Israelgo kolonoek palestinarrei sexu erasoak egiten dizkietela salatu dute

Zisjordaniako Babes Partzuergoak eta Errefuxiatuentzako Norvegiako Partzuergoak eginiko galdeketa bati erantzun dioten palestinarrek adierazi dute hori dela beren bizilekua uzteko arrazoi nagusietako bat.

Israelgo armadako kide bat Palestinako emakume batzuekin eztabaidan, iaz, Zisjordanian. ALAA BADARNEH / EFE
Israelgo armadako kide bat Palestinako emakume batzuekin eztabaidan, iaz, Zisjordanian. ALAA BADARNEH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 21a
15:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zisjordanian desplazatutako familien %70ek baino gehiagok salatu dute Israelgo kolonoek mehatxuak egin dizkietela. Zisjordaniako Babes Partzuergoak Errefuxiatuentzako Norvegiako Partzuergoa GKEarekin elkarlanean egin du Sexu indarkeria eta bortxazko kanporaketak Zisjordanian ikerketa, eta, bertan salatu dutenez, mehatxu horiek konnotazio sexualak dauzkate, eta, kasu gehienetan, emakumeen eta adingabeen aurka egiten dituzte. Galdeketa erantzun duten palestinar askoren arabera, hori izan da beren bizilekua uzteko arrazoi nagusietako bat.

«Sexu indarkeria ez da kasu jakin batzuetan bakarrik izan. Herritarrak bere etxetik botatzeko erabiltzen duten mekanismoetako bat da». Zisjordaniako Babes Partzuergoaren buru Allegra Pachecoren hitzak dira. Hark ikerketan dioenez, emakumeen, gizonen eta adingabeen aurka egindako eraso horiek familiak «hausten» dituzte, eta bertan bizitzen gelditzea galarazten diete. «Bertatik ihes egitea beste aukerarik ez diete uzten, eta hori nazioarteko eskubideen urraketa bat da», zehaztu du.

Ikerketan parte hartu duten palestinarrek kolono israeldarrek egin dizkieten gehiegikeriak salatu dituzte. Ikerketan aipatu dutenez, biluztera behartu dituzte, eta sexuarekin loturiko umiliazioak edota tratu iraingarria jasan dute. Eta, hori guztia, Israelgo estatu indarren aurrean. «Ez dute ezer egiten erasoak geldiarazteko edo legea betearazteko», salatu du txostenean Errefuxiatuentzako Norvegiako Partzuergoak.

Halako egoerak ez gertatzeko, Zisjordanian bizi diren palestinar familiek hainbat neurri hartu behar izaten dituzte, txostenean azaldu dutenez. Esaterako, familia asko banatu egiten dira; emakumeak eta haurrak urrutira bidaltzen dituzte, aurrez aipatutako gehiegikeriak jasateko «arrisku handiagoa» daukatelakoan, eta gizonak etxean gelditzen dira, nahiz eta gehienetan desplazatzera behartzen dituzten. Beste batzuek, berriz, eskolatik atera behar izaten dituzte neskatoak, edo, babeste aldera, goiz ezkonarazten dituzte, kalteak «ahal bezain beste murrizteko» asmoz.

Ikerketan parte hartu dutenen %88k azaldu dute etxebizitza galdu dutela, eta %84k, beren oinarrizko aktiboak. Gainera, erdiak baino gehiago gelditu dira bizirik irauteko baliabiderik gabe, eta haurren ia erdiek eskolara joateko aukera galdu dute. Horrez gain, txostenean salatzen dutenez, neskato askok gaitz psikologikoak jasaten dituzte, eta beldur izaten diete ezegonkortasunari eta indarkeria gehiago jasateari, bizirik irauteko kokaleku berri bat topatu arren.

«Horrela husten dituzte komunitateak: etengabe eraso eginez, familiengan beldurra sustatuz, eta ohiko bizimodua galarazten duen presioa eginez», salatu du Pachecok. Eta, egoeraren larritasuna ikusita, esku hartzeko betebeharra daukatela gogorarazi die nazioarteko gobernuei: «Eskubideen urraketak hain argiak direnean, eta arriskua aurreikusi daitekeenean, nazioarteko zuzenbidearen arabera, estatuek esku hartzeko betebeharra daukate».

Gauza bera egin du Zisjordaniako Babes Partzuergoak. Batetik, nazioarteari eskatu dio egoerari aurre egiteko neurri zehatzak hartzeko, eta erantzuleek epailearen aurrean «kontu eman beharko dutela» bermatzeko. Eta, bestetik, Israeli eskatu dio palestinar komunitateen aurkako biolentzia mota hori eragozteko eta hari erantzuteko.

Flotillak ontzi bat geldiarazi du

Global Sumud Flotillak jakinarazi duenez —Gazara laguntza humanitarioa eramatea du helburu—, Mediterraneoan Shipping Company enpresak kudeatzen duen Maya MSC itsasontzia geldiarazi du azken orduetan. Misioko kideek esan dutenez, itsasontziak «Israelgo gerra hornitzeko lehengaiak» garraiatzen zituen, eta «hornidura militarrerako katea blokeatzea» erabaki dute. Gaineratu dutenez, lehen aldia izan da flotilla zibil batek operazio militarrekin lotutako materialen itsaso bidezko garraiatzea eteten duela.

«Hornidura kate horiek eteteko ahalmena ez da itsasora mugatzen; portu bakoitzean, garabi bakoitzean, kontratu bakoitzean eta lan ekintza guztietan dago», zehaztu du flotillak albistearen berri emateko erabili duen oharrean.

Israelgo armadak sei pertsona hil ditu gaur, gutxienez, Gazako zerrendan egin dituen zenbait erasotan. Horiek kontuan hartuta, jada ia 780 dira urriaren 10ean su etena ezarri zutenetik Israelek hil dituen gazatarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA