Adierazpen askatasuna

Istiluak eta Poliziaren oldarraldiak, Haselen atxiloketa arbuiatzeko mobilizazioetan

06:30ean sartu dira mossoak Lleidako Unibertsitatera rap kantaria atxilotzera. Dozenaka lagun bildu dira Haselen inguruan, haren atxiloketa oztopatzeko, baina poliziek bi ordu ingururen ostean lortu dute helburua. Iluntzean, protesta jendetsuak egin dituzte Valentzian eta Bartzelonan.

Dozenaka lagun, Bartzelonako kontzentrazioan. TONI ALBIR / EFE
Paulo Ostolaza - Amagoia Gurrutxaga Uranga
2021eko otsailaren 16a
08:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Ehunka protestari atera dira kalera Valentzian eta Bartzelonan adierazpen askatasunaren aldeko mezuekin, elkartasuna adierazteko Pablo Hasel rap kantariari. Askatasunik gabe, demokraziarik ez mezua jarri dute Valentziako kontzentrazioko pankarta nagusian. 19:00etarako beteta zeuden hiri nagusietako plazak. Handik gutxira hasi dira istiluak. Poliziak kargatu egin du, protestariek barrikadak egin dituzte eta tentsioa areagotu egin da ordu batzuetan. 20:30ean, su emandako kontainerren ke beltza hedatu da Bartzelonako Diagonalaren gainean, eta mossoek gimazko pilotak jaurti dizkiete manifestariei Gironan (Katalunia).

Donostiako Bulebarrean eta Iruñeko Gazteluko plazan ere mobilizatu dira dozenaka herritar. Adierazpen askatasunari eta desobedientziari babesa adierazi diete Donostian, eta amnistiaren aldeko aldarriak zabaldu dituzte Iruñean.

Goizean atxilotu dute. 06:30 aldera sartu dira Lleidako (Herrialde Katalanak) Unibertsitatean istiluen aurkako mossoen hogei agente inguru. Pablo Hasel rap kantaria atxilotzea zuten helburu, eta bi ordu geroago lortu dute. Atxilotu dutenean, amnistiaren eta borrokaren aldeko oihuak bota ditu Haselek: «Estatu faxista honek ez gaitu inoiz geldituko!». Goizean goizetik, dozenaka lagun bildu dira haren inguruan atxiloketa oztopatzeko, unibertsitateko hirugarren solairuan.

[youtube]https://youtu.be/LnwGOu4xAn4[/youtube]

Auzitegi Nazionalak bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, sei urteko inhabilitazioa eta ia 30.000 euroko zigorra ezarri zizkion Haseli, baina hark argi utzi zuen ez zuela bere burua entregatuko; Poliziak atxiki eta atxilotu nahi badu errektoretzako «ateak birrindu» beharko dituela adierazi zuen atzo Twitterren.

Eraikinera sartu eta ordubetera hasi da Polizia han bildutakoak banan-banan ateratzen. Aurretik, Haselen defendatzaileek su itzalgailuak hustu dituzte, mossoei ikusmena oztopatu eta lana zailtzeko. Kanpoan beste ehun lagun inguru bildu dira Haselen alde protestan, baina Poliziak indar erakustaldia egin nahi izan du: 30 furgoneta inguru daude Lleidako Unibertsitatearen kanpoaldean. Hasel atzotik zegoen unibertsitatean, eta behin kanpoan, oihuka jarraitu du Poliziaren autoan sartu duten arte: «Amnistia osoa! Heriotza estatu faxistari!».

Atzo gauean idatzi zuenez, imajinatzen zuen mossoak gaur gauean sartuko zirela unibertsitatera, haren arabera, «okupazio hau bilakatu den bozgorailua geldiarazteko». Atxilotua izan aurretik azken mezu bat helarazi nahi izan zuen: «Dei egin nahi dut beldurrari aurre egin eta horrenbeste inposiziori kasurik ez egitera. Hori egiten ez badugu, aurrera jarraituko dute, eta ez ditu inork geldiaraziko».

Ez zuen hor amaitu rap kantariak: «Ezin diegu utzi zer sentitu, zer esan eta zer egin behar dugun agintzen». Azaldu zuen Kataluniatik ez zuela alde egin mobilizatzeko eta antolatzeko mezua zabaltzen lagundu nahi zuelako: «Euren politika kriminalak kontatzea eragotzi nahi dute, langile klaseak kontzientzia hartzea eta borrokatzea. Ez dute lortuko!».

Azken asteetan, Haselen aldeko hainbat egitasmo jarri dira abian, eta kultur arloko ehunka lagunek musikaria aske geratzeko eskatu dute, baita Zigor Kodetik adierazpen askatasuna mugatzen duten delituak kentzeko ere. 

Erreakzioak

Gaur bertan ere erreakzio andana eragin du Haselen atxiloketak, eta elkartasun eta salaketa mezuak idatzi dituzte kultur munduko hainbat lagunek sare sozialetan. Euskal Herritik, besteak beste, Liher taldeak elkartasuna adierazi dio kantariari, eta adierazpen askatasunaren alde egin du.

Kulturaren mundutik kanpoko eragileek ere egin dute bat rap kantariarekin. Amnesty International erakundearen Espainiako ordezkaritzak, adibidez, «erabateko sumindura» adierazi du Haselen atxiloketagatik, eta salatu du ez dela bidezkoa, «adierazpen askatasunaren erabilerarekin estu lotuta» dagoelako bera espetxean sartzea. «Ez gara geldituko adierazpen artistikoa mugatzen duten Zigor Kodeko delituak bertan behera utzi arte. Halako auzirik ezin dira berriro gertatu».

Kalean protesta egitera ere deitu dute hainbat lekutan; Kataluniako udalerri askotan egin dituzte elkarretaratzeko deialdiak, baita Euskal Herrian ere; Donostian eta Iruñean, esaterako.

Politikaren arlotik ere iritsi da arbuiorik. Espainiako Kongresuko zenbait taldek mozal legea bertan behera uzteko eskatu dute atxiloketaren ondotik. EAJko diputatu Aitor Esteban, Mas Paiseko Iñigo Errejon eta Compromiseko Joan Baldovi mintzatu dira ildo horretan. EH Bilduko Arabako Biltzar Nagusietako bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok, berriz, elkartasun eta salaketa mezua idatzi du sare sozialetan, eta Haselen askapena aldarrikatu du Espainiako Kongresuan ERCko diputatu Gabriel Rufianek ere. Espainiako Gobernuko kide den Podemos alderdiko kontu ofizialak ere arbuiatu du atxiloketa. 

Txioak delitu

Egin duen musikaz gain (Juan Carlos el Bobon abestia), sare sozialetan esandakoak ere erabili ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak Pablo Haselen aurka. 2014 eta 2016 bitarteko txio zenbait ageri dira, esaterako, haren aurkako auzian,  «terrorismoaren gorazarre» eta «Koroari eta Estatu erakundeei irain» egin izana leporatzeko.  

2014ko Twitterreko mezu hauek nabarmendu dituzte, besteak beste, musikariaren aurka: «50 polizia zaurituta? Mertzenario zikin hauek, egurra partitzen ari diren bitartean mingainari kosk egin, eta zaurituta daudela diote»; «Pertsona asko gaur monarkia faxistaren amaiera eskatzera irten direla ezkutatu nahi dute, eta kazetariei ere kolpeka ari dira»; «Polizia Nazi-onala kameren aurrean ere jendea torturatzen»; «Polizia bat hiltzen duzula? Harripeetan ere bilatzen zaituzte. Poliziak hiltzen duela? Ikerketa txukunik ere ez dute egiten»; «Bi urte Poliziak Iñigo Cabacas erail zuela, eta inor ez da kondenatua izan horregatik».

«Errege mafioso zikina, jauregi batetik lezioak ematen», txiokatu zuen Haselek 2015eko Eguberrietan, Espainiako orduko erregearen eguberriko mezuari buruz. «Estatu terrorismoaren aurka, auzo antolatua», idatzi zuen handik egun gutxira.

2016ko urtarrilaren 20an, berriz, goseak hil hurrean utzitako Yemengo haur baten argazkiaren ondoan, hau idatzi zuen Haselek Twitterren: «Saudi Arabiaren erruz, Yemengo haurrek honela sufritzen dute. borboitar mafiosoen lagun demokraten kontuak». Urte berean txiokatu zuen, besteak beste: «Francorekin jendea atxilotzen zuten poliziak, gaur egun Auzitegi Nazi-onaleko epaile gisa atxilotzen dutenak»; «Joseba Arregi, Poliziak tortura bidez eraila»; «Espetxeak esterminio etxeak dira»; «Estatu torturatzaileak esterminatua izan eta bi urtera, haren hitzak gogoan [espetxean hil zen Isabel Aparicio grapokideari buruz]»; «Polizia zikinek diote: 'zu zaintzeko gaude'; zeuk ordainduta zu etxetik botatzera  datozenean». Guztiak —eta gehiago— bihurtu dituzte Hasel zigortzeko argudio, mozal legea eskuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.