Israelgo armadak ohartarazi du «asko falta» dela Gazako gerra amaitzeko

Tropak zerrenda hegoaldetik erretiratu ditu Tel Avivek, «arrazoi taktikoak» argudiatuta. Hamasek esan du ez dutela aurrerapausorik eman su etenari buruzko negoziazioetan.

(ID_13767404) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Gaur ere airetik bota dute Gazarako laguntza humanitarioa. Irudia Nir Ametik egina da, Israelen mendebaldetik, zerrenda iparraldeko mugatik gertu. ATEF SAFADI / EFE
ander perez zala
2024ko apirilaren 8a
12:35
Entzun

Gazako gerrak sei hilabete bete zituen atzo, eta Israelgo armadak orduan jakinarazi zuen tropak zerrenda hegoaldetik atera zituela. Horrek zalantzak eragin ditu hurrengo pauso militarren inguruan, baina, espekulazioak ugaritzen ari diren honetan, Israelgo estatu nagusiko buruzagi Herzi Halevik argi du, gaur, soldaduak «berriz elkartzen» ari direla, eta mugimendu horrek ez duela eragingo helburuak aldatzea. Are, Halevik ohartarazi du «asko falta» dela gerra amaitzeko.

Hori da Israelgo armada egunotan helarazten ari den mezua: Gaza hegoaldean dagoen Khan Yunis hiritik ateratzea behin-behineko erabaki bat dela, edo, atzo adierazi modura, «arrazoi taktikoengatik» izan dela. Besteak beste, erreserbistek atseden har dezaten, eta hurrengo erasoaldiak prestatu ahal izateko. Hau da, Rafahren kontrako lehorreko ofentsiba egitea oraindik ere aukera bat dela, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak hilabeteotan aipatu duen modura. Ideia hori berretsi du gaur ere Netanyahuk, hegoaldeko mugako operazioa garaipenerako «nahitaezkoa» dela esanez: «Gertatuko da. Data bat dago». Operazioa noiz gauzatuko duen, ordea, ez du zehaztu. Bide beretik mintzatu da Yoav Gallant Defentsa ministroa: «Hurrengo misioetarako prestatzen ari gara».

Sei hilabeteotako lekualdatze behartuen ondoren, 1,5 milioi lagun inguru daude egun Rafahn —2,3 milioi bat pertsona bizi dira Gazan—, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak hilabeteotan hainbatetan ohartarazi du «sarraski bat» gertatuko litzatekeela hiri horretan Israelgo armadak lurreko erasoaldi bat eginez gero. Hori aintzat harturik, eta iragan astean laguntza humanitarioa ematen ari ziren zazpi boluntario hil zituztela, nazioarteak are gehiago handitu dio presio diplomatikoa Tel Avivi; hain justu, testuinguru horretan hartu du tropak zerrenda hegoaldetik ateratzeko erabakia.

Hori bakarrik ez, eta batera gertatu dira, gainera, jakinarazpen hori eta su etenari buruzko negoziazioak berriz hastea. Gaur goizeko lehen informazioen arabera, Hamasek eta Israelgo Gobernuak «aurrerapausoak» eman dituzte bigarren menia adosteko elkarrizketetan —AEB Ameriketako Estatu Batuen, Egiptoren eta Qatarren bitartekaritzari esker—, baina, eguerdi aldera, Palestinako organizazio islamistak lehenik eta Tel Avivek gero, biek ala biek ukatu dute hori gertatu dela, Reutersen arabera. «Okupazioaren jarreran ez dago aldaketarik; hortaz, ez dago ezer berririk Kairoko negoziazioetan», esan dio Hamasen negoziazio taldeko kide batek albiste agentziari —eskatu du bere izen-abizenak ez argitaratzeko—.

Edonola ere, bi aldeek esan dute 48 ordu beharko dituztela proposamen berriak aztertzeko, eta horren ondoren itzuliko direla berriz elkarrizketetara, Egiptoko Al-Qahera News telebista kateak argitaratu duenez. Iragan asteburuan, Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek adierazi zuen bigarren meniari buruzko akordio bat lortzetik «inoiz baino gertuago» daudela; Hamasek nahi du, besteak beste, gerra amaitzea eta tropak Gazatik erabat ateratzea, baina Tel Avivek ez du halakorik onartu nahi.

Zerrendako Osasun Ministerioak gaur emandako datu eguneratuen arabera, Israelgo armadak 33.200 lagunetik gora hil eta 75.900 baino gehiago zauritu ditu Gazan joan den urriaren 7az geroztik.

Abisua koaliziotik

Eta su etenaren aferaz, hain justu, ohartarazpen bat egin dio Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionalerako ministroak Netanyahuri, abisatu baitio babesa kenduko liokeela gatazka militarra Rafahren kontrako «eraso handirik» egin gabe amaituko balu.

Ben-Gvir gogor mintzatu zaio lehen ministroari, X sare sozialean igotako mezu batean: «[Operazio militarrik gabe] Ez du lehen ministro izaten jarraitzeko aginterik izango». Segurtasun Nazionalerako ministroa politikari ultraeskuindarra da, Indar Judua alderdikoa, eta horren sostengurik gabe Israelgo koalizio gobernuak gehiengo osoa galduko luke parlamentuan. Horren jakitun dago Ben-Gvir, eta hilabeteotan indar posizio hori baliatu du Gazako gerrari buruzko eztabaidetan.

Aldiz, Yair Lapid oposizioburu eta lehen ministro ohiak (2021-2022) jakinarazi du haren alderdiak —Yesh Atidek— babesa emango liokeela Israelgo lehen ministroari bahituen itzulera segurtatzeko.

Alemaniaren kontrako kasua nazioarteko justizia auzitegian

Nazioarteko Justizia Auzitegiak bi eguneko saio bat hasi du gaur, Nikaraguak egindako eskari baten inguruan: premiazko neurriak eskatu ditu Alemaniaren kontra, herrialde hori Israeli ematen ari zaion babesarengatik. AEB Ameriketako Estatu Batuen ondoren, Alemania da laguntza militarrik handiena ematen dion estatua; 327 milioi euroko balioa izan zuen iazkoak, Al-Jazeera telebista katearen arabera. Carlos Jose Arguello Gomez Nikaraguaren Herbehereetako enbaxadoreak esan du, gaurko saioan, Berlin jakitun zegoela Gazan «genozidioa gertatzeko arriskuez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.