Txinako Wuhan hirian zabaltzen hasi zen koronabirusak zazpi lagun hil ditu Italia iparraldean. Gaur baieztatu dituzte azken kasuak; gehienak adinekoak dira, aurretik ere gaixorik zeudenak. Iragan ostiraletik hona, 229 kutsatu baino gehiago baieztatu dituzte Mediterraneoko herrialde horretako agintariek.
Egoera hori ikusirik, hamar bat herri bakartu zituzten herenegun —50.000 lagun inguru—, eta Veneziako inauteriak bertan behera utzi behar izan dituzte; Milanen eta Turinen, eskolak, museoak eta tabernak itxi behar izan dituzte. Veneto, Lombardia, Piemonte eta Emilia-Romagna probintzietan atzeman dituzte kasu ia guztiak.
Italiako Gobernuak oraindik ez du aurkitu zein den kutsaduren iturria, baina Lombardiako Lodira eta Venetoko Vo'Euganeora mugatu dute; denera 3.000 analisi egin dituzte, eta gobernuak oraingoz ez du mugak ixteko asmorik. Hain justu, hori da Europako Batzordeak atzo agertu zuen kezka: estatu kideen Osasun ministroak elkartu egin ziren duela hamar egun, Bruselan, eta adostu zuten aireportu batzuetan kontrolak ezartzea. Horrek, ordea, ez du eragotzi koronabirusak herrialdeetako mugak pasatzea.
Schengengo Itunaren arabera, estatu kideek kontrolak ezar ditzakete berriz beren mugetan, «berehalako mehatxu bat »baldin badute —aldebakarreko erabakia izan daiteke—. Janez Lenarcic Europako Batasunaren Krisien Kudeaketako komisarioak gaur estatu kideei eskatu die euren artean koordinatzeko eta «proportziozko neurriak» hartzeko.
Iranen, azken bi asteetan gutxienez 50 lagun hil dira koronabirusagatik, denak erdialdeko Qom hirian, ILNA berri agentziak jakinarazi duenez; 250 herritar berrogeialdian daude.
Xi Jinpingen kezka
Txinako Alderdi Komunistak atzo egindako batzarrean, Xi Jinping herrialde horretako presidentea kezkatuta agertu zen koronabirusaren garapenagatik: «Koronabirusa azkarren hedatzen dena da, kutsatu gehien dituena, eta aurreikusteko eta kontrolatzeko zailena izan dena».
Agintariaren arabera, herrialdeak 1949tik izan duen osasun krisirik «larriena» da. Atzo arte, Txinako agintariek 2.592 hildakoren berri eman dute; kutsatuak 77.150 dira.