Israelgo armadak Gazako Nuseirat errefuxiatuen kanpalekua bonbardatu du goizaldean, eta 23 lagun hil. Gazako Osasun Ministerioak ohartarazi du Israelek 39 pertsona hil dituela Gazan azken 24 orduetan.
Reuters berri agentziak langile humanitarioak aipatuz kaleratu duenez, Gazako sukalde komunitarioak larrialdian daude, janaria bukatzen ari zaie, eta ez dakite zenbat egun gehiago iraunen duten. Martxoaren 2az geroztik, Israelek ez du modurik ematen Gazan laguntza humanitarioa sartzeko. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak X sare sozialean jakinarazi duenez, Gazako hainbat familia «aurkitzen duten hura» ari dira jaten, kontsumitzeko segurua izan edo ez.
Israelek laguntza humanitarioa sartzea debekatu aitzinetik, 170 sukalde komunitario zeuden Gazan; astelehenetik hona, hamabost itxi dituzte, eta orotara laurogei sukalde baino gutxiago gelditzen dira martxan.
Zisjordanian, sarekadak egin dituzte Tulkarem hirian eta Issawiyan, Jerusalemen mendebaldean, eta Israelgo armadak zazpi pertsona atxilotu ditu. Wafa berria agentziak azaldu duenez, lau pertsona atxilotu dituzte Tulkarem ekialdean, bertze bat hegoaldean, eta gainerako biak Issawiyan. 2023ko urritik, Israelen eta Palestinaren arteko gatazka areagotu zenetik, ohikoak bihurtu dira sarekadak Zisjordanian.