Gazarako plana aurkeztu zuen Donald Trump AEBetako presidenteak atzo Washingtonen, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ondoan zuela. Hauek dira egitasmo horren hogei puntuak, literalki jasoak.
TRUMPEN PLANA
«Gaza terrorismorik gabeko eremu bat izango da, erradikalik gabea, eta ez da mehatxu bat izango bizilagunentzat».
- «Gazako herritarren hobe beharrez berreraikiko dute Gaza, behar baino gehiago sufritu baitute».
«Bi aldeak proposamenarekin ados badaude, gerra berehala bukatuko da. Israelgo indarrek adostutako lerrora egingo dute atzera, bahituak askatzeko prestatzeko. Tarte horretan, operazio militar guztiak bertan behera geratuko dira [...], erabateko erretiratzea [tropena] faseka egiteko baldintzak bete arte».
«Israelek jendaurrean akordioa onartu ondorengo 72 orduetan, bahitu guztiak itzuliko dituzte, hilik zein bizirik».
«Behin bahituak askatuta, Israelek aske utziko ditu betirako espetxe zigorra ezarri zien 250 preso [palestinar], baita 2023ko urriaren 7aren ondoren atxilotu zituen 1.700 gazatar ere, atxilotutako emakume eta haur guztiak barne hartuta. Bahitu israeldar baten gorpuzkiak itzultzearen truke, hildako hamabost gazatarren gorpuzkinak entregatuko ditu Israelek».
«Behin bahitu guztiak itzulita, Hamaseko kideek bizikidetza baketsurako konpromisoa hartuko dute, eta armak entregatzean amnistiatuak izango dira».
«Behin akordio hau onartuta, Gazara laguntza bidaliko da. Laguntza 2025eko urtarrilaren 19ko akordioan onartutakoaren parekoa izango da gutxienez, eta barne hartuko du azpiegitura berreraikitzea [...]».
«Laguntzaren sartzea eta banatzea Nazio Batuen Erakundearen eta haren organoen ardura izango da, eta bi aldeek ez dute oztopatuko [...]».
«Behin-behineko trantsizioko gobernu batek edukiko du Gazako gobernabidea. Batzorde apolitiko eta teknokrata palestinar bat arduratuko da egunerokoan zerbitzu publikoak kudeatzeaz. Batzorde hori palestinar gaituek eta nazioarteko adituek osatuko dute, eta trantsiziorako nazioarteko organo berri batek gainbegiratuko du: Bake Batzordeak. Donald Trump izango da haren burua, eta beste estatuburu batzuk ere izango ditu kide; tartean, Tony Blair [Erresuma Batuko] lehen ministro ohia. Organo horrek ezarriko du Gaza berriro urbanizatzeko markoa eta kudeatuko du finantzaketa, Palestinako Aginteak [PAN Palestinako Aginte Nazionala] bere erreforma programa osatu arte [...] eta Gazaren kontrola modu seguru eta eraginkorrean berriro hartu arte. [...]».
«Garapen ekonomikorako Trumpen plana sortuko da, Gaza berreraikitzeko eta dinamizatzeko; horretarako, Ekialde Hurbileko hiri modernoenetako batzuk sortzeko ekarpena egin duen aditu talde bati deituko zaio. [...] Inbertsioak erraztuta, lanpostuak, aukerak eta itxaropena sortuko dira Gazaren etorkizunerako».
«Eremu ekonomiko berezi bat ezarriko da, eta lehentasunezko tarifak izango ditu [...]».
«Inor ez da behartua izango Gazatik alde egitera, eta joaten direnak aske izango dira horretarako, baita itzultzeko ere. Geratzera adoretuko ditugu, eta Gaza hobe bat eraikitzeko aukera emango diegu».
«Hamasek eta beste fakzio batzuek adostu dute Gazako Gobernuan rolik ez edukitzea. Azpiegitura militar guztia [...] txikitua izango da. Begirale independenteen aurrean egingo da Gazaren desmilitarizazio prozesua, [...]».
«Eskualdeko bazkideek berme bat emango dute ziurtatzeko Hamasek eta haren fakzioek beren obligazioak betetzen dituztela eta Gaza Berria ez dela mehatxu bat ez bizilagunentzat, ez herriarentzat».
«AEBak lankidetzan arituko dira bazkide arabiarrekin eta nazioartekoekin, behin-behineko Nazioarteko Egonkortze Indarra [ISF ditu ingelesezko siglak] sortzeko, eta hura segituan hedatuko da Gazan. ISFk entrenatu eta lagunduko ditu Gazarako hautatutako Polizia indar palestinarrak, [...]. Indar hori izango da luzera begirako irtenbidea barne segurtasunari begira».
«Israelek ez du Gaza ez okupatuko, ez anexionatuko. ISFk kontrola eta egonkortasuna ezartzen duen neurrian, Israelgo armada erretiratu egingo da, oinarri hartuta desmilitarizaziorako ezarritako epeak, arauak eta mugarriak [...]. Praktikan, Israelgo armadak pixkanaka entregatuko dizkio Gazako lurrak ISFri [...]».
«Hamasek proposamen honi uko egiten badio, edo betetzea atzeratzen badu, aurreko puntuetan jasotakoa —laguntzaren hedapena barne— aurrera eramango da Israelgo armadak ISFri entregatutako terrorismorik gabeko eremuetan».
«Erlijioen arteko elkarrizketa prozesu bat ezarriko da, bizikidetza baketsua eta tolerantzia oinarri hartuta [...]».
«Gaza berreraikitzeko lanek aurrera egin ahala, eta Palestinako Aginteak bere erreforma programa leialki bete ahala, baliteke, azkenean, Palestinako estatu bat sortzeko eta autodeterminaziorako bide sinesgarri bat hasteko modua izatea, [...]».
«AEBek elkarrizketa bat abiaraziko dute Israelen eta palestinarren artean, bizikidetza baketsurako eta oparorako ortzi muga politiko bat adosteko».