Israeli estatu palestinarra aldarrikatuz erantzun behar zaiola dio PANek

Netanyahuk ukatu du Jerusalemen 1.300 etxe gehiago eraikitzeak elkarrizketekin zerikusia duela

Erredakzioa
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Israelgo Gobernuak herenegun jakinarazi zuen Jerusalem ekialdeko kolonietan 1.300 etxebizitza gehiago eraikitzeko erabakia. Proiektuak ezin zuen une okerragoan heldu. Izan ere, Israel eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren arteko elkarrizketak etenda daude irailean juduek koloniak handitzeko lanei ekin zietenetik. Palestinarren iritziz, Tel Avivek behin baino gehiagotan erakutsi du bakea lortzea ez duela bere lehentasunen artean. Hori dela eta, Saeb Erekat PANeko Negoziazio ministroak nabarmendu zuen atzo, Israelen asmoei erantzuteko modu bakarra estatu palestinarra aldarrikatzea dela.

Ez da lehen aldia buruzagi palestinarrek halako ahalegin bat egiten dutena. 1988an PANeko orduko presidente Jasser Arafatek ere estatu palestinarra aldarrikatu zuen, baina nazioarteak entzungor egin zion. Orain antzeko asmoak ditu Mahmud Abbas presidenteak. NBEra joan nahi du aldarrikapena egitera, baina aurretik Washingtonen babesa nahi du, ahalegina ezerezean gera ez dadin.

Nazioartearen gaitzespena

Nazioarteak aspaldian eskatu zion Israeli kolonien eraikuntzak blokeatzeko, bake elkarrizketak amaitu artean. Hark, ordea, behin eta berriz entzungor egiten die eskakizun horiei. Ondorioz, Tel Aviven azken iragarpen honek nazioarteko buruzagien haserrea eragin du. Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisario Catherine Ashtonek, esaterako, proiektua bertan behera uzteko exijitu dio Benjamin Netanyahu lehen ministroari.

AEBetako presidente eta israeldarren aliatu Barack Obamak ere ez du begi onez ikusi egitasmoa, eta ohartarazi du ez diola batere laguntzen bake prozesuari. Bihar AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonekin biltzekoa den Netanyahuren iritziz, ordea, kolonien eraikuntzak ez du zerikusirik elkarrizketekin. «Azken 40 urtean Israelgo gobernuek alde guztietan eraiki dute, eta horrek ez ditu bake akordioak zapuztu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.