Israelek oraingoz ez du irekiko Rafahko pasabidea, Hamasek akordioa betetzeko berme gisa

Aurrez, Palestinak Kairon duen enbaxadak iragarri du Egipton dauden iheslariak Gazara itzuli ahalko direla astelehenetik aurrera. Israelgo armadak sendi bateko 11 gazatar hil ditu eraso batean, su etena indarrean den arren.

Gazatarrak Khan Yunisen bilduta, Hamasen adar armatuko kideak, hau da, Al-Qassam Brigadetakoak bahituen gorpuen bila dabiltzala, atzo. HAITHAM IMAD/EFE
Gazatar batzuk Khan Yunisen bilduta, Hamasen adar armatuko kideak, hau da, Al-Qassam Brigadetakoak bahituen gorpuen bila dabiltzala, atzo. HAITHAM IMAD/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko urriaren 18a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Akordioak akordio, Gazaren eta Egiptoren arteko Rafahko igarobideak itxita dirau. Batetik, Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak asteon iragarri du pasabidea irekitzeko agindua emango zutela, «ziurrenik» bihar. Bestetik, Palestinak Kairon duen enbaxadak gaur sare sozialetan iragarri du Egipton dauden iheslariak Gazara itzuli ahalko direla astelehenetik aurrera. Bada, badirudi ez direla beteko ez bata eta ez bestea. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak ohar bat kaleratu du gaur, eta hartan jakinarazi du oraingoz ez dutela irekiko Rafahko pasabidea, berme gisa: «Kontuan izango dugu Hamasek nola betetzen duen bahituen gorpuen trukea, baita akordioan adostutakoak nola ezartzen dituen ere».

Hamasek 2023ko urriaren 7an bahitutako baten gorpua berreskuratu zuen atzo, eta iragarri zuen bart entregatzekoa zela. Bada, gorpu hori Israelen dago jada, eta, Netanyahuren bulegoak gaur kaleratutako beste ohar batean adierazi duenez, identifikatu egin dute. Talde islamistak entregatu duen hamargarren gorpua da hori; hortaz, hemezortzi geratzen dira Gazan. Gaur, beste bi gorpu entregatuko dituela iragarri du Hamasek. Palestinako taldea berandu dabil bahituak entregatzeko zereginean, baina argudiatu du gorpuetako batzuk Israelen erasoetan birrindutako eraikinen hondakinen azpian daudela, eta ez direla topatzen errazak.

Donald Trump AEBetako presidenteak aurkeztutako planak, Israelek eta Hamasek onetsitakoak, zera dio bosgarren puntuan: «Bahitu israeldar baten gorpuzkiak itzultzearen truke, hildako hamabost gazatarren gorpuzkiak entregatuko ditu Israelek». Bada, Israelek hamabost palestinarren hilotzak entregatu ditu bart. Gazako Osasun Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez, zenbaitzuek eskuak lotuta dauzkate, begiak estalita, eta «jipoitu» dituztelako zantzuak daude.

Gazatarren gorpuak jaso ondoren, Gurutze Gorriak Khan Yunis hiriko Al-Nasser ospitalera eramaten ditu, zerrenda hegoaldera. Gorpuak hain hondatuta daude, ezen ospitaleak desagertuen senideekin bilerak antolatu behar izan baititu, gorpuen irudiak ikus ditzaten eta identifikatze lanetan lagundu dezaten. Trukea hasi zenetik, 135 gazatarren hilotzak berreskuratu dituzte, eta zazpi soilik identifikatu.

RAFAHKO PASABIDEAREN BUELTAKO GERTAKARIAK

  • 2024ko maiatzaren 7a. Israelgo armadak bere gain hartu zituen Gaza hegoaldeko Rafahko pasabidea eta Karem Abu Salemekoa, Egiptotik zetorren laguntza blokeatuz. Hurrengo egunean, tropek Rafah hiria hartu zuten, milioi bat gazatarrek baino gehiagok ihes egitera behartuz. 
  • 2024ko maiatzaren 24a. Nazioarteko Justizia Auzitegiak Rafahko pasabidea irekitzeko agindu zion Israeli. Hark ez zion kasu egin.
  • 2025eko urtarrilaren 19a. Behin-behineko su etena ezarri zuten, eta desplazatuek Rafahra itzuli ahal izan zuten.
  • 2025eko otsaila. Rafahko pasabidea aldi baterako ireki zuten, arta behar zuten gazatarrak ebakuatzeko.
  • 2025eko martxoa. Su etenaren hurrengo faseetarako negoziazioak bertan behera geratu ziren, eta Rafah ebakuatzeko agindua eman zuen Israelek.
  • 2025eko urria. Israelek adostutako kamioien erdiei baimentzen die Gazarako sarrera, laguntza humanitarioa mugatuz, eta itxirik dirau Rafahko pasabideak.

