Yuli Edelsteinen tokia hartu du Benny Gantzek Parlamentuan. Knesseteko aurreko presidenteak dimisioa eman zuen atzo, Auzitegi Gorenak bere karguari buruzko kontsulta egiteari uko egin ostean. Orotara 74 diputatuk bozkatu dute Gantzen hautagaitzaren alde, tartean Benjamin Netanyahuren Likud alderdiko hainbat. Bozketak indartu egin ditu balizko batasuneko gobernu baten inguruko zurrumurruak.
Israelgo hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Netanyahuk eta Gantzek adostua lukete botere banaketa. Haren arabera, Parlamentuko buru izango litzateke Gantz batasuneko gobernua osatu bitartean. Gobernua adostutakoan, Likudeko diputatu baten esku geratuko litzateke kargua.
Hala, Urdina eta Zuria koalizioko burua Atzerri ministro izatera igaroko litzateke 18 hilabetez. Tarte horretan, Netanyahuk hartuko luke lehen ministroaren kargua, eta, denbora hori igarota, Gantzen esku geratuko litzateke. Horrez gain, gobernuko karguen erdia ere eskuratuko lituzke koalizioak, nahiz eta Likudek baino diputatu gutxiago eskuratu martxo hasieran egin zituzten bozetan.
Bi buruzagiek ez dute orain arte hitzik egin balizko akordioari buruz. Baina legebiltzarreko keinuak sendotu egiten ditu horren inguruko usteak, nahiz eta orain arte Gantzek berak Netanyahurekin koalizio gobernua osatzeko aukera baztertu, azken horren aurkako ustelkeria salaketak direla eta.