Israelgo armadak laguntza humanitarioa ematen ari ziren zazpi boluntario hil ditu Gazan

World Central Kitchen GKEko boluntarioak ziren hildakoak. Israelgo aire armadarekin mugimenduak «koordinatuta» zeuzkatela salatu du erakundeak, eta laguntza behin-behinean etengo duela adierazi.

World Central Kitchen GKEaren autoa txikituta Israelen erasoengatik, gaur. MOHAMMED SABER / EFE
World Central Kitchen GKEaren autoa txikituta Israelen erasoengatik, gaur. MOHAMMED SABER / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko apirilaren 2a
14:15
Entzun

Gazako gerrak ez du etenik; are gutxiago Israelgo armadaren erasoek. Menia negoziatzen dihardute nazioarteko zenbait eragilek, Hamasek eta Israelek, baina, oraingoz, ezinezkoa izan dute su etena lortzea, eta hildakoak gero eta gehiago dira. Iazko urriaren 7an Gazako gatazka areagotu zenetik han laguntza humanitarioa emateaz arduratzen diren GKE gobernuz kanpoko erakunde bateko nazioarteko lehen boluntarioak hil dituzte bart, aire eraso batean: WCK World Central Kitchen AEBetako erakundeko zazpi boluntario dira hildakoak.

Gaur goizean eman du gertatutakoaren berri GKEak, ohar bidez, eta «izugarrikeria bat» dela salatu du. Deir al-Balako biltegian—zerrendaren erdialdean dago— laguntza humanitarioko ehun tona utzi ostean abiatu ziren zazpi boluntarioak, WCKren irudia zuten bi autotan. Bi auto horiek «gatazkarik gabeko guneetatik» zihoazela eta halere eraso egin zietela azpimarratu du erakundeak oharrean. GKEak Tel Avivi leporatu dio autoen eta laguntza humanitarioen mugimenduak «koordinatuta» eduki arren eraso egin izana. 

Tel Avivek ikerketa bat abiatu duela adierazi du ohar bidez: «Maila gorenetatik hasita, ikerketa sakon bat abiatu dugu zorigaiztoko ekintza hau ulertzeko». Are gehiago, «adituz osatutako ikerketa talde independente eta profesional bat» martxan jarriko dutela jakinarazi du. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk «nahi gabe gertatutako ekintza tragikotzat» jo du. «Gerra garaian gertatzen diren gauzak» direla gaineratu du, eta «berriz ez gertatzeko» lanean ari direla.

GKEko zuzendari nagusi Erin Gorek oharrean adierazi duenez, zazpi boluntario horien aurkako erasoa «ez da soilik WCKren aurka egindako eraso bat, baizik eta [gatazkaren] momenturik latzenean agertu diren erakunde humanitarioen kontrakoa. Janaria arma gisa erabiltzen ari dira. Barkaezina da».

«Erasoa ez da soilik WCKren aurka egindako den eraso bat, baizik eta [gatazkaren] momenturik latzenean agertu diren erakunde humanitarioen kontrakoa».

ERIN GOREWCK-ko zuzendari nagusia

NBE Nazio Batuen Erakundeak duela bi aste ohartarazi zuen gosetea «heltzear» zela Gazara, eta laguntza humanitarioa heldu ezean «zerrendako gainontzeko lurraldeetara» hedatuko zela. Laguntza humanitarioa ematearen erantzule nagusietakoa izan da WCK. Open Arms GKEarekin elkarlanean, Zipretik Gazara doan itsaso bidezko korridore humanitarioa sortu zuen martxoaren 15ean, laguntza humanitarioko 200 tona inguru zerrendara eramateko. Israelgo armadaren erasoak, baina, kolokan jarri du GKE horrek zerrendan egiten duen lana. Izan ere, lan hori «berehala eta behin-behinean» etetea erabaki dutela adierazi dute oharrean. Ez da erasoaren ostean ekintzak bertan behar utzi dituen GKE bakarra. AEBetako Anera GKEak ere laguntza bertan behera uztea erabaki du. Erakundearen zuzendari nagusiaren arabera, bi GKEek batera «astean bi milioi otordu inguru» banatzen dituzte.

Enbaxadorea deitu du Londresek

Australiako, Poloniako, Erresuma Batuko eta AEBetako herritarrak ziren hildako boluntarioetako lau, eta beste hirurak, palestinarrak. Azkar heldu dira erreakzioak herrialde horietatik. 

Erresuma Batuko Gobernuak Israelgo enbaxadoreari dei egin dio, eta hura Atzerri Ministeriora joan da. Bertan, Andrew Mitchellek, Garapenerako eta Afrikarako Estatu idazkariak, Israelgo enbaxadoreari jakinarazi dio Erresuma Batuko Gobernuak «zazpi boluntarioen hilketa ankerra» gaitzesten duela. Gainera, nazioarteko komunitatearekin batera abiatutako ikerketa baten berri ere eman du.

AEBetako Segurtasun Nazionaleko batzordeko bozeramaile Adrienne Watsonek ere deitoratu du gertatutakoa, eta GKEaren aurkako erasoa «oso kezkagarria» dela adierazi: «Laguntza humanitario ezinbestekoa banatzen duten langileak babestu behar dira. Beraz, Israeli eskatzen diogu lehenbailehen ikerketa bat hasteko». Poloniako Atzerri Ministerioak ere Israelen jarrera arbuiatu du, «nazioarteko zuzenbide humanitarioa mespretxatzen» duela argudiatuta. Era berean, Australiako lehen ministro Anthony Albanesek Israeli eskatu dio hildakoengatik «erantzukizun osoa» hartzeko, «su eten iraunkorraren» garrantzia azpimarratzeaz gain. «Australiak gatazka hau amaitzea nahi du».

Hamas talde islamistak gobernatzen du Gazan. Boluntarioak hil izanak Israelek erabiltzen duen «hilketa sistematikoen politika» azaleratzen duela iritzi dio taldeak. «Okupazioak [Israelek] bere horretan eusten dio hilketa sistematikoen politikari, zibil babesgabeen eta laguntza humanitarioa ziurtatzen duten nazioarteko zein Palestinako erakundeen aurkakoari», jakinarazi zuen.

Iranen mendekua

Irango presidente Ebrahim Raisik mendekua iragarri du, errepublika islamiarrak Damaskon duen kontsuletxeari atzo misilekin egindako eraso batean gutxienez zazpi pertsona hil ondoren. Irango Guardia Iraultzaileko kideak dira hildakoak. Gobernuaren webgunean idatzitako mezu batean, Israeli, «erregimen sionistari», egotzi dio bonbardaketa. «Krimen koldar honi erantzungo diogu». Hosein Amir Abdolahian Atzerri ministroak «AEBen erantzukizuna» nabarmendu du X sare sozialean. Eta Iranen aliatu batek, Hezbollah milizia xiitak, Israelek «zigorra» izango duela iragarri du ohar batean.

Israelek jakinarazi du goizaldean Siria bonbardatu duela, argudiatuta handik jaurtitako «aireko objektu susmagarri bat» Israelera bidean zihoala. Armadak X sare sozialean kaleratu duenez, objektu hori Sirian bertan erorarazi dute.

Estatu kide gisa jarduteko eskaria

NBE Nazio Batuen Erakundeko estatu kide izatea eskatuko du Palestinak hil honetan. Hala jakinarazi du erakundean Maltak duen enbaxadore Vanessa Frazierek. Maltak izango du batzordearen buruzagitza apirilean. Oraindik ofizialki eskaria bidali ez dioten arren, Frazierek uste du egun batzuk barru helduko dela. 2012an estatu behatzailearen estatusa lortu zuen Palestinak. Vatikanorekin batera izaera hori duen bakarra da. 

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur iragarri duenez, gainera, Espainiak uztailean aitortuko dio Palestinari estatu izaera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.