Menia hauskorra

Bestalde, Gazarako meniari jaramonik egin gabe jarraitzen du Israelgo armadak. Astebete igaro da erasoak bertan behera uztea onetsi zutenetik, baina Israelgo tropek zerrendako gune militarizatura hurbiltzen direnen kontra egiten dute oraindik ere. Armadak sendi bateko 11 lagun hil ditu bart: beren etxerantz zihoazen horiek guztiak, Gaza hiriko Zeitun auzora, autobus txiki batean. Horren berri eman du Gazako Defentsa Zibilak, gaur kaleratu duen ohar batean. Auzo horretako Bautista Al-Ahli ospitalera eraman dituzte bederatziren gorpuak, birenak ezin izan baitituzte berreskuratu; eta ibilgailuan zihoan beste senide bat, berriz, zauriturik dago. Su etena indarrean sartu zenetik hona, Israelek 47 aldiz urratu du, eta gutxienez 38 gazatar hil; hala jakinarazi du Gazako Gobernuak, gaur, ohar baten bidez.

EFE albiste agentziak galdetuta, Israelgo armadak azaldu du «ibilgailu susmagarri bat» identifikatu zutela gune militarizatua mugatzen duen lerro horia delakoa zeharkatzen. Gaineratu du ibilgailuari tiro egin ziotela alde egin zezala «ohartarazteko»: «Tropengana hurbiltzen segitu zuen, eta tropek, beraz, tiro egin zuten, mehatxua ezabatzeko». Gazako Defentsa Zibilak erasoa gaitzetsi du: «Beste modu batera eman zitekeen abisua; gertakari horrek baieztatzen du okupazioak odola nahi duela eta zibil errugabeen kontrako krimenei eusten diela».

Israelen eta Hamasen arteko akordioko lehen fasearen arabera, tropak erretiratzea adostu arren, armadak oraindik ere kontrolpean izango du Gazako eremuaren erdia baino gehiago —aurreikusten da are atzerago joango dela ondorengo faseetan—. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak asteon eman du abisua: armadak «tiroz» erantzungo dio bere gain hartutako gunea gurutzatzen duen edonori. Al-Jazeera hedabideko Hind Khudary kazetariaren arabera, palestinar askok ez dakite nondik nora doan muga. Katzen arabera, aurki hasiko dira hura markatzen.

Armagabetzeko deia

Palestinako Al-Fatah alderdiko kideek Hamasi egotzi diote «interes sektarioak» lehenestea, talde horrek ez baitu adierazi armagabetzeko asmorik, Donald Trump AEBetako presidentearen planak jasotzen duen bezala —negoziazioetako ondorengo faseetan eztabaidatzeko gaia izango da hori, Gazako gobernabideaz gain—. Abdel Fattah Dawla alderdiko bozeramaileak egin ditu adierazpenok, eta Wafa Palestinako berri agentziak jaso ditu: «Bi urtez Gazan genozidioa, suntsiketa eta desplazamendua pairatu ondoren, Hamasek bere herriaren borondatearen eta interesen alde lerratu beharko luke, bizkarra eman ordez alde bakarreko gobernuak urteetan sortutako errealitate tragikoari».

Atzera egin behar da Palestinako bi eragile horien arteko gatazka ulertzeko: 2006an, Hamasek irabazi zituen Palestinako Legebiltzarrerako hauteskundeak, gehiengo osoa bilduta irabazi ere, batik bat Gazan lortutako babesagatik. Al-Fatahk, Israelek eta AEBek, baina, ez zituzten onartu emaitza horiek, ezta Hamasen gobernuaren zilegitasuna ere. Harrezkeroztik, Hamasek gobernatzen du Gazan, eta Al-Fatahk, berriz, Zisjordanian kontrolpean dituen eremuetan.

Trumpen hogei puntuko planean jasotakoaren arabera, zerrendan «trantsizio» gobernu bat ezarri ondoren PAN Palestinako Aginte Nazionalak hartuko du Gazako agintea —Al-Fatahren eskuetan dago PAN—, harik eta «erreforma programa» osatu arte eta «Gazaren kontrola modu seguru eta eraginkorrean berriro hartu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.