Italiako Gobernuak iragarri du ikastetxe eta unibertsitate guztiak itxiko dituztela martxoaren 15era arte. Joan den astelehenetik indarrean dago neurri hori Emilia-Romagnako, Venetoko eta Lombardiako hezkuntza zentroetan, lurralde horietan atzeman baitituzte koronabirus kasu gehien.
Lucia Azzolina Hezkuntza ministroak eta Giuseppe Conte lehen ministroak eman dute neurriaren berri, koronabirusa geratzeko asmoz gobernuak sortutako batzorde zientifikoak esandakoari jarraituz.
Eskolak eta unibertsitateak itxieraz gain, beste hainbat neurri eztabaidatu dituzte Giuseppe Conte buru izan duen Ministro Kontseiluan. Koronabirusa gehiago ez hedatzea dute helburu, dagoeneko 3.089 kutsatu –276 sendatu dituzte– eta 107 hildako dauden lurralde horretan. Bertan landutako neurrietako batzuk dira, AdnKronos agentziaren arabera, «manifestazio guztiak debekatzea», baita aire zabalean egitekoak diren bestelako gertaera publikoak eta pribatuak ere –zinea eta antzerkia ere bai–, ez badute ziurtatzen pertsonen artean gutxienez metro bateko distantzia egotea. Era berean, gobernua pentsatzen ari da edozein motatako kirol ekintzak eta lehiaketak bertan behera uztea, ateak itxita egiten ez badira behintzat. Gimnasioetako, kiroldegietako eta igerilekuetako ekintzak bere horretan mantentzea espero dute, betiere birusa ez zabaltzeko neurriak hartzen badituzte.
Herritarrentzako gomendioak ere eman ditu gobernuak, AdnKronos agentziak esan duenez. Helduei eta gaixotasun kronikoak dituztenei eskatu diete «beharrezkoa denean soilik irteteko» eta jende asko dagoen lekuak saihesteko. Orokorragoak dira gainerako italiarrentzako aholkuak. Eskuak ondo garbitzeko eta eztula egiterakoan ahoa tapatzeko eskatu diete, baita beste pertsonekin gutxienez metro bateko distantzia mantentzeko eta eskua eta besarkadak ez emateko ere.
Bere burua bakartuta
Stefano Patuanelli Italiako Garapen Ekonomikoko ministroak bere burua bakartzea erabaki du koronabirusarengatik, nahiz eta orain arteko analisiek adierazi duten ez dagoela kutsatuta. Izan ere, otsailaren 25ean Lombardiako kontseilari Alessandro Mattinzolirekin elkartu zen, eta hark positibo eman du, AdnKronos agentziaren arabera. Horrez gain, Sergio Mattarella presidenteak atzeratu egin du hilaren 10etik 12ra Mozambikera egitekoa zuen bidaia.