munDUA

Istripuan hildako gizonezko baten diru txartela erabili zuen guardia zibil batek

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Pontevedrako Epaitegiaren epaia. Ezbeharraren atestatua egitera joandakoan kendu zion txartela hildakoari, eta 69 aldiz erabili zuen.

2009ko abenduaren 30a
16:55
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak gaur ateratako epaiaren arabera, A.F.P. guardia zibilak trafiko istripuan hil zen gizon baten diru txartela hartu eta erabili egin zuen; 69 aldiz erabili zuen, hain zuzen. Lanpostu horretan aritzeko debekua berretsi du Gorenak.

2002ko urriaren 11n izan zen istripua, gauez, Galizian. Porriñoko kuartelean zegoen orduan guardia zibil hura, eta ezbeharraren atestatua egitera joan zen, beste bi kiderekin. Biok une batez autotik aldendu zirenean hartu zuen hildakoaren diru txartela, Gorenak dioenez, eta egun batzuetara hasi zen erabiltzen: erosketetan, autobidea ordaintzeko guneetan, gasolindegietan... Sinadura eskatzen ziotenean, hildako gizonezko haren izenean izenpetzen zuen. 1.323 euro xahutu zituen denera.

Pontevedrako Epaitegiak (Galizia) urtebete eta sei hilabeteko kartzela zigorra jarri zion 2006ko ekainean, eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak lanpostua erretiratu zion. Guardia zibilak Gorenean helegitea sartu zuen. Haren arrazoia: "Depresioa" zeukala. Auzitegi Gorenak ere bere aurka egin du, aipatutako zigorrak berretsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.