Musulmanak ramadana ospatzen ari dira, eta fededun palestinarrak Jerusalemgo Al-Aqsa meskitan, beren otoizlekurik sakratuenean, errezatzen ari ziren gaur goizaldean. Baina Israelgo Polizia han sartu da indarrez, eta 400 bat pertsona atxilotu ditu, Palestinako Wafa berri agentziak kaleratu duenez. Gainera, hamabi pertsona zauritu ditu, Palestinako Ilargi Gorriaren arabera. Izan ere, zenbait hedabidek lekukoen hitzak aipatuz kaleratu dutenez, poliziek negar gasa eta granada itsutzaileak jaurti dituzte, eta borrekin jo dituzte han bildutakoak. Urte hasiera aspaldiko bortitzena izaten ari da Jerusalem ekialdean eta Zisjordanian, eta baliteke Al-Aqsan gertatu denak tentsioa areagotzea.
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mohammad Xtayyehk adierazi du fededunen aurkako «krimen larri bat» dela gertatutakoa, eta ohartarazi «leherketa handi bat» eragin dezakeela. Horregatik, «arduraz» jokatzera deitu du Israelgo Gobernua. Benjamin Netanyahu lehen ministroak azpimarratu du, bestalde, Tel Aviv lanean ari dela «statu quo-a mantentzeko», eta «lasaitasunerako» deia egin du. Eskualdeko beste herrialde arabiar batzuek eta Europako Batzordeak gertatutakoa gaitzetsi dute, baita Arabiar Ligak ere, eta erakunde hori urgentziazko bilera bat egitekoa da.
Israelgo Poliziak esku hartzea justifikatu du, argudiatuz behartuta sartu direla meskitara, «maskaratutako asaldatzaile batzuk» han «gotortu» direlako, suziriekin, makilekin eta harriekin. «Poliziak sartu direnean, asaldatzaile talde batek eraso egin die granadak eta suziriak erabiliz», azaldu du Poliziak, ohar batean. Netanyahuren hitzetan «muturreko musulmanak» ziren meskitan «gotortuta» zeudenak.
#BREAKING: Israeli forces storm Al Aqsa Mosque, use gas bombs, sound grenades and mercilessly beat up Palestinian worshipers. Dozens of Palestinian worshippers got injured after being attacked by Israeli occupation troops.#AlAqsaMosque#Palestine#Israelpic.twitter.com/OZnhMhw0AS
— World Times (@WorldTimesWT) April 4, 2023
Gertaera horren ondoren, Gaza iparraldetik suziriak jaurti dituzte Israelera. Armadak esan duenez, aireko defentsa sistemek bost suziri erorarazi dituzte, eta beste lau jenderik bizi ez den tokietan erori dira. Israelgo armadak Gazako «gune militar bat» bonbardatuz erantzun du. Al-Jazeera telebista katearen arabera, errefuxiatuen kanpaleku bati ere eraso dio Israelek. Tel Avivek Hamas Palestinako antolakunde politiko islamistari egotzi dio erasoaren erantzukizuna. Hamasek du Gazaren kontrola, eta haren buru Ismail Haniyek esan du «inoiz ikusi gabeko krimena» dela Al-Aqsakoa, eta «ondorioak» izango dituela.
Israeli occupation forces assaulted a Palestinian worshipper in Al-Aqsa Mosque during Muslim prayer time.#Palestine#Israel#AlAqsaMosquepic.twitter.com/bu7MdjSkWY
— World Times (@WorldTimesWT) April 4, 2023
Al-Aqsa gatazka iturri bihurtu da azkeneko bi hamarkadetan. Jerusalemgo Hiri Zaharrean dago, Meskiten Zelaigunean, 1967tik Israelek nazioarteko zuzenbidearen kontra okupatuta dauzkan lurretan. Baina judaismoak eremu sakratutzat dauka eremu hura. 1967ko akordioek ezarritako statu quo-aren arabera, musulmanak noiznahi joan daitezke zelaigunera; juduak, ordea, ordu jakin batzuetan, baina ezin dute errezatu. 1967ko itunean jasotakoa aintzat hartuta, Jordaniako Gobernua da musulmanen eta kristauen Jerusalemgo leku sakratuen erabilera gainbegiratzen duena.
Hori bai, han otoitz juduak baimentzea deliberatu zuen Jerusalemgo epaitegi batek 2021eko urrian, aurrekaririk gabeko erabaki bat hartuta. Palestinarren sumina eragin zuen horrek. Kezkatuta daude, gainera, Israelgo eskuin muturrak ez duelako baztertzen Al-Aqsako azpiegitura islamiarra eraistea eta haren ordez tenplu judu bat eraikitzea.
Filtrazio bat
Arabiarrek «elkar hiltzen» dutela, «berez» horrelakoak direla, adierazi zion telefono dei batean Israelgo Poliziaren inspektoreburu Kobi Xabtaik Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirri. Bi buruzagien arteko elkarrizketa hori filtratu diote Keshet 12 telebista kateari, eta transkripzioa kaleratu du, gaur.
Horren arabera, Ben-Gvir ari zen Xabtai konbentzitzeko ahaleginean, babestu dezan sortu nahi duen guardia nazionala, 2.000 bat kidekoa. Xabtai, baina, jendaurrean agertu da horren kontra. «Hilketa bat bestearen atzetik; marra gorri guztiak zeharkatu dituzte», esan zion Gvirrek, transkripzioan irakur daitekeenez. Orduan erantzun zion inspektore uruak arabiarrekin ez dagoela «ezer» egiterik.
Poliziaren bulegoak ohar bat kaleratu du zabaldutako transkripzioaren harira, eta ez du horren edukia ukatu, baina «harrituta» dago, eta egotzi dio ministroari «elkarrizketa pertsonalak grabatzea».
Israelgo hedabideek gaur iradoki dute Ben-Gvir ultraeskuindarraren bulegoak filtratu dituela elkarrizketak. Aintzat hartu behar da Xabtaik duela egun batzuk nabarmendu zuela, gutun batean, «inondik ere» ez dela «beharrezkoa» guardia nazional bat eratzea; are, hori sortzearen ondorioak «ezin okerragoak» liratekeela herrialdearentzat.