, Tel Aviveko funtzionario batek esan dio Israelgo Haaretz egunkariari talde islamistaren erantzuna «bideragarriagoa» dela asteartean bitartekariek baztertu zutena baino. Hedabide horrek berak iturri palestinar bat aipatuz kaleratu duenez, «positiboa» da erantzuna, nahiz eta Hamasek berak zalantzak dituen Israego tropek tregoan zer leku okupatuko luketen zerrendan.
Iturri horrek dioenez, Israelek Gazaren %24-28 kontrolatu nahiko luke, eta, informazio horren arabera, horrek adieraziko luke, hain zuzen, ez lituzkeela tropak handik aterako su etena iraunkorra izanda ere.
Oraingoz mahai gainean dagoen proposamenean, 60 eguneko menia bat planteatu dute. Bitarte horretan, bi aldeek tregoa iraunkor bihurtzea negoziatuko lukete. Tarte horretan tregoaren ondorenerako akordiorik lortu gabe ere, zirriborroan jasota dago berdin-berdin luzatuko litzatekeela.
Eta bi hilabete horietan, Hamasek aske utziko lituzke 2023ko urriaren 7tik bahituta dauzkan hamar israeldar, eta hamalau gatiburen gorpuak entregatuko lituzke. Azkeneko ia bi urteotan 140 bahitu askatu ditu Hamasek.
Nazioarteak azkeneko egunetan egindako eskaerari muzin eginez, Israelek Gaza jotzen segitzen du, 2023ko urritik ia-ia egunero egin bezala, gupidarik gabe, airetik eta lurretik. Hango osasun iturriek esan dutenez, gutxienez hamazazpi pertsona hil dituzte gaur.
Israelek bi adingabe hil ditu zisjordanian
Israelgo armadak beste bi pertsona hil ditu gaur Zisjordania okupatuan, Betleemen. Wafa Palestinako berri agentziak eman du informazio hori, eta zehaztu adingabeak direla hildakoak; ez du jakinarazi, ordea, nola hil dituzten. Horrenbestez, NBE Nazio Batuen Erakundearen zenbaketa aintzat hartuta, Israelgo indarrek 958 palestinar hil dituzte lurralde okupatuetan. Gainera, gaur beste 25 pertsona atxilotu dituzte han.
Eta erasoetan hildakoei gehitu behar zaizkie Israelek ezarritako blokeok edo horren arintze apalak eragindako gosetearen ondorioz hildakoak. Gobernuz kanpoko ehun erakundek baino gehiagok—tartean ziren, besteak beste, AI Amnesty International eta MSF Mugarik Gabeko Medikuak— atzo salatu zuten zerrenda osora hedatzen ari dela gosetea. Azken ia bi urteetan zerrendan gosez hildakoen kopuru bat eman zuten atzo hango osasun iturriek: 111. Gaur jakinarazi dute beste bi hil direla modu horretan azkeneko 24 orduetan —aurten, 59—. Gaur, Gazako Gobernuaren Hedabideen Bulegoak nabarmendu du zerrendan astero 500.000 zaku irin jaso beharko lituzketela «laguntza humanitarioaren kolapsorik» ez gertatzeko.
«Erantzun logikoa»
Ibilgailu batek Israel erdialdeko Kfar Yona hiriko autobus geltoki batean zain zegoen pertsona multzo bat harrapatu du gaur goizean, eta zortzi zauritu ditu. Informazio hori eman du Poliziak, eta gero azaldu Zisjordanian ari direla gidariaren bila, ibilgailua han topatu baitute.
Ordu batzuk geroago, Hamasek komunikatu batean azpimarratu du zaurituak Israelgo soldaduak direla, eta Israelen okupazioari emandako «erantzun logiko bat» dela Kfar Yonan gertatutakoa. 2023ko urritik ia 60.000 palestinar hil ditu Israelek Gazan.
Hedabideen eskaera
BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoak eta nazioarteko hiru berri agentziak —AEBetako AP Associated Presek, Erresuma Batuko Reutersek, eta Frantziako AFPk— eskatu dute gaur utz diezaietela kazetariei Gazan sartzen eta irteten. Horretarako, ohar bateratu bat kaleratu dute lau hedabide horiek.
Nabarmendu dute geroz eta beharrezkoagoa dela han daudenek «behar beste elikagai» jasotzea. Komunikatuaren arabera, duela hilabete askotik «kazetari independente» horiek dira «munduaren begiak eta belarriak» Gazan, eta salatu dute orain ari direla nozitzen hango herritarren «egoera larri» bera. Adierazi dute, bide batez, kazetariek gabeziak jasaten dituztela gerra eremuetan. «Oso arduratuta gaude orain gosetea delako horietako bat».
AFPk, hain justu, jakinarazi zuen astelehenean Gazan dituen azken kazetariak hil egingo direla, berehalako esku hartzerik egin ezean. Horietako batek, argazkilari batek, ohartarazi zuen aurreko larunbatean, zutik egoteko zailtasunak dituela gosearen ondorioz